Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea

Azken eguneratzea: 2012/02/23

Azterketa batek koloneko eta ondesteko minbizia antzemateko test ez inbasiboen arrakasta ziurtatu du
Zortzi autonomia-erkidegotako ikerlariek parte hartu dute, horien artean, Donostia Ospitaleko Aparatu Digestiboko Zerbitzuko kidea eta irakaslea den Luis Bujanda Fernández de Piérola doktorearen lan-taldea

20 pertsonatatik batek koloneko edo ondesteko minbizia izango du bere bizitzan. Albiste ona honako hau da: minbizi mota hori bada goiz, hau da, pertsonak sintomarik nabaritu baino lehen, diagnostika daitekeen minbizi gutxietako bat. Izan ere, garaiz antzemango balitz, kasuen % 90 sendatu ahalko lirateke. Nazioarteko komunitate zientifikoak koloneko eta ondesteko minbizia goiz antzemateko edo aldizka aztertzeko onartzen dituen ereduak bi dira, nagusiki: gorozkietako ezkutuko odolaren proba (Europako eredua) eta kolonaren barnealdeko azterketa zuzena, kolonoskopiaren bidezkoa (Ameriketako eredua). Bi metodoak eraginkorrak dira, minbizia zein horren aitzineko lesioak (adenomak, "polipo" izenarekin ezagunagoak direnak) antzemateko, eta, beraz, minbizia agertzea eragozteko eta/edo fase aurreratuan egonda diagnostikoa hartzen duten pertsonen kopurua murrizteko. Horrela, pertsona horien biziraupena hobetu egiten da. Hala ere, unera arte inoiz ez dira zuzenean erkatu koloneko minbiziaren aurkako borrokan metodo bat ala bestea erabiltzeko alde onak eta txarrak, eta bereziki arriskupeko pertsonek, hau da, 50 eta 69 urte bitarteko gizonek eta emakumeek, metodo horiei buruz duten onarpen-maila. Horregatik, Gastroenterologiako Espainiako Elkarteak (AEG) populazioa oinarri hartzen zuen azterlana egitea sustatu zuen 2008an, minbizi horrek Espainian eragiten duen heriotza-tasaren gainean bi estrategiek duten eragina ebaluatzeko.

Alde horretatik, The New England Journal of Medicine  aldizkari zientifikoak munduan lehenengo aldiz argitaratu ditu bi estrategien arteko konparazio azterlanaren emaitzak. Azterlan horretan herritarren partaidetza eta estrategia horiek koloneko eta ondesteko minbizi lesioak antzemateko duten eragina ebaluatzen dira. Zortzi autonomia-erkidegotako (Aragoi, Kanariak, Katalunia, Galizia, Madril, Murtzia, Euskal Autonomia Erkidegoa -Donostia Ospitaleko Aparatu Digestiboko Zerbitzuko kidea eta UPV/EHUko irakaslea den Luis Bujanda Fernández de Piérola doktoreak zuzendutako taldea-, eta Valentzia) 60.000 pertsonak lau urtean parte hartu dute Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak, Madrilgo Carlos III Osasun Institutuaren bidez, eta Minbiziaren aurkako Espainiako Elkarteak (aecc), Madrilgo eta Bartzelonako Probintzia Batzordeen bidez, batera finantzatu duten proiektuan. Laneko buruak Bartzelonako Clínic Ospitaleko Aparatu Digestiboko Gaixotasunen Institutuko zuzendaria eta Bartzelonako Koloneko eta Ondesteko Minbizia Goiz Antzemateko  Programako koordinatzailea den Antoni Castells doktorea eta Kanarietako Unibertsitateko Ospitale Guneko (Tenerife) Aparatu Digestiboko Zerbitzuko burua den Enrique Quintero doktorea izan dira.

Diseinu pragmatiko baten bidez, azterlaneko partaide guztiei goiz antzemateko bi probetako bat esleitzen zitzaien ausaz, zein den ondoen onartzen dena eta etekin hobea ematen duena baloratzeko asmoz. Horren ondoren, ikerketak ondokoa ondorioztatu du: partaidetza handiagoa izan da gorozkietako ezkutuko odolaren proban (% 34) kolonoskopian (% 25) baino. Gainera, 1.600 pertsonak kolonoskopiaren (10 urtean behin egin behar den azterketa) ordez, gorozkietako ezkutuko odola antzemateko testa (proba ez inbasiboa, 2 urtean behin egiten dena) egiteko eskatu zuten. Eta are garrantzitsuagoa dena: bi metodoren bidez antzemandako minbizien kopurua berdina izan zen, gehienak garatzen hasiak zirela. Amaitzeko, sortu ziren arazoak oso gutxi izan ziren bi taldeetan, nahiz eta are gutxiago izan ziren gorozkietako ezkutuko odolaren proba egin zutenen artean.

"Gorozkietako ezkutuko odola antzemateko egungo metodoak hain dira sentikorrak, non kolonoskopiaren bidez aurkituko genituzkeen minbiziak eta aitzineko lesioen -adenoma polipoak-- erdi bat baino gehiago antzeman daitezkeen -adenoma polipoak- proba bakar batean" adierazi du Quintero doktoreak.

"Gure azterlanaren azken helburua bi probek gaixoen biziraupenean duten onura ezagutzea da, baina onura hori 10 urteren buruan ezagutu ahal izango dugu benetan, azterlana amaitzen denean, alegia" esan du Castells doktoreak.

Koloneko eta ondesteko minbizia aldizka aztertzeko edo goiz antzemateko programak: Espainiako mapa
Espainian koloneko eta ondesteko minbizia minbizi ohikoenen zerrendako hirugarrena da gizonen artean -biriketako eta prostatako minbizien ondoren- eta bigarrena emakumeen artean, bularreko minbiziaren ondoren. Bi sexuak kontuan hartuz gero urtean 28.000 kasu berri inguru daude; gauzak horrela, koloneko eta ondesteko minbizia minbizi mota arruntena da gure herrialdean. Kasu gehienak 65 eta 75 urte bitartean diagnostikatzen dira eta horietatik gehienak 70 urterekin, nahiz eta 35 eta 40 urte bitartekoen artean ere kasuak dauden. Adin goiztiarretan agertzen diren kasuek aurrejoera genetikoa izan ohi dute.

Kataluniak, Valentziak, Murtziak, Kanariek, Euskal Autonomia Erkidegoak, Kantabriak, Extremadurak, Gaztela eta Leonek eta Errioxak erreferentziazko biztanleei zuzendutako aldizka aztertzeko programak dituzte, koloneko eta ondesteko kolona goiz antzemateko. Programak badakar gorozkietako odola, lehen begiratuan ikusi ezin dena, antzematen duen proba egitea, baita haien aurrekari familiarren eta pertsonalen arabera minbizi hori izateko arrisku handia duten pertsonei banakako arreta ematea ere.

Koloneko eta ondesteko minbizia goiz antzemateak duen garrantzia
Aldizka aztertzeko programen helburu nagusia koloneko minbizia goiz antzematea edo, are hobea dena, hori agertzea saihestea eta, horrela, horretatik ondorioztatzen den heriotza-tasa murriztea da. Garaiz antzematen bada, oso erraza da tratamendua ematea, eta sendatzeko aukerak oso handiak dira. Tumore horrek ez ohi du inolako minik sortu, gaixotasuna oso aurreratuta egon arte. Hori dela eta, oso garrantzitsua da sintomarik gabeko pertsonengan prebentzio probak egitea. Gainera, gomendagarria da ohitura osasungarriak izatea, adibidez, alkohol eta tabako gehiegi ez hartzea, ariketa fisikoa egitea eta dieta orekatuari eustea.
Minbiziaren aurrekari pertsonalik edo familiarrik ez duten 50 eta 69 urte bitarteko emakumeen eta gizonen artean goiz diagnostikatzeko, gorozkien lagin txikia hartu, eta hori aztertu egingo da, lehen begiratuan ikusi ezin den odola dagoen jakiteko.

Probak emaitza negatiboa izateak adierazi nahi du aukera gutxi daudela koloneko minbizia izateko, baina emaitza ez da zehatza % 100ean. Horregatik, proba bi urtean behin egitea eta, mina izanez gero, medikuarengana joatea gomendatzen da. Baina, odol aztarnak aurkitu badira, emaitza positiboa izango da. Gehienetan odola egoteak ez dakar minbizia izatea; normalean lesio onberen (adibidez, polipoak) ondorioz sortzen da. Kasu horietan gomendioa hestearen barnealdeko azterketa egitea da kolonoskopiaren bidez; hori sedazioaz egiten da, eta arazoak sortzeko arrisku gutxi ditu.

Historia familiarraren eta/edo pertsonalaren arabera koloneko minbizia izateko arrisku handia duten pertsonentzat kolonoskopia aldizka egitea estrategia egokiena izan ohi da. Hala ere, noizean behin analisi genetikoak egin behar dira, haien arriskua eta haien senideena zorrotzago ebaluatzeko.

UPV/EHUko KOMUNIKAZIO BULEGOAk
editatutako informazioa