
Astelehenean, uztailak 23, eta, asteartean, uztailak 34, Zubiri Etxean (Lehendakari Agirre, 81, Bilbo) Europatik, Israeldik, Kanadatik, AEBtik eta Errusiatik etorritako nazioarteko punta-puntako zientzialariek UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateak eta Ikerbasque fundazioak antolatuta, Bilbon egingo den "Quantum Days" workshop ean parte hartuko dute. Ekitaldian, ikertzaileek beren azkenaldiko lanak aurkeztuko dituzte eta fisika kuantikoaren oinarrizko alderdien inguruan eta kimikari, egoera solidoaren teoriari, nanoteknologiari eta optikari loturiko aplikazioetan egun dituzten arazoei buruz hitz egingo dute.
Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Fisikoa Saileko Dmitri Sokolovski, Eugene Sherman, Jens Siewert eta Dario Fazio Ikerbasqueko irakasle ospetsuek antolatu dute ekitaldia. Fakultate honetako Ikerbasque fundazioan eta QUINST Ikerketa Taldean (Informazio, Zientzia eta Teknologia Kuantikoko Taldea) ere sartuta daude.
QUINST taldearen helburua fenomeno kuantikoak kontrolatu eta ulertzea da, honako hauek biltzen dituen diziplina anitzeko topaketa batean: informazio kuantikoa, optika kuantikoa eta atomo ultra-hotzak, espintronika eta metrologia kuantikoa, besteak beste.
Mekanika kuantikoa gure teknologiaren eta ekonomiaren bihotzean dago (laserra eta transistorea bezalako gailuetan), baina bere ahalmen osoa garatzeke dago. Kuantikarik gabe, ez legoke ordenagailurik, mugikorrik, barra koderik, Internetik, laserrik, CDrik, erresonantzia magnetikorik... Orduari begiratzen diogun bakoitzean, hegazkina hartzen dugun bakoitzean, telebista edo bonbilla bat pizten dugun bakoitzean, autobusaren zain gaudenean edo GPSa erabiltzen dugunean, erloju atomikoek ematen dituzte beharrezkoak diren sinkronizazioa eta zehaztasuna; mekanika kuantikoaren maisulana da hori, 100 urtetik gorako teoria bat, atomoen, molekulen eta solidoen egonkortasuna eta propietateak zein erreakzio kimikoak azaltzen dituena.
Eugene Sherman Errusiako Landau Institutuko Fisika Teorikoan doktorea da. Nanoegitura, espintronika eta magnetismo kuantikoko ikerketa ildoetan egiten du lan. 2008an, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Fisikoa Sailean sartu zen, hainbat herrialdetatik etorritako beste zientzialari ospetsu batzuekin batera, ikastegi honek ikerketaren arloan duen bikaintasuna indartzen laguntze aldera. Bestea zientzialari ospetsu horien artean dugu, besteak beste, Jens Siewert. Siewert Karlsruhe Unibertsitateko Fisikan doktorea da, eta, Ikerbasque-ra etorri aurretik, AEBn, Italian eta Alemanian egin zuen bere ikerketa ibilbidea. Jardunaldi hauei esker, Euskadin lan egiten duten Ikerbasque-ko Dmitri Sokolovski irakaslearen eta Dario Fazioren ekarpenen berri ere emango da. Dmitri Sokolovski San Petersburgoko Unibertsitateko Fisika Teorikoan doktorea da, eta 20 urteko ikerketa ibilbidea egin du Errusiako, Alemaniako eta AEBko zentroetan.
Hasierako eguna 2012/07/23
Amaiera eguna 2012/07/24