Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea

Nazioarteko 350 profesional inguruk Kimika Organikoaren XXIV Bienala egingo dute Kursaalen



Uztailaren 11tik 13ra bitartean, Donostiako Kursaal Batzar Jauregian, nazioarteko 350 profesional inguruk Kimika Organikoaren Bienala egingo dute. 24. edizioa da aurtengoa, eta UPV/EHUko Kimika Fakultateko Kimika Organikoa I Saileko Katalisi Asimetriko eta Sintesi Kimikoa Taldeak antolatu du, UPV/EHUko katedraduna eta 2008ko Ikerkuntzarako Euskadi Sariduna den Claudio Palomok koordinatuta.

 

Topaketaren inaugurazioa asteazkenean, uztailak 11,  izango da, 15.00etan, Donostiako Kursaalen.

 

Irekiera ekitaldian honako hauek izango dira hizlariak:

Joan Bosch, Espainiako Kimikaren Errege Elkarteko (RSEQ) Kimika Organikoa Taldeko burua eta Bartzelonako Unibertsitateko katedraduna

Cristina Uriarte, UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordea

Claudio Palomo, Batzorde Antolatzaileko burua, UPV/EHUko katedraduna eta 2008ko Ikerkuntzarako Euskadi Sariduna

 

Lanen aurkezpena, ideien elkartrukea eta kimika organikoarekin zerikusia duten arlo guztiei buruzko eztabaidak Kimika Organikoaren XXIV Bienalaren ardatz izango dira, eta nazioarteko irakasle eta ikertzaileak arituko dira. Gainera, arloko Espainiako ikertzaile ugari egongo dira. Haiek euren emaitzarik berrienak aurkeztuko dituzte hitzaldien, komunikazioen zein flash aurkezpenen bitartez. Hizlarien artean honako hauek nabarmentzen dira: Phil Baran (SCRIPPS, La Joya, Kalifornia), Herbert Mayr (Münicheko Unib., Alemania), Matthew Gaunt (Cambridgeko Unib., Erresuma Batua), Magnus Rueping (Aachemeko Unib., Alemania) eta Nazario Martín (Unib. Konplutentsea, Madril).

"Hiru egunez kimikaren barruan oso teorikoan edo funtsezkoak diren gaiak aztertuko ditugu, etorkizuneko aurrerapausoetarako oso garrantzitsuenak diren gaiak, esate baterako erreakzio kimikoak gertatzeko mekanismoak ulertzeko modua, hau da, nola apurtzen diren substantziaren atomoen arteko loturak eta nola eratzen diren substantzia berriak -batzuetan aurreikus ezin diren ezaugarriak dituzten substantziak- sortzeko lotura berriak. Katalisia aztertuko dugu, metalekin zein metalik gabe, hau da, erreakzio kimikoen azelerazioa. Beste hitz batzuekin esanda, molekula berrien sintesia, baldintza leunago eta selektiboagoekin, eta beraz, kimika iraunkorrago eta "berdeago" baterako aurrerapausoak; azken batean, entzimek izaki bizidunengan egiten dutenaren antzekoa egitea, eta are gehiago, hobetzea, baina laborategian eta industria-eskalan. Halaber, material berrien eta analisi-metodo berrien garapenaz hitz egingo dugu. Adibidez, sintesi organikoko ahalmen hori erabiltzea oinarri organikoa duten -eta horrenbestez, karbonoan oinarritua dauden- molekula eta material berrien diseinu eta garapenean, esate baterako biozientzietan (farmakoak, diagnostikoa, etab.), energia (propietate optikoak dituzten materialak, etab.), eta nanotzientzian (eskala nanometrikoan antolatutako sistemak), beste hainbat arloren artean", Batzorde Antolatzaileko buru eta UPV/EHUko katedradun den Claudio Palomok azaldu duenez.

Espainiako Estatuan Kimika Organikoaren arloan erreferentziazkoa den bilera hori lehenengo aldiz egingo da Euskadin. Ikerkuntza-talde asko bilera hau noiz egingo zain egoten dira euren emaitzarik berrienak ezagutzera emateko. "Gainera, kanpoaldera begira ere erreferentzia da, bereziki gurera bisitan datozen atzerriko ikertzaile ospetsuei begira. Azkenik, bi urterik behin gertatzen den aukera paregabea da, ikertzaile (doktore) gazte askorentzat (150etik gora bilduko dira Donostian), ikertzaile seniorrei entzuteko eta haiekin solasean aritzeko, eta euren ideiak proposatzeko", esan du amaitzeko Palomo katedradunak.


 

UPV/EHUko KOMUNIKAZIO BULEGOAk
editatutako informazioa


Hasierako eguna 2012/07/11

Amaiera eguna 2012/07/11


Azken eguneratzea: 2012/07/11