Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea

UPV/EHUko Medikuntza eta Zientzia Historiaren Euskal Museoak Museoen Nazioarteko Eguna ospatuko du

Bisita gidatu berezia eskainiko da Anton Erkoreka zentroko zuzendariaren eskutik

Ostiralean, maiatzak 18, 11:00etan, UPV/EHUko Medikuntza eta Zientzia Historiaren Euskal Museoan (Liburutegi Nagusia, Leioa-Erandio eremua, Bizkaiko Campusa), UPV/EHUko Medikuntza eta Zientzia Historiaren Euskal Museoak bisita gidatu berezi bat eskainiko du Anton Erkoreka zentroko zuzendariaren eskutik, Museoen Nazioarteko Egunarekin bat eginaz. Bisita honetan museoaren erakusketa iraunkorra osatzen duten aretoak ikusi ahal izango dira, eta baita joan zen martxoan ireki eta ostiral honetan bertan bere atea itxiko dituen "Brujería e inquisición" aldi baterako erakusketa ere. Bisitan parte hartu nahi izanez gero ezinbestekoa da izena ematea 946012790 telefono zenbakira deituta.

1982. urtean José Luis Gotik fundatu zuen Medikuntza eta Zientzia Historiaren Euskal Museoak XIX eta XX. mendeko objektu mediku eta zientifiko bilduma aberatsa biltzen du. Objektu hauek Euskal Herriko sendagileek, ospitaleek eta beste erakunde batzuk erabili dituzte. 6000 pieza baino gehiago daude gordeta eta ikusgai, medikuntza espezialitate guztiak eta beste zientziei buruzkoak. Museoak liburutegi on bat ere badu, XIX eta XX. mendeko fondoekin osaturik. Hauen artean Basurto Ospitaleko liburutegi historikoa eta XIX. mendeko hainbat hiztegi entziklopediko bereizten dira, esate baterako Dechambreren Dictionnaire encyclopédique des sciences médicales (100 bolumen) edota 1821eko Diccionario de Ciencias Médicas (38 bolumen).

Ondare zientifikoa gordetzeaz gain, Museoak, zentro unibertsitarioa den neurrian, ikerketa eta irakasle betebeharrak ere baditu. Ikerketa arloan, geofisika, meteorologia edo gaixotasunen historia bezalako gaien ikuspegi globala tokian tokiko errealitatearen interesarekin batzen ditu osasun eta zientzia arlo desberdinetan. Irakaskuntza arloan, Mintegi Gelan klaseak ematen dira eta osasun arloarekin zerikusirik duten titulazio ikasgai desberdinei buruzko praktikak ere egiten dira. Bere edukiak medikuntza eta zientzia historialarien eskura jartzeaz gain, Museoaren helburua publiko orokorraren artean ezagutzak eta jakintzak zabaltzea ere bada.

UPV/EHUko Medikuntza eta Zientzia Historiaren Euskal Museoa eskola orduetan bisitatu daiteke, astelehenetik ostiralera, 8:00etatik 14:00etara, aurretiko hitzordua eskatu ostean, telefono honetara deituta: 946012790.

UPV/EHUko KOMUNIKAZIO BULEGOAk
editatutako informazioa


Hasierako eguna 2012/05/18

Amaiera eguna 2012/05/18


Azken eguneratzea: 2012/05/15