Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea

Azken eguneratzea: 2012/02/23

Gobernu Kontseiluak UPV/EHUren 2012ko aurrekontu-proiektua onartu du
432,96 milioi eurokoa izango da, iazkoa baino zertxobait txikiagoa.

UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak 2012ko ekitaldirako aurrekontu-proiektua onartu du gaur, otsailak 23, egindako bileran. Aurrekontu-proiektua 432,96 milioi eurokoa da, 2011. urteko aurrekontua baino % 2,78 txikiagoa. Bozketaren emaitzari dagokionez, errektorego-taldeak aurkeztutako proposamenaren aldeko 20 boto, aurkako 6 boto eta 4 abstentzio egon dira.

Euskal unibertsitatearen aurrekontua murriztearen arrazoiak Eusko Jaurlaritzak onartutako aurrekontuetan unibertsitateari diru gutxiago esleitzea (331 milioi; hortaz, 6 milioi euro gutxiago) eta inbertsioetan 6 milioi euroko murrizketa egitea izan dira. Aurreko Urte Anitzeko Inbertsio Planean (2005-2010) aurreikusita zeuden azken lanak amaitzeak ekarri du murriztapen hori, baita gaur egungo plana gauzatzeko epeak luzatzeak ere, gauzatze-epea 2015etik 2017ra luzatzea aurreikusi baita.

Hots, aurrekontu-murrizketa 12 milioi eurokoa da guztira, baina azken sei milioi horiek gauzatze-epea luzatzeari dagozkiola aintzat hartuta, benetako murrizketa 6 milioi eurokoa da. Zehatz-mehatz, honako partida hauek murriztu dira: erretiro-sariak (hiru milioi euro), irakasle eta ikertzaileentzako ordainsari osagarriak (milioi bat euro) eta gastu arrunten ekarpena (bi milioi euro).

Partidei dagokienez, aurrekontuaren aurreproiektuan 276,75 milioi euro esleitu zaizkio I. kapituluari (Pertsonala); kopuru hori zenbateko osoaren % 64 da. II. kapituluari (Gastu arrunta) 100 milioi euro esleitu zaizkio; alegia, zenbateko osoaren % 23,09.  Halaber, 50,1 milioi esleitu zaizkio VI. kapituluari (Inbertsioak); hau da, zenbateko osoaren % 11,6. Gainerako % 1,5a partida txikietarako erabiliko da (finantza-gastuak; gastu arrunterako transferentziak eta diru-laguntzak, edo finantza-aktiboen eta -pasiboen bariazioa). 

Diru-sarreren atalean, kopuru handiagoa aurreikusi da berezko baliabideetan. Era berean, unibertsitateak ikerketa-deialdi lehiakorretan parte hartuz lortutako baliabide kopurua handitu da. Gaur egungo egoera ekonomikoa dela-eta ustez murriztuko diren kanpo-kontratuen hein berean egin da hori.

Aurrekontua zertxobait txikiagoa izan arren, zenbait partida berri sartu, eta partidetako batzuk indartu dira; betiere, zientzia- eta ikerketa-jarduera mantentzeko eta enplegu publikoa defendatzeko apustua egiteko irizpidea erabilita. Partida berrien edo indartutako partiden artean, honako hauek nabarmen daitezke: Master eta Doktoregoko Eskolarako hornidura (ikerketa indartzeko unibertsitatean sortutako zentro berria); Administrazio eta Zerbitzuetako Pertsonalaren zein irakasle eta ikertzaileen prestakuntzarako hornidura; ikasleentzako arretarako berrikuntza-proiektu berri bat, eta UPV/EHUk gizarte-erantzukizunen arloarekin daukan konpromisoa indartzera bideratutako hainbat ekimen (arrisku psikosozialen prebentzioa, EHUgune eztabaida-foroa, aldezlea, etab.).

Gobernu Kontseiluan onartu ondoren, aurrekontuaren dokumentuak, aurreproiektuak, proiektu maila hartuko du, eta Gizarte Kontseiluari bidaliko zaio. Gizarte Kontseiluak aztertu egingo du, ziur asko martxoan egingo duen bileran.

Errektorearen iritziz, UPV/EHUren 2012ko aurrekontu-proiektua onartzea norabide onean urrats bat egitea da, bereziki zaila den testuinguru ekonomiko batean: "Kudeaketa zehatza, zorrotza eta gardena egin dugu. Badirudi ahaztu egin zaigula duela zenbait urte gure unibertsitateak 35 milioi euro baino gehiagoko defizita eta zalantzazko etorkizuna zeuzkala. Gaur egun, ordea, kontuak onbideratuta ditugu, eta gastuen eta diru-sarreren arteko aurrekontu-gauzatze doitua daukagu. Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak hartu dituzten neurriek lotetsi egiten gaituzte, nahitaez bete beharrekoak baitira nahiz aurrekontua murriztean gure lehentasunezko aukerak zein diren erabakitzera behartzen baikaituzte. Eta gure unibertsitate-proiektuaren oinarria publikoaren kalitatea, prestakuntza, ikasteko eskubidea, ikerketa eta enplegua sortzea sustatzen duen langile-politika defendatzea da".

UPV/EHUko KOMUNIKAZIO BULEGOAk
editatutako informazioa