
Azken eguneratzea: 2012/02/08
American Chemical Society ospetsuak kaleratzen duen Chemical Biology aldizkari zientifikoaren otsaileko alean, Ana Belén Rodríguez-Urra eta Unai Ugalde Kimika Fakultateko ikerlariak airearen presentzia antzemateko elkarlanean aritzen diren Aspergillus nidulans onddoaren bi konposatu kimikoren berri ematen dute; Carlos Jiménez, María Isabel Nieto eta Jaime Rodríguez, A Coruña Unibertsitateko ikertzaileekin, eta Hideo Hayashi, Osaka Unibertsitateko ikertzailearekin, elkarlanean.
Egunero erabiltzen diren produktu kimiko gehienak (garbigarri, medikamentu edota kosmetikoak, esaterako) helburu zehatz bat betetzen duten konposatu-nahasteak dira. Aipatu formulazioak teknologia kimikoaren emaitza izaten dira gehienetan baina, naturak ere eskaintzen ditu horrelako adibide deigarriak sarri.
"Gure hozkailuetan- dio Unai Ugalde irakasleak- sarri ikusi ahal izango genuen bezala, onddoek barazki eta fruituak barrutik kolonizatzen dituzte, eta airearen presentzia nabaritzean, orlegi edo marroi koloreko esporak sortzen dituzte. Fruitu edo barazkiaren barrualdeko ingurune urtsutik gainazalera irtete hori da onddoak hazten jarraitu edo esporak ekoizten hasteko erabakiaren giltza. Horretarako, deshidroaustinol izeneko molekula bat isurtzen du ingurunera. Konposatu hau diluitu egiten da ingurune urtsuan baina, kontzentratu fruta edo barazkiaren azalean. Mekanismo honek ez duenez inguruko gasarekin harremanik, onddoek berdin produzitu ditzakete esporak, esaterako, Roquefort gazta zati baten azalean edo bertan harrapaturik dagoen burbuila batean".
Molekula honek badu, ordea, eragozpen bat. "Beste hainbat konposatu bezala, kristalak osatzen ditu hezetasun txikiko ingurune batean pilatzean. Honek, aireratu diren zeluletako errezeptoreek molekula detektatzea eragozten du. Hau gerta ez dadin, onddoak diorcinol izeneko bigarren molekula bat ere ekoizten du zeinak, deshidroaustinol molekula adierazlearekin batera, kristalak sortu baino, emultsio (entsalada bat prestatzean olio eta ozpinaren antzekoa) egiten duena. Era honetan, zelulek airearen seinalea modu fidagarri batean antzeman dezakete", Ana Belén Rodríguez-Urra ikertzailearen esanetan.

Chemical & Engineering News-ek berria kaleratu du. Lotura: http://cen.acs.org/articles/90/web/2012/02/Chemical-Double-Act-Triggers-Spreading.html