Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea

Azken eguneratzea: 2011/12/22

UPV/EHUk graduen eskaintza berritu du ingeniaritzetan
Berrikuntzak Gobernu Kontseiluaren onespen zabala izan du
 

Ikasturte honetan egin den beste berrikuntza bat osatzera dator; hots, bi gradu berriren ezarpena: Energia Berriztagarrien Ingeniaritza, eta Prozesuen eta Produktuen Berrikuntzaren Industria Ingeniaritza

Hiru ikastegitan eskaintzen ziren graduetatik hiru ikastegi batean edo bitan eskainiko dira orain

UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak, Bizkaia Aretoan gaur egin duen bilkuran, 2012-2013 ikasturterako ingeniaritzako graduen eskaintza berritzea erabaki du, gehiengo zabalarekin.

Berregituratze hau ikasturte honetan izan diren berrikuntzei gehitu behar zaie. Alde batetik, Energia Berriztagarrien Ingeniaritza gradua hasi da eskaintzen Eibarko Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolan; bestetik, ingeniaritza-gradu berri bat onartu da duela gutxi, urriko kontseiluan -Prozesuen eta Produktuen Berrikuntzaren Ingeniaritza-, eta datorren ikasturtetik aurrera eskainiko da Elgoibarko Makina Erremintaren Institutuko Txandakako Ingeniaritzaren Eskola (ikastegi atxiki berria). Hori horrela, UPV/EHUk gradu gehiago izango ditu ingeniaritzen arloan, nahiz eta aldaketak egingo diren orain arte eskaintzen ziren graduetatik hirutan (Kudeaketarako Informatika eta Informazio Sistemetako Ingeniaritza; Ingeniaritza Elektrikoa; eta Industria Ingeniaritza Kimikoa). Hala, bateratu egingo dira orain arte Bilbon, Donostian eta Gasteizen eskaintzen ziren gradu horiek; era honetan: Ingeniaritza Elektrikoa Bilbon eta Donostian irakatsiko da; Industria Ingeniaritza Kimikoa, Gasteizen; eta Kudeaketarako Informatika eta Informazio Sistemak, Bilbon eta Gasteizen.

UPV/EHUko ingeniaritzako lau unibertsitate-eskolak (ikastegi atxikiarekin batera), antolakuntza berri honen bitartez, bost gradu eskaintzetik zazpi gradu eskaintzera igaroko dira; aldiz, Donostiako Informatika Fakultateak titulu bakarra eskainiko du: Informatika Ingeniaritza.

Gobernu Kontseiluak orain onartu duen proposamen hau egiteko, errektorego-taldea honako premisa hauetan oinarritu da aipatutako aldaketak egiteko: a) Titulu guztiak mantentzea, eskaera apala izan arren ikastegi guztietan; b) Ez eskaintzea hiru campusetan eskaera nahikorik ez duten tituluak; c) Elebitasuna ziurtatzea titulu guztietan; d) Kontuan hartzea campusen beharrak, lurraldeen arteko orekari begira.

Iñaki Goirizelaia errektoreak abenduaren 15eko Klaustroko saioan bere txostenean adierazi zuenez (gaur ere ideia bera errepikatu nahi izan du), ekimen honen bidez, indartu egin nahi da UPV/EHUk ingeniaritzako ikasketen arloan duen lidergoa, gradu-eskaintza orekatu, iraunkor eta erakargarriago bat egiteko. 

Gaur egindako azalpenean, beste funtsezko irizpide bat aipatu du: "Kontuan hartzea lurralde bakoitzeko industria-egituraren beharrak.Berrikuntza hau gogoeta sakon baten emaitza da, eta helburutzat du arlo honetan dugun lidergoa sendotzea eta arreta handiagoz erreparatzea lurralde bakoitzeko testuinguru ekonomikoari. Iraunkortasun-irizpideak hartu ditugu kontuan, eta ez aurrezte- edo murrizketa-irizpideak. Gure lehentasuna izan da, eta, aurrerantzean ere hala izango da, eskaintza nahiz prestazioaren kalitatea optimizatzea".

 

2012-13 ikasturtean Ingeniaritzaren arloan eskaintza berrantolatu edo gradu berriak eskainiko dituzten ikastegiak

Gasteizko Ingeniaritzako Unibertsitate Eskola

  • Geomatikaren eta Topografiaren Ingeniaritzako Gradua
  • Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritzako Gradua
  • Industria Kimikaren Ingeniaritzako Gradua
  • Ingeniaritza Mekanikoko Gradua
  • Kudeaketaren eta Informazio Sistemen Informatikaren Ingeniaritzako Gradua

Donostiako Unibertsitate Eskola Politeknikoa

  • Eraikuntza Ingeniaritzako Gradua (aldatzear dagoen izena)
  • Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritzako Gradua
  • Ingeniaritza Elektrikoko Gradua
  • Ingeniaritza Mekanikoko Gradua
  • Ingeniaritza Zibileko Gradua

Eibarko Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskola

  • Energia Berriztagarrien Ingeniaritzako Gradua  

Informatika Fakultatea

  • Informatikaren Ingeniaritzako Gradua

Txandakako Ingeniaritzaren Eskola (ikastegi atxikia)

  • Prozesu eta Produktu Berrikuntzaren Ingeniaritza

Bilboko Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskola

  • Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritzako Gradua
  • Ingeniaritza Elektrikoko Gradua
  • Ingeniaritza Mekanikoko Gradua
  • Kudeaketaren eta Informazio Sistemen Informatikaren Ingeniaritzako Gradua

 

Master eta Doktorego Eskola

Bestetik, Gobernu Kontseiluak bide eman dio adostasunez Master eta Doktorego Eskola sortzeari. Eskola honen oinarrizko eginkizuna izango da doktoregoko ikasketak eta jarduerak antolatzea, jakintzaren adar batean edo gehiagotan, edota diziplinartekotasunaren ikuspegitik.

UPV/EHUko Master eta Doktorego Eskolak, hortaz, master eta doktoregoko titulu ofizial guztiak planifikatu, koordinatu eta kudeatuko ditu, eskuduntza profesionalak dituztenak izan ezik (azken hauek dagozkien graduko ikastegietatik kudeatuko dira). Eskola honek, gainera, Euskampus proiektuaren helburuak sendotuko ditu, "Graduondoko eta Doktoregoko Nazioarteko Eskola" bat sortzea aurreikusten zuen proiektua, hain zuzen.

Eskolaren prestakuntza-jardueretan, graduondoko eta doktorego-programetan jada gertatzen den moduan, hainbat zentro eta erakundetako aditu eta ikertzaileek parte hartuko lukete: Donostia International Physics Center, Tecnalia Corporación Tecnológica, BERC (oinarrizko ikerketarako bikaintasun-zentroak) eta IKG (ikerketa kooperatiboko guneak).

Doktoregoko ikasketak funtsezkoak dira ezagutzan oinarritzen den gizarte batean, eta asko indartu dira azkenaldian Europako Goi Mailako Hezkuntza Esparruari esker. Zehazki, UPV/EHUk doktorego-programen eskaintza zabala du, 71 programa egiaztaturekin. Hezkuntza Ministerioak berriki egin duen "Bikaintasuneranzko Aipamenen" deialdian, estatuko unibertsitate guztien arteko konkurrentzia-prozedura baten bidez artikulatua, UPV/EHUren 32 programak kalifikazio hori lortu dute ("doktoregoa Bikaintasuneranzko Aipamenarekin"), eta era honetako aipamen gehien lortu dituen unibertsitatea izan da.

 

 

UPV/EHUko KOMUNIKAZIO BULEGOAk
editatutako informazioa