Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea

Material Berrien dibulgazio jardunaldi bat, Basque Center for Materials Aplications & Nanostructures zentro berriaren lehenengo ekitaldia

Ostiralean, ekainak 15, 9:00etan, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Paraninfoan, Basque Center for Materials Applications & Nanostructures - BC Materials bikaintasuneko oinarrizko ikerketa zentro berriak bere ibilbidea hasiko du, "Hobeto bizitzeko material berriak" izenburua duen jardunaldiarekin. Bertan, material berrietan adituak diren zientzialari ugari bilduko dira.

BC Materials zentroaren lehen jardunaldiaren aurkezpenean izango dira Iñaki Goirizelaia, UPV/EHUko errektorea, Isabel Celáa, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua, Fernando Cossio, Ikerbasqueko presidentea, Esther Domínguez, Zientzia eta Teknologia Fakultateko dekanoa, eta José Manuel Barandiarán BC Materialseko zuzendari zientifikoa.

Jardunaldian zehar, zientzialari eta ikertzaileek (María Vallet, Asunción Gª Escorial, Paola Tibert, Agustina Asenjo, Marie Louise Saboungi, Cristina Gómez-Polo, Concepció Seguí eta Mª Luisa Fernández-Gubieda, besteak beste) material berrien arloan eginiko ikerketa lanak azalduko dituzte. 16:00ak aldera, "Material berriak eta berrikuntza" hizpide hartuta, mahai ingurua egingo da honako hauen parte-hartzearekin: Edorta Larrauri, Eusko Jaurlaritzako Teknologia zuzendaria; Pedro Luis Arias, Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordea; María Vallet, Unibertsitate Konplutentseko irakaslea, eta Antonio Hernando, Institute for Applied Magnetism institutuko zuzendaria, José María Villate moderatzaile dutela.

Materialen arloko Bikaintasuneko Oinarrizko Ikerketa Zentro berria (BERC) etorkizunean Leioan izango den Zientzia Parkean kokatuko da, gizarte moderno batentzat materialen arloa ikertzeak duen garrantziari eta arlo horretako ikerketa garatzeko beharrari erantzute aldera, baita Bizkaian gai horren inguruan lan egiten duten taldeen maila zientifiko handiari erantzuteko ere, ikertzaile bikain asko baitaude. Gaur egun, Campusean materialen arloan egiten den jarduera da EAEko materialen arloko ikerketa proiektu bakarrari egiten zaion ekarpen akademiko osoa. Eusko Jaurlaritzako Industria Sailak finantzatzen du proiektu hori: ACTIMAT proiektua.

BERCek fisikariak, kimikariak eta ingeniariak bilduko ditu, Ikerbasquen sartu berri diren bi ikertzaile barne hartuta, orain Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Fisikoa, Elektrizitatea eta Elektronika eta Kimika Ez-organikoa sailetan sakabanatuta daudenak. BERCen sorrerari esker, materialen zientzia arloko ikerketaren garapena atzeratzen ari diren zailtasunak gainditu ahal izango dira, modu integratuan eta diziplina anitzen arteko elkarlanean, Bizkaian.

BC Materials zentroak ezaugarri elektriko, magnetiko eta optiko aurreratuak dituzten material funtzionalen ikerketako alderdi oinarrizkoenetatik hasi eta aplikazioetarainoko eremu zabala hartuko du bere baitan, Alemaniako Leibnitz institutuen antzera. Honako hauek izango dira hasierako ikerketa ildoak: A) Material aktiboak edo adimendunak: forma memoriadun aleazio ferromagnetikoak, polimero aktiboak; B) Nanomagnetismoa: biomedikuntzako aplikazioetarako nanopartikula magnetikoak; C) Honakoetarako material funtzional aurreratuak: energia, sentsoreak eta biosentsoreak, partikula azeleratzaileak, etab.

BC Materials zentroaren ezaugarri berezi bat izango da, batik bat, materialak prestatzeko film meheko teknologia erabiltzea eta Europako instalazio zientifiko handiak erabiltzea -neutroiak eta sinkrotroiak, kasu-, aztertzeko.

BERCen zuzendari zientifikoa José Manuel Barandiarán irakaslea izango da, eta lau sail izango ditu: Sintesia eta prozesatzea, Karakterizazioa eta ebaluazioa, Kalkulua eta simulazioa eta Materialen integrazioa, baita bi zerbitzu ere: Administrazioa eta Tailerra. Horri esker, ikerketa ildoak aldatu eta eguneratu ahal izango dira, antolaketa aldatu gabe. BERCen proiektuak diziplina artekoak izango dira, hau da, arlo desberdinetako zientzialariak elkarlanean jardungo dira proiektu guztietan. Espezialitate bakarra hartzen duten proiektuek dagozkien unibertsitate sailei lotuta jarraituko dute.

BERCek 50 pertsona hartuko ditu lehenengo lau urteetan, masterreko eta doktoregoko ikasleak barne. Kopuru hori pixkanaka hazi egingo da, 10 urteren buruan 80 90eko kopuru egonkor bat izan arte. BERCen jarduerak barne hartuko du graduondoko hezkuntza ere, material berrien master batekin -egun jada ematen da, unibertsitateen artean, Kantabriako Unibertsitatea tartean dela-.

BERC bere gizarte ingurunean integratzearen ikuspegitik, lankidetza maila bikaina aurreikusten da beste erakunde batzuekin: teknologia zentroak, enpresak eta Mondragon Unibertsitatea (UPV/EHUren Leioako Campusetik ordubete baino gutxiagora dago autoz).

UPV/EHUko KOMUNIKAZIO BULEGOAk
editatutako informazioa


Hasierako eguna 2012/06/15

Amaiera eguna 2012/06/15


Azken eguneratzea: 2012/06/14