
Psikologia, hezkuntza eta komunikazioaren alorrean, profesional eta ikerlari askok adierazi dute egungo multimedia kulturak aukera gutxi eskaintzen dituela gazteengan arreta sustatu eta entrenatzeko, eta, seguru asko, eragin hori handiagoa izango da arreta-faltaren nahasmendua eta hiperaktibitatea (AFN-H) dutenengan.
AFN-Hren Kongresu Nazionala Donostiako Kursaal batzar-jauregian ospatuko da maiatzaren 11 eta 12an. Bertan, Ana Aierbe Barandiaran doktoreak, UPV/EHUko Bilakaeraren eta Hezkuntzaren Psikologia Saileko irakasle titularrak, 'Los adolescentes con TDA-H y las pantallas' azterlaneko emaitza eta ondorioak aurkeztuko ditu maiatzaren 12an, larunbata, 12:30ean, Kursaalean. Azterlan hori Euskadiko AFN-H Elkarteen Federazioarekin (EUSARGHI) lankidetzan garatu da, eta, bertan, Euskal Autonomia Erkidegoko nerabe, guraso eta tutoreek parte hartu dute, AFN-Hdun nerabeen eta nerabe estandarren arteko antzekotasun eta desberdintasunak zehazteko kontsumo mediatikoaren profilean, gurasoen bitartekaritzan, identifikazio-pertsonaietan eta jasotako balioetan.
Emaitzen arabera, "nerabeen bi taldeei antzeko programak gustatzen zaizkie eta, pertsonai gogokoena hautatzeko orduan, lana eta erakargarritasun fisikoa lotzen dituzte gehien balio materialista nahiz prosozialekin. Hala ere, AFN-Hdun nerabeek telebista gehiago ikusten dute asteburuetan, sarriago aukeratzen dituzte umore eta marrazkidun programak, gutxiago erabiltzen dute internet baina gehiago bideojokoak, eta beren gurasoengan bitartekaritza-estrategia murriztaileagoak nabaritzen dituzte nerabe estandarrekin alderatuta", azaldu du Ana Aierbe irakasleak.
"Gai honi buruzko aurretiazko ikerketa urria da eta komunikabideetako kontsumo-orduak baino ez ditu neurtzen. Ondorioz, ezin da ikerketa biribiltzat jo, batzuen ustez komunikabideek eragin negatiboa daukatelako AFN-Hdun haur eta nerabeengan, beste batzuek eragin hori ukatzen duten bitartean. Horrenbestez, lan honek, aurreko lanetan kontuan hartu ez diren alderdi batzuetan aurrera egiteaz gain, irakaskuntza formalean eta ez formalean jolaserako estrategien erabilera defendatzen du, nerabeekin sozializazioa, nortasunaren eraikuntza eta balioak lantzeko, komunikabideen edukiak eta beren pertsonai gogokoenak abiapuntutzat hartuta. Halaber, xede-kolektiboen ezaugarrietara hobeto egokituko diren komunikabide-programak egiteko oinarriak ezarri nahi ditu", gaineratu du Aierbek.
AFN-Hren Kongresu Nazionala Donostiako Kursaal batzar-jauregian ospatuko da maiatzaren 11 eta 12an. Bertan Marina Peña psikologoa eta familia eta hezkuntza gaietan adituak eta Eric Dickhaus Medizinan doktorea eta Neuropatologia espezialitateak parte hartuko dute. Kongresuaren antolakuntza Maite Urkizu psikopedagogoa eta EUSARGHIko (EUSkadiko ARretaren Gabezia eta HIperaktibitatea Federazioa) kidearen esku dago.
Hasierako eguna 2012/05/12
Amaiera eguna 2012/05/12