Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea

II. Galeusca-Historia Kongresuak gaur egungo Europaren baitan ematen den naziogintza kultural eta politikoa aztertuko du

Bizkaia Aretoan burutuko da uztailaren 2tik 4ra

Uztailak 2, astelehena, 9:30etan, Bizkaia Aretoan (Abandoibarra etorbidea 3, Bilbo), II. Galeusca-Historia Kongresuari hasiera emango zaio, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea, Universitat de Barcelona eta Universidade de Santiago de Compostela unibertsitateetako Gaur Egungo Historiaren sailek elkarrekin antolatuta. Uztailak 4ra arte, asteazkena, luzatuko den luzatuko den kongresuaren gaia "Estatu-nazioen baitako nazioak: Naziogintza kulturala eta politikoa, gaur egungo Europan" izango da.

Kongresuko ponentzia eta eztabaidak hiru lerro nagusitan bideratuko dira. Alde batetik, XVI. eta XXI. mendeen arteko Batzar Nagusiak eta Parlamentuak aztertuko dituzte, parlamentarien eta erakunde ordezkatzaileetako ordezkarien biografietan eta norabideetan sakonduz. Beste alde batetik, biografia intelektualak eta karismadun pertsonaien mikrobiografiak aztertuko dira, kontakizunen eta historiografien bidez. Eta, azkenik, Galiziako, Euskal Herriko eta Catalunya-Paisos Catalanseko mugaldeko egoerak eta bizipenak ere eztabaidatuko dituzte.

Antolatzaileek adierazi dutenez, "Espainiako historiari buruz eta bereziki Galizia, Euskal Herria eta Catalunyari buruz, Espainiako Historiarako Errege Akademiak kanon edo molde jakin bat lantzen eta zabaltzen du. Ikuspegi hori hainbat arlotan onarturik dago. Baina ikerlari eta akademikoen artean badira bestelako ikuspegiak eta azterketak. Historialarien bilkura honetan, bestelako gai horien inguruan gogoetak egingo ditugu".

Informazio gehiago: www.galeuscahistoria.com

UPV/EHUko KOMUNIKAZIO BULEGOAk
editatutako informazioa


Hasierako eguna 2012/07/02

Amaiera eguna 2012/07/04


Azken eguneratzea: 2012/06/14