
Azken eguneratzea: 2012/05/09
Euskaraz egindako ikerketak bultzatzeko asmoz, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Euskaltzaindiak Euskarazko Tesien Koldo Mitxelena Sarien hirugarren edizioaren deia egin dute. Sari hauek bi urterik behin ematen dira eta hautagaitzak ekainaren 15era arte aurkeztu ahal izango dira UPV/EHUren erregistro orokorreko edozein bulegotan.
Deialdi honetara, UPV/EHUn 2010ko uztailaren 16tik 2012ko ekainaren 15era bitartean euskaraz idatzi eta defendaturiko doktorego-tesiak aurkeztu ahal izango dira. Europar Tesi edo Nazioarteko Tesi gisa aurkezturiko tesiak ere onartuko dira, erabilitako hizkuntzetako bat euskara izan bada.
Bost jakintza-arlo nagusietan (zientzia-esperimentalak; ikasketa teknikoak; osasun zientziak; gizarte zientziak eta zientzia juridikoak; eta giza zientziak) saridun bana esleituko da, eta irabazleek oroigarria, diploma eta 2.000 euro jasoko dituzte.
Epaimahaiak ez du tesiaren edukia epaituko, tesian erabili den euskararen kalitatea baizik, eta, behar izanez gero, tesiak komunitate zientifikoan lortutako eragina. Horretarako, batez ere idazkuntza-moldea eta terminologian eginiko ekarpenak hartuko dira kontuan.
Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitate-mailako ekoizpen zientifiko gehiena Euskal Herriko Unibertsitateak sortzen du. Ekoizpen horren adierazle nagusienetariko bat UPV/EHUn urtero aurkezten diren 300etik gora doktorego tesiak dira. Tesi horien artean bi dozenatik gora dira euskaraz idatziak, bai erabat euskaraz idatzita daudelako edota, nazioarteko doktorego tesiei buruzko araudiaren barnean, testuaren zati esanguratsu bat euskaraz dagoelako.
Euskarazko tesi horien ekarpena bikoitza da. Alde batetik, beste hizkuntzetan eginiko gainontzeko tesiek bezalaxe, jakintzaren sakontzea eta zabaltzea ahalbidetzen dute. Eta, beste alde batetik, euskararen normalizazioaren prozesuan ere ezinbesteko laguntzak eskaintzen dituzte.
Informazio gehiago: http://www.euskara-errektoreordetza.ehu.es