
Azken eguneratzea: 2012/05/03
Astelehena, maiatzak 14, 13.00etan, DIPC-ko mintegien aretoan, Federico Mayor Zaragoza Bake Kulturaren Fundazioko lehendakaria eta UNESCOko zuzendari nagusi ohiak 'Dare to Know and Know How to Dare' (Jakitera ausartzea eta ausartzen jakitea) izeneko hitzaldia eskainiko du. Hau ingelesez izango da.
Sarrera irekia da lekuak bete arte. Aretoak 70 bat leku ditu.
Hitzaldian Federico Mayor Zaragozak zenbait idei aztertuko ditu, besteak beste: batetik, errealitatea zehatz-mehatz ezagutzea ezinbestekoa da errealitate hori sakonetik aldatu ahal izateko. Bestetik, Zientzialarien komunitateak berebiziko zeregina bete behar du datorkigun aroari begira. Ezin dute izan axolagabeko lekuko, dituzten gaitasunetan aholkulari baizik eta, batez ere, kaltegarri edo atzeraezin izan daitezkeen gertaerei aurrea hartzeko gai. Eta azkenik, Historian, benetako demokraziara egindako inflexioak, maila pertsonal, nazional eta nazioartekoan, etorkizuna asmatzera behartzen gaitu. Etorkizuna egiteko gaude oraindik.
Federico Mayor Zaragoza Bartzelonan jaio zen, 1934an. Doktoretza lortu zuen Farmazian, Madrilgo Complutense Unibertsitatean (1958); 1963an, Biokimikako katedradun izan zen Granadako Unibertsitateko Farmazia Fakultatean, eta 1968an, erakunde horretako errektore izendatu zuten. Katedradun izendatu zuten ere bai Madrilgo Unibertsitate Autonomoan, 1973an.
1974an, beste kide batzuekin batera, Madrilgo Unibertsitate Autonomoa eta Zientzia Ikerlanetarako Goi Kontseiluko Severo Ochoa Biologia Molekularreko Zentroa eratu zuen. Erantzukizun politikoen artean, hauek izan dira bete izan dituen karguak: Espainiako Gobernuko Hezkuntza eta Zientzia Idazkariordea (1974-1975), Espainiako Gobernurako Diputatua (1977-78), Gobernuko Lehendakariaren Aholkularia (1977-78), Hezkuntza eta Zientzia Ministroa (1981-82) eta Europako Parlamenturako Diputatua (1987).
UNESCOren Zuzendari Nagusiaren Ondokoa (1978-81) eta erakunde horretako Zuzendari Nagusia 12 urtez (1987-1999). Gaur egun, Ramón Areces Fundazioaren Zientzia Kontseiluko lehendakaria da, baita Bake Kulturarako Fundazioarena ere (2000-).
Bestalde, kargu hauek bete izan ditu: European Research Council Expert Group (ERCEG) taldeko lehendakaria (2002); Zibilizazioen Aliantzarako Goi Mailako Taldearen lehendakari kidea (2005); Initiative for Science in Europe (ISE) erakundearen lehendakaria (2007); Inter Press Service (IPS) erakundeko berrien lehendakaria (2008); Heriotza Zigorraren aurkako Nazioarteko Batzordearen lehendakaria (2010), eta Sierra Nevadako Naturguneko Partaidetza Kontseiluaren lehendakaria (2011).
Mundu osoko hainbat akademia eta erakundetako kide eta hainbat unibertsitatetan Honoris Causa doktore izendatua. Kaleratu izan dituen argitalpen zientifiko ugariez gain, sei poema-bilduma eta saiakera liburuak argitaratu ditu.