Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea

Azken eguneratzea: 2012/04/23

Zinema eta gastronomia jardunaldiak antolatu dituzte lektoreek UPV/EHUri ematen dioten kultura- eta hizkuntza-aberastasuna erakusteko
Topaketari esker, Gasteiz irakasle-lektoreen jaioterrien errealitatera gerturatu da, eta horretarako kultura anitzetako jardueren egitarau zabala antolatu dute

Astelehenean, apirilaren 23an, Gasteizko UPV/EHUko Letren Fakultatean "Zinema Jardunaldi Kulturaniztunak: Mundu bat, begirada anitz" jardunaldiak inauguratu dituzte; ekimena UPV/EHUko Letren Fakultateko irakasleek eta lektoreek antolatu dute.

Inaugurazio-ekitaldian izan dira, besteak beste, Letren Fakultateko dekano Iñaki Bazán, UPV/EHUko Arabako Campuseko Unibertsitate Hedakuntzako zuzendari Kepa Sojo, edota Un Mundo Muchas Miradas-Mundu Bat-Begirada Anitz aldizkariko zuzendaria Fernando García Murga. Hain zuzen ere, argitalpen horren 3. alea inaugurazio-ekitaldian bertan aurkeztu dute, eta horrez gain, bildutakoei aldizkariaren aleak banatu dizkiete. Izan ere, UPV/EHUko irakasle-lektoreek aldizkaria editatzen parte hartzen dute, UPV/EHUri ematen dioten kultura- eta hizkuntza-aberastasuna erakusteko xedez. Bidenabar, argitalpenak agerian jartzen du irakasle talde horrek irakasteko eta ikertzeko duen indarraren balioa, baita UPV/EHUko Letren Fakultatean ordezkatuta dauden herrialdeen gizarteei eta kulturei buruz egiten dituzten ikerketa- eta dibulgazio-lanak ere.

Jardunaldiak apirilaren 23an hasi eta hilaren 26an bukatuko dira; tarte horretan, makina bat lekutako zinemaz eta gastronomiaz gozatzeko aukera eskaini du egitasmoak, hain zuzen ere bertan ordezkatutako lektoreen jaioterrietakoak: besteak beste, herrialde arabiarrak, Errusia, Alemania, Katalunia, Frantzia, Galizia, Grezia, Italia edota Japonia. Horrez gain, aurreko edizioetan bezala, zinema-saio bakoitza bukatutakoan emanaldian ordezkatutako herrialdeetako produktu gastronomikoak dastatzeko abagunea eskaini zaie bertaratutakoei. 

Aurten, proiekzioez gain, jardunaldiek eduki gehigarriak eskaini nahi izan dituzte, jardueren eskaintza osatzeko. Hala, jardunaldiekin batera zenbait hitzaldi antolatu dituzte, esaterako Elsayed Ibrahim Soheim Egiptoko enbaxadako Kultura arduradunak emandakoa "Principio y fin: una novela de Naguib Mahfouz y una película de salah abu seif" izenburupean, edota David Rubín animazioko filmen egile eta komikigileak emandakoa "O cómic e o cine de animación visto por un dos seus protagonistas" izenburuarekin. Halaber, "La passione tra cinema e traduzione" izeneko hitzaldian, ikasleek Passione filmaren azpititulu-lana aurkeztuko dute, eta Lucia Barbato italierako irakasle-lektorearekin batera filmaren azpitituluak egiterakoan egindako lana aztertu eta azalduko dute. Bukatzeko, Letren Fakultateko filologietako eta Itzulpengintza eta Interpretazioko ikasleek filmen azpitituluen eta bikoizketaren gainean agertutako interes bereziari erantzuna emateko, jardunaldien antolatzaileek azpititulu tailer bat antolatu dute; Tanya Gupta Granadako Unibertsitateko Itzulpengintza eta Interpretazio saileko irakasleak emango du. Tailerra Campuseko ikasleentzat jarri dute martxan, eta hiru orduko bi lansaio egingo dituzte fakultateko Hizkuntzen Behatokian.

Letren Fakultateko jardunaldien barruan antolatu dituzten ekintzetara sartzea doakoa izango da, tokiak bete arte.

UPV/EHUko irakasle-lektoreak
UPV/EHUra iristen diren irakasle-lektoreen taldea oro har UPV/EHUko Letren Fakultatean biltzen da, Gasteizen. Herrialde eta unibertsitate desberdinetako irakasle horiek atzerriko hizkuntzetako jatorrizko hiztunak dira, eta hori da, hain zuzen ere, haien ezaugarri nagusia; horren haritik, iraupen mugatuko egonaldiak egiten dituzte UPV/EHUn. Programa horren bidez, atzerriko hizkuntzetako jatorrizko hiztun horiek, irakasle diren aldetik, dagozkien jaioterrien hizkuntza eta kulturen irakaskuntza hobetzen laguntzen dute.  Horrez gain, egonaldiei esker nazioarteko eta kultura anitzeko dimentsioak dituzten edukiak helarazten dizkiete ikasleei.
Horren trukean, lektoreek aberastasun profesionala eta pertsonala jasotzen dute esperientzia honekin; izan ere, euskal kulturaren eta gizartearen berezitasunak bertatik bertara ezagutzeko aukera eskaintzen die programak, baita UPV/EHUn baliatutako hezkuntza sistema ere. Bukatzeko, nabarmendu behar da irakasle horiek EAEk eta UPV/EHUk lektoreen jaioterrietako tokiekin eta unibertsitateekin dituzten kultura- eta hezkuntza-loturak sendotzen laguntzen dutela.

Argazki oina 1: Jardunaldien aurkezpeneko momentu bat

Argazki oina 2: UPV/EHUko lektore gehienak Letren Fakultateko kanpokaldean
 

ZINEMAREN PROGRAMAZIOA

ASTELEHENA 23
16.00. ALEMANIAKO LEKTORETZA: NEUKÖLLN UNLIMITED (2010). Dir. Agostino Imondi y Dietmar Ratsch.
18.00 KATALUNIAKO LEKTORETZA: PA NEGRE (2011). Dir. Agustí Villaronga

ASTEARTEA 24
11.00 ARABEKO LEKTORETZA: PRINCIPIO Y FIN (1960). Dir. Salah Abu Seif.
15.45 ITALIAKO LEKTORETZA: PASSIONE, 2010. Dir John Turturro .
18.00 ERRUSIAR LEKTORETZA: MOROZKO (1964).Dir. Alexandr Rou

OSTEGUNA 26
11.00  JAPONIAR LEKTORETZA: HULA GIRLS (2006) Dir. Lee Sang-il.
16.00  FRANTSES LEKTORETZA: QU'UN SEUL TIENNE ET LES AUTRES SUIVRONT (2010). Dir. Léa Fehner
18.00  GALIZIAR LEKTORETZA:
 - RADIOGRAFÍA DUN AUTOR DE TEBEOS (2011). Dir. Marcos Nine.
 - CAN CAR ODISSEY (2011). Dir.David Rubín.

DASTAKETAK

ASTELEHENA 23
20.00 JANARI-EDARI ALEMAN ETA ETA KATALANEN DASTAKETA

ASTEARTEA 24
13.30 JANARI-EDARI ARABIARREN DASTAKETA
20.00 JANARI-EDARI ITALIARREN ETA ERRUSIARREN DASTAKETA

OSTEGUNA 26
13.00 JANARI-EDARI JAPONIARREN DASTAKETA
20.00 JANARI-EDARI FRANTSES ETA GALIZIARREN DASTAKETA

 

 
 
 
 
 
 
Información editada por
OFICINA DE COMUNICACIÓN de la UPV/EHU