
Ostiralean, ekainak 22, 10:00etan, UPV/EHUren Bizkaia Aretoko Oteiza gelan (Abandoibarra etorbidea 3, Bilbo), Arte Ederren Fakultateko Irudigintza Sailaren Moda Diseinuko Unibertsitate Espezialista Tituluko ikasleen kurtso amaierako proiektuekin erakusketa bat inauguratuko da. Aurten, UPV/EHUko titulu honen hirugarren edizioa bete da eta zortzi ikaslek osatzen dute promozioa. Erakusketak, guztira, 35 diseinu bilduko ditu eta uztailaren 2ra arte egongo dira ikusgai.
Zortzi ikasleak Estefanía Pozo, Laura Fernández, Inge Bengoa, Leire Apellaniz, Nur González, Saioa Berasaluce, Ane González eta Aida Clemente dira. Kurtso amaierako beraien proiektuak hainbat kontzeptu desberdinetatik abiatuta sortuak izan dira, hala nola, gaur egunera ekarritako XVIII. mendeko printzesa eta erreginak, gure azala jantzi natural bezala, Marlene Dietrich eta Art Déco arkitektura aurrez aurre, bikingoak, geometriak eta formak mugimenduan, egitura organiko eta inorganikoak 2D eta 3D formatuetan, iniziazioko bidaia naturaren sentsazioen bitartez, edota Egipto Zaharreko sinbologia. Bildumen produkzioan erabili dituzte organtzak, tula, kotoia, larru sintetikoa, estanpatuak, testurak, oihal zurrunak eta baita oihal leun eta finak ere, kolore beltzak, zuriak…
Hasierako eguna 2012/06/22
Amaiera eguna 2012/07/02