Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea

Azken eguneratzea: 2012/04/30

Energiaren ekoizpena nola erregulatzen den garunean argitu dute
Mitokondrioan orain arte ezagutzen ez zen errezeptore baten irudia, ikerketan parte hartzen duten UPV/EHUko neurozientzialariek lortutakoa, Nature Neuroscience argitalpeneko azalean jaso dute, apirileko alean

Cannabinoide endogenoak garun jarduerak sortutako molekulak dira, eta haien eginkizuna neuronen jarduera erregulatzea da. Endocannabinoide horiek cannabisaren estraktuekin, izenaz gain, eragina ere partekatzen dute; izan ere, garunean, errezeptore berberetan jarduten dute, eta neuronen arteko komunikazioa modulatzen dute. Nagore Puente eta Pedro Grandes doktoreek, UPV/EHUko Medikuntza eta Odontologia Fakultateko neurozientzialariek, ekarpen erabakigarria egin dute ezagutza zientifiko honetan are gehiago sakontzen duen ikerketa honetan.  Ikerketa horrek garuneko cannabinoide-errezeptore nagusia identifikatzea lortu du, CB1, mitokondria neuronalean; leku horretan hori egotea ezinezkotzat jotzen zen. Ez hori bakarrik. Ikerketak, horrez gain, azaldu du CB1ek funtsezko zeregina daukala jarduera mitokondrial nagusiaren erregulazioan: energia-ekoizpenaren erregulazioan. Aurkikuntza oso garrantzitsua izan da, eta, horregatik, CB1ek mitokondrian daukan kokapenaren irudi bat, UPV/EHUko ikertzaileek mikroskopia elektroniko bidez hartutakoa, Nature Neuroscience izeneko aldizkariaren apirileko zenbakiaren azalerako hautatu dute. Zenbaki horretan, Mitochondrial CB1 receptors regulate neuronal energy metabolism* artikulua argitaratzen da.     "Oso pozik eta harro egoteko arrazoia da gure ultramikroargazkietako bat Nature Neuroscience aldizkariaren azalean ikustea", esan du Grandes doktoreak. 

Giovanni Marsicano doktorea (Neurocentre Magendie, Bordeleko Unibertsitatea) buru izan duen ikerketa hau ezustean sortu zen duela 4 urte, Pedro Grandes-ek zuzendutako laborategian ikusi zenean CB1 errezeptorearen markatzailea sistematikoki agertzen zela garun-ehuneko mitokondrietan.     "Ameriketako Estatu Batuetan egin zen biltzar batean Marsicano doktoreak eta nik korridorean izan genuen elkarrizketa bat izan zen hasiera.  Zientzian, batzuetan, horrela sortzen dira ideiak", esan du UPV/EHUko neurozientzialariak. Hasieran uste zen CB1en markatzea mitokondrietan faltsua zela. UPV/EHUko ikertzaileek hori benetan existitzen zela baieztatu ahal izan zuten, egiaztatu zutenean mitokondrietako CB1 markatzailea ez zela agertzen CB1 errezeptorerik ez zuten sagu mutanteen garun-ehunean. Ikerketa urrunago joan zen, talde frantsesak egiaztatu zuelako mitokondrietako CB1 errezeptoreak funtzionalak zirela. Izan ere, tetrahidrocannabinol-en bidez (THC), hau da, cannabisaren substantzia psikoaktibo nagusiaren bidez, CB1 aktibatzen zenean, jarduera mitokondriala jaitsi egiten zen, eta, beraz, baita energia-ekoizpena ere.

Giza garunak, gorputzaren guztizko pisuaren % 2a bakarrik izan arren, organismoak ekoitzitako energiaren % 20a kontsumitzen du. Garuneko energia hori mitokondriak hornitzen du, eta, horrez gain, mitokondria funtsezkoa da neuronek jarduteko eta bizirauteko. Beraz, mitokondriak txarto funtzionatzen badu, garuneko ondorioak larriak izan daitezke. Ildo horretan, dauden ebidentziek adierazten dute disfuntzio mitokondrialak eragina daukala gaixotasun neurologikoen patogenian eta zahartzearen ondoriozko trastornoetan; neuroendekapenezko gaixotasunak edota iktusa izan daitezke.

Ikerketak azaldu du mitokondriako CB1 errezeptoreek zuzenean modulatzen dutela neuronen metabolismo energetikoa, errezeptore horien beste ekintza-mekanismo bat ezagutzera emanez garun-seinaleztapenean. "Mitokondriaren biologia zelular eta molekularraren ezagutzan eginiko honelako aurrerapenei esker, beste ikuspegi batzuk garatzen ari dira trastorno neurologikoak prebenitu eta tratatzeko", nabarmendu du Grandes doktoreak.

 

* Mitochondrial CB1 receptors regulate neuronal energy metabolism (Nature Neuroscience, 15, 558-564(2012); doi:10.1038/nn.3053). Giovanni Bénard, Federico Massa, Nagore Puente, Joana Lourenço, Luigi Bellocchio, Edgar Soria-Gómez, Isabel Matias,  Anna Delamarre, Mathilde Metna-Laurent, Astrid Cannich, Etienne Hebert-Chatelain, Christophe Mulle, Silvia Ortega-Gutiérrez, Mar Martín-Fontecha, Matthias Klugmann, Stephan Guggenhuber, Beat Lutz, Jürg Gertsch, Francis Chaouloff, María Luz López-Rodríguez,  Pedro Grandes, Rodrigue Rossignol & Giovanni Marsicano.

http://www.nature.com/neuro/index.html

 

 

UPV/EHUko KOMUNIKAZIO BULEGOAk
editatutako informazioa