
Azken eguneratzea: 2012/02/21
medicusmundi gipuzkoa GGKEk 'Sexualitatea, generoa eta giza-eskubideak' izeneko ikastaroa antolatu du, UPV/EHU eta Peruko Manuela Ramos Mugimenduaren laguntzarekin. Ikastaroan dinamika ezberdinak eta bideo-forumak erabiliko dira sexualitateak eta generoak pertsonen garapenerako duen garrantzia ezagutu eta ikertzeko. Horretarako, egungo sistemaren analisia hartuko da abiapuntu gisa, beti ere emakumearen ugalketa eta sexu eskubideak azpimarratuz.
Ikastaroa martxoaren 8a eta 29aren artean gauzatuko da Ignacio Maria Barriola Zentroan eta doakoa izango da. Unibertsitate komunitate osoarentzat irekia dago, nahiz eta ikasleriarentzat bereziki izan; Izan ere, parte hartzaileetako batek udan, Perun, bi hilabeteko egonaldi baterako diru laguntza jasoko duela. Praktika hauek Manuela Ramos Mugimenduarekin burutuko dira, izan ere, 30 urte baino gehiago baitira medicusmundi gipuzkoarekin Sexu eta Ugalketa Eskubideen alde elkarlanean ari dela.
Ikastaroaren egiturak bi atal izango ditu: bata sexualitateari eta generoari buruzko lantegia izango da eta bestea, berriz, generoaren kezka mundu osoko problematika gisa ikertuko duen tartea izango da. Astearte eta ostegunetan banatutako zazpi jardunalditan burutuko da ikastaroa eta bertan hainbat film ikusi eta aztertuko ditugu, hala nola, "Las mamás muertas no lloran", ama-hilkortasunari buruzkoa; "Voces" non sexu esplotazioa eztabaidatzen den; "India's missing girls" aukeratze-abortuari eta haur hilketei buruzkoa; eta "Nagore". Azken honek indarkeria matxista du hizpide eta Nagore Laffage-ren hilketaren testuinguruan garatzen da.
Egingo diren aurkezpenetan medicusmundi gipuzkoako kideez gain, Médicos del Mundo, Lunes Lilas edo Biko Arloak bezalako erakundeak mintzatuko dira.
Argibideak eta izena-ematea (martxoaren 5a arte):
Gipuzkoako Campuseko Kultur eta Kirol Bulegoa: 943 018507 / esther.erro@ehu.es
medicusmundi gipuzkoa: 943 404740 / educ.gipuzkoa@medicusmundi.es.