
Azken eguneratzea: 2012/05/04
Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko Makina-Erreminta gelako hiru ikasle izan dira finalista, espainiar atalari dagokion Euspen Challenge 2012an, Europako Prezisio eta Nanoteknologia Ingeniaritza Elkarteak (Euspen) eta sektoreko enpresa nagusiek antolatuta, arlo honetan Europan dauden talenturik onenak identifikatu asmoz.
Tekniker-IK4 eta UPV/EHUk antolatuta, Espainiako finalistek, uztailean Eindhoven-en izango den nazioarte mailako finalean parte hartuko dute. Roberto Polvorosa, Rubén Otero eta Lander Valle dira hauek. Norgehiagoka gogorra izan da, prezisio mundua menperatzen dutela erakutsi behar izan diotelako epaimahaiari estatu mailako finalera heldu diren hiru ikasle finalistek.
Euspenek sustatutako lehiaketa honen helburua, Prezisio eta Nanoteknologia Ingeniaritzan Europan dauden ikaslerik onenak identifikatzea da, arlo honetan etorkizunean lider europarrak izateko aukera dutelarik.
Gogora ekarri, 2010ean Eskolako hiru ikaslek, espainiar atala irabazi ostean, hauetako bat, Unai Alonso Pinillos, orduan Makina-erreminta Gelako ikaslea eta orain UPV/EHUko irakaslea, izan zela europar mailako irabazleetako bat.
Europako Prezisio eta Nanoteknologia Ingeniaritza Elkarteak (EUSPEN), mundu osotik barreiatutako 30 herrialdetako enpresariak, ikerlariak eta erakundeak artikulatu eta kontaktuan jartzen dituen sare eraginkorra eta nazioarteko erakundea da. 1999tik Britainia Handian kokaturik, bere helburua enpresa eta ikerketa institutoen artean kolaborazioa sustatzea da, garapen teknologiko ezberdinak bultzatzeko.