
Azken eguneratzea: 2012/02/09
Otsailaren 9tik aurrera, UPV/EHUk P3 euspen biologikoko segurtasuneko zelulen hazkuntzen laborategi bat du bere instalazioen artean, Arabako Campusean. Laborategi hau ezaugarri horiek dituen lehenengoa da UPV/EHU bezalako goi mailako erakunde akademiko batean, orain arte horren antzeko beste bat besterik ez baitzegoen EAE osoan, enpresa baten barne erabilerarako.
UPV/EHUren P3 laborategi berria, Gasteizko Lucio Lascaray Ikerkuntza eta Ikasketa Aurreratuen Zentroan (IIAZ) dagoena, UPV/EHUren Ikerkuntzarako Zerbitzu Orokorren (SGIker) baitan kokatzen da. Instalazio eta baliabide material desberdinak dituzten zerbitzu horiek goi mailako teknikari kualifikatuek kudeatzen dituzte eta lagungarriak dira komunitate akademikoan zein parke teknologiko eta ikerketa zentroetan egiten den ikerkuntzarako (Etika Batzordeak egiten diren lanak ikuskatzen ditu aurrez).
Laborategiak ikerketa biomedikoko ildo berriei bide egingo die, laginen eraldaketa zelularra eta zelulak oso tenperatura hotzetan izoztea ahalbidetuko baitu, bideragarritasun galerak saihesteko eta biltegiratutako material biologikoaren trazabilitate zehatza bermatzeko.
Inaugurazioan izan dira Arabako Campuseko errektoreorde Eugenio Ruiz Urrestarazu eta UPV/EHUko Ikerketako errektoreorde Miguel Angel Gutierrez. Horiez gain, ekitaldian izan dira beste erakunde batzuetako arduradunak ere: Arabako Foru Aldunditik, Luis Viana, Sustapen Ekonomikoko diputua eta Javier de Andrés, diputatu nagusia; Gasteizko Udaletik, Manuel Uriarte, Ogasun eta Funtzio Publikoaren zinegotzia; eta Eusko Jaurlaritzatik, Begoña Ochoa, Zientzia Politikako zuzendaria.
Azpiegitura hau hala eskatzen duen komunitate zientifiko orok erabili ahal izango du III. mailako arrisku biologikoko agente patogenoekin infektatutako edo eraldatutako material biologikoarekin lan egin beharra dakarten azterketak beharrezko dituzten ikerketak gauzatzeko. Instalazioen lehenengo erabiltzaileetako bat UPV/EHUko DNA Bankua unitatea izango da, lagin biologikoekin beharrezko baldintzetan lan egin ahal izan dezan, eta, horrela, biztanleriaren zahartzearen inguruan lantzen ari den ikerketa ildoetako bat osa dezan.
Laborategiaren funtzioak eta segurtasun baldintzak
P3 instalazio bat euspen biologikoko esparru bat da. Bertan, arriskutsuak izan daitezkeen eta III. kutsadura mailan sailkatzen diren agente biologikoak manipulatzen dira; hau da, airetik hedatzen diren mikroorganismo infekziosoak (adibidez, Mycobacterium tuberculosis), baita honako hauek ere: genetikoki eraldatutako mikroorganismoak, zelulen hazkuntzak eta giza endoparasitoak. Agente hauek edozein eratako infekzio, alergia edo toxikotasunak eragin ditzakete, baina horiek badute sendabide medikorik eta biztanleentzat arrisku ertainekoak dira.
Definizioz, 3. mailako patogeno bat II. mailako segurtasun biologikoko kabina baten barruan manipulatu behar da; hau da, patogenoa barreiatzea (nagusiki airez) saihesteko euspen maila egokia eskaintzen duen kabina baten barruan. Horrenbestez, P3 euspen biologikoko instalazioak horretarako euspen maila du, baina laborategi baten tamaina du, agente biologikoak ez ezik, ikertzaileak ere biltzen baititu. Hori dela eta, airez barreiatzearen aurkako euspen barrerez gain, instalazio horrek efluenteei eusteko sistema bat eta aldagelak ere izan behar ditu, baita ezabatzeko material biologikoa eta instalaziotik atera eta beste instalazio batzuetan gorde edo erabili beharrekoak diren lagin biologikoak kudeatzeko sistema bat ere.
Laborategiaren ezaugarriak
UPV/EHUko P3 laborategiak eraikineko lehenengo solairuko 140 m2 hartzen ditu, baita eraikinaren estalkiko klimatizagailuen instalazioa eta sotoko efluente digestorea ere. Oro har, honela banatuta dago: gune tekniko bat (instalazioko elementu mekaniko guztiak biltzen dituena: klimatizagailuak, erauzte iragazkiak, lurrun sorgailuak, digestorea, eta abar); sailkatutako gune bat (lan guztia egiten den lekua, eta, beraz, gauzatu beharreko proiektuen hasierako beharrei erantzuteko prestatutakoa: erabiltzaile kopurua, material fluxua, esterilizazio guneak, eta abar); eta truke sistemak (autoklabeak, SAS biologikoak eta materialen SAS, material eta lagin biologikoak euspen esparrutik ateratzea ahalbidetzen dutenak).
Aurretiko jardunaldi teknikoa
Inaugurazioa baino lehen, honelako instalazioei buruzko jardunaldi tekniko bat egin da Lucio Lascaray Ikerkuntza Zentroan. Arrisku biologikoen euspen laborategiei buruzko informazioa emateko eta aurkezpen bat egiteko balio izan du, eta bertan izan dira, besteak beste, biosegurtasunean adituak, DNA Banku Nazionala eta Neiker (enpresa honek ere badu honelako laborategi bat, eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren Euskampus proiektuan parte hartzen du).
UPV/EHUko Ikerkuntzarako Zerbitzu Orokorrak (SGIker)
UPV/EHUko Ikerkuntzarako Zerbitzu Orokorrak (SGIker) lagungarri dira Unibertsitatean gauzatzen den ikerkuntzarako, eta, horrez gain, zerbitzua ematen diete beren ikerkuntzak gauzatzeko baliabide tekniko eta giza baliabide aurreratuak behar dituzten beste administrazio eta enpresa batzuei. Zerbitzu hauen azpiegiturari esker, ikerketa arloko eta garapen teknologikoko arazo askori erantzuten zaie, ekipamendu modernoa eta goi mailako teknologia erabiliz.


