Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea

Hizkuntza aniztasunaren erronkak aztertuko ditu BizBAK ikastaro batek

Kolonbiako eta Mexikoko kasuak erakutsiko dira eta Jon Landaburu hizkuntzalari prestigioduna izango da irakasleen artean

Uztailaren 19an eta 20an, osteguna eta ostirala, Bizkaia Aretoan (Abandoibarra, 3) "Hizkuntza aniztasunaren erronkak. Kolonbia eta Mexikoko hizkuntz aberastasunaren adibideak" izenburuko uda ikastaroa egingo da.
UPV/EHUko Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedrak antolatuta, BizBAK programa barruan, Kolonbia eta Mexikoko jatorrizko hizkuntzetan adituak parte hartuko dute, besteak beste, Jon Landaburu (Premio Linguapax 2012), Javier López (Mexikoko Instituto Nacional de Lenguas Indígenas, INALI-ren zuzendaria) edota Andoni Barreña (Salamancako Unibertsitateko irakaslea).

Ostiralean, arratsaldeko 13:00etan, omenaldi bat eskainiko zaio Jon Landaburu hizkuntzalariari eta UPV/EHU Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedrako ohorezko kide izendatuko dute. Jon Landaburu, euskalduna, frantziar eta kolonbiar herrikidea, Kolonbiako hizkuntzetan aditurik handienetarikoa da. 40 urte baino gehiagoko ardura profesionala eta konpromezu pertsonala eskaini du Kolonbiako herri indigenen hizkuntza eta kulturen ezagutza eta biziberritze lanetan, eta ondorioz, bertako hizkuntza aniztasunaren babesa eta sustapenerako funtsezko pertsona bihurtu da.

Munduan oraindik hizkuntza asko (6000?) hitz egiten dira baina desagertze arriskua geroz eta handiagoa da. Mende honetan erdiak baino gehiago desagertuko direla diote adituek. Kolonbia eta Mexiko, hizkuntza aniztasun horren adibide esanguratsuak, aztertuko dira ikastaro honetan. Herrialde haietako hizkuntzen egoera eta bertako hizkuntza erkidegoak nolako biziberritze ekimenetan dabiltzan ezagutzeko aukera aparta izango da. Euskal Herritik ere begiratuko zaio bertako eta Amerikako hizkuntza aniztasunari.

Ikastaro hau UPV/EHU Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedrak antolatu du.

Egitaraua

Uztailak 19, osteguna

  • 09:30 "Kolonbiako hizkuntza aniztasuna; deskribapena" JON LANDABURU ILLARRAMENDI, CNRS eta Kolonbiako Los Andes Unibertsitateko Irakasle erretiratua
  • 10:30 "Diversidad Cultural y Lingüística de México. Los enfoques del Multilingüismo y la
    Interculturalidad" JAVIER LÓPEZ SÁNCHEZ, Instituto Nacional de Lenguas Indígenas (México)
  • 12:00 "Latinoamerikako zenbait hizkuntza erkidegoren biziberritze ahaleginak" ANDONI BARREÑA, Salamancako Unibertsitatea
  • 15:30 MAHAI INGURUA: Zer erakutsi diezaguke Amerikako hizkuntza aniztasunak gure aniztasuna hobeto kudeatzeko? JON LANDABURU, JAVIER LÓPEZ, ANDONI
    BARREÑA, ITZIAR IDIAZABAL
    (UPV/EHUko Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedra, Zuzendaria)

Uztailak 20, ostirala

  • 09:30 "Kolonbiako hizkuntza aniztasuna biziberritzearen ikusmira azken 40 urtetan" JON
    LANDABURU ILLARRAMENDI
    , CNRS eta Kolonbiako Los Andes Unibertsitateko Irakasle erretiratua
  • 10:30 "Las Políticas Públicas en materia de Lenguas Indígenas" JAVIER LÓPEZ
    SÁNCHEZ
    , Instituto Nacional de Lenguas Indígenas (México)
  • 12:00 "Hizkuntza politika eta hizkuntza aniztasunaren babesa" LOURDES AUZMENDI, Eusko Jaurlaritza. Hizkuntza Politikarako Sailburuordea
  • 13: 00 JON LANDABURU Katedrako ohorezko kide izendatzea
UPV/EHUko KOMUNIKAZIO BULEGOAk
editatutako informazioa


Hasierako eguna 2012/07/20

Amaiera eguna 2012/07/20


Azken eguneratzea: 2012/07/17