
Ostegunean, uztailaren 19an, 12.00etan, UPV/EHUko Psikologia Fakultatearen gradu aretoan, Dibortzioa eta Banaketa graduondokoaren bigarren promozioari dagokion 2011-2012 ikasturte bukaerako ekitaldi akademikoa egingo da.
Ekitaldian hitza hartuko dute, besteak beste, UPV/EHUko Psikologia Fakultateko dekano Ana Vergara-k, Nortasuna, Balioespena eta Psikologia Tratamendua arloko zuzendari Jesús Guerra-k eta graduondoko zuzendari Sagrario Yárnoz-ek, baita graduondoko irakasle Priscila Comino-k ere.
Dibortzioa eta Banaketa Graduondokoaren bigarren promozioa 11 profesionalek osatu dute, Zuzenbidea, Psikologia eta Gizarte Lana arloetakoak. Horren haritik, arlo profesional ugarik gaiari buruz duten ikuspegia jasotzen du ikastaroaren programak, eta hainbat esparru lantzen ditu, esaterako dibortzioaren eta banaketaren dinamika psikologikoa, haurrengan eta helduengan eragiten dituzten ondorioak, edota familia zuzenbidea; horrez gain, nazioarteko ikuspegia, gatazka eta bitartekaritza eta esku-hartze psikosoziala ere lantzen dira. Irakasleei dagokienez, dozenaka epaile, abokatu, psikologo, bitartekari eta psikiatra biltzen dira bertan; denek dute esperientzia zabala bakoitzari dagokion arlo profesionalean.
"Dibortzioak edo banaketak bikotea desegitea dakar, baina ez familia. Horregatik, hain zuzen ere, dibortzioak makina bat aldaketa dakartza, eta egoera berriari egokitzeko ahalegin nabarmena egin behar da. Gure ustez, dibortzioa edo banaketa bizi izan duten familiekin lan egingo duten profesionalek dibortzio edo banaketetako lege dinamikak ez ezik eragiten dituzten mekanismo psikologikoak ere ezagutu behar dituzte; horrez gain, familia osatzen duten kide guztien (haurrak eta helduak) ongizate psikologikoa bermatzeko zer egin daitekeen jakin behar dute. Horixe da eskaintzen dugun titulazioaren xede nagusia" azaldu du graduondokoaren zuzendari Sagrario Yarnozek.
Hasierako eguna 2012/07/19
Amaiera eguna 2012/07/19