
Azken eguneratzea: 2012/04/20
Hezkuntza, Kultura eta Kiroletako ministro José Ignacio Wert jaunak egindako adierazpenak, eta neurri berrien inguruan Unibertsitate Politikarako Konferentzia Orokorrak egindako iragarpena kontuan hartuta, Euskal Herriko Unibertsitateak ondokoa adierazi nahi du:
Neurri horiei buruzko iritzi oinarritua emateko, bertatik bertara ezagutu nahi ditugu Espainiako gobernuak iragarritako neurriak, eta Euskal Autonomia Erkidegoan zer eragin izango duten jakin. Hala ere, dagoeneko adierazi nahi dugu egoera kezkagarria iruditzen zaigula.
Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Batzarrak (CRUE), hilaren 18an, adierazi zuen unibertsitateak araubide egonkorra behar duela, eta herrialdearen ahalmen eta premiekin bat datorren finantziazioa. UPV/EHUk bat egiten du, erabat, printzipio horiekin, eta, era berean, bere egiten du gizarteari zerbitzua emateko bokazioa, sistema herriaren premietara egokitzeko lanean arituz, batez ere, krisi garai honetan.
UPV/EHUko errektoreak, Iñaki Goirizelaia jaunak, behin baino gehiagotan adierazi du, hezkuntza, zalantzarik gabe, epe luzerako inbertsioa dela, ezinbestekoa kulturan, bizikidetzan eta ongizatean oinarritutako etorkizuna bermatzeko. Hezkuntza garestia baldin bada, jakin ere ez dugu nahi, ezta behar ere, zein garestia den ezjakintasuna. Horrela, bada, errektoreak azpimarratu nahi du zein garrantzitsua den euskal unibertsitate publikoaren zeregina arlo horretan eta egun duen kalitate maila bermatu beharra.
Leioa, 2012ko apirilaren 20a