Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea

First Lego League-ko talderik onenek Informatika Fakultatean erakustaldia egingo dute



Larunbatean, maiatzaren 12an, 10:30-12:45 bitartean, Informatika Fakultatean, First Lego League Xpress izango da. Hau FLL Euskadi berrikuntza-eskolaren erakustaldia da, lehia-kutsurik ez duena. FLL lehiaketak zientzia eta teknologia arloko bokazioak bultzatzen ditu, baita berrikuntzaren, sormenaren eta talde-lanaren balioak ere; horretarako zientzia-proiektu bat egin eta defenditzen da, beste bat teknikoa, eta robot baten diseinua ere egiten da

Tartalo robot bertsolariak egingo die ongietorria ekintzaz gozatzera joaten diren guztiei; eta ekintza Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziak eta UPV/EHUren Informatika Fakultateak antolatu dute elkarrekin; azken hau FLL Euskadiren laguntzailea da hasiera-hasieratik, eta gainera bere hiru irakaslek borondatezko epaile gisa dihardute bertan.

Lau talde dira parte-hartzaileak: Nafarroako Mechatronics Ants, Bizkaiko D Team eta Gipuzkoako Overclock Axular eta LS Bideluze; 9 eta 16 urte arteko gazteek osaturik daude, eta ikusle gisa bertaratzen direnek aukera izango dute talde horiekin elkarrekintzan aritzeko, zuzeneko komunikazioa izateko eta parte-hartzaileen aurkezpenak eta horiek diseinaturiko robot-en jarduera hurbiletik jarraitzeko.

Goizean zehar bi zientzia-proiektu aurkeztuko dira, eta lau teknika-proiektu. Zientzia-proiektuan ikasleek azalduko dute nola detektatu duten arazo zehatz bat elikadura-segurtasunaren inguruan –aurtengo erronka FLL lehiaketan–, nola aurre egin dioten erronka horri eta zer konponbide berritzaile eman dioten. Teknika-proiektuaren aurkezpenean robot bat diseinatu eta programatzeko prozesua azalduko da, “Lego Mindstrom” joko ezagunaren piezetatik abiatuta.

Bi taldek asmakuntza bana patentatu dute
Donostiako Axular Lizeoko ikasleek, Overclock Axular taldekoek, beren Ukimen Plano Dinamikoen Sistema (UPDS) patentatu dute, ikusmen-arazoak dituztenei ezagutzen ez dituzten lekuetan orientatzen laguntzen dien sistema adimentsua. Gainera, duela gutxi, FLL Italia erakundeak herrialde hartako lehenengo edizioan lehiatzera gonbidatu ditu, FLL Espainian “Talde-lan Onena”ren titulua lortu izanari esker. Aurten, gainera, Teknoskopia Saria ere jaso dute, Elhuyar Fundazioak teknologia-proiektu onenari ematen diona.

Bestalde, Andoaingo La Salle Berrozpeko LS Bideluze-ko gazteak etxeetako hozkailuen azpilean jarri eta jakiak kontsumorako gai diren adieraziko lukeen gailu bat patentatzeko prozesuan daude. Eta hori lortu bitartean, Alemaniara joango dira datorren ekainaren 1ean; han FLLren Europako edizioan, Open European Championship delakoan, lehiatuko dira, FLL Espainian hirugarren geratu izanari esker.

Gainera, Overclock Axular eta LS Bideluze lehenengo eta bigarren izan ziren, hurrenez hurren, Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziak sustatzen eta antolatzen duen FLL Euskadin.

Nafarroako Mechatronics Ants FLL Euskadi Xpress-en parte hartzera gonbidatu dute FLL Espainian mahaiko lehiaketan irabazle izan zelako; atal horretan parte-hartzaileek egindako robotak elkarren aurka lehiatzen diren. Bi minutuko txandetan, dagokion erronkarekin zerikusia duten misioak robotak osatzeagatik punturik gehien lortzen dituen taldeak irabazten du.

Bestalde, Bizkaiko Gaztelueta ikastetxeko D Team hirugarren geratu zen joan zen FLL Euskadin, eta duela gutxi robotikari buruzko jardunaldi batean parte hartu du Creativity Zentrum-ek Bilbon antolaturiko Creativity Meeting Point delakoan.

UPV/EHUko KOMUNIKAZIO BULEGOAk
editatutako informazioa


Hasierako eguna 2012/05/12

Amaiera eguna 2012/05/12


Azken eguneratzea: 2012/05/14