Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea

Haurren hezkuntza-eskubidearen aldeko jardunaldiak

Hezkuntza goiztiarraren eta kalitatezkoaren aldeko Munduko Kanpainaren esparruan antolatu dira



Ostirala, apirilaren 27an 9:00etatik aurrera, Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Areto Nagusian, UPV/EHUko Garaian Ikasketa Historiko eta Konparatuetarako Ikerketa Taldeak eta 'Hezkuntza, Kultura eta Gizartea' Prestakuntza eta Ikerkuntza Unitateak UNICEF-en, Alboan-en eta Donostiako Udalaren laguntzarekin batera antolatuko dituzte 'Hezkuntza-eskubidearen aldeko jardunaldiak'. Aurtengoa jardunaldien zazpigarren edizioa izango da, eta jardunaldiak Hezkuntzaren aldeko Munduko Ekintza Astearen esparruan antolatu dira.

Jardunaldien egitaraua:

9:00etan: Jardunaldien aurkezpena

9:15ean: Hitzaldia: Nora Ziarsolo-k, Alboaneko kideak, Hezkuntzaren Aldeko Munduko Kanpaina aurkeztuko du.

10:15ean: Hitzaldia: 'Jatorrizko Herrien Hezkuntza Eskubidea', Asier Lauzurika. UPV/EHUko Garaian Ikerketa Taldeko kidea.

11:45ean: Hitzaldia: 'La Educación y Atención de la Primera Infancia desde un prisma internacional', Ana Ancheta. Valentziako Unibertsitatekoa.

12:45ean: 'Hijas de Belén', Javier Corcuerak zuzendu duen filmaren emanaldia. Nagore Gorostiza-k, UNICEF-en Euskadiko bulegokoak, aurkeztuko du filma.

 

"Historiaren ikuspegitik, giza eskubideen onarpena eta hezkuntza-eskubidearena bide beretik doaz. Giza eskubideak onartzeak inplizituki ekarri zuen hezkuntza-eskubidea; hori dela eta, herrialde gehienen konstituzioetan eta oinarrizko legeetan jaso da herritarren oinarrizko eskubideetako bat dela. Nazioarteko hitzarmenek, ordea, ez dute oinarrizko beharrizan horren garrantzia azpimarratu. Eta, hezkuntza-eskubidea funtsezkoa da, bai nortasuna garatzeko, bai gizarte demokratikoetan askatasun-eskubidea egikaritzeko. Askotan esan bezala, hezkuntza-eskubideak irekitzen du eskubide eta askatasun guztiez gozatzeko eta baliatzeko atea", esan du Luis Mª Naya-k, UPV/EHUko Hezkuntzaren Teoria eta Historia Saileko irakasleak eta jardunaldien antolatzailekideak.

"Bizi dugun mundu globalizatuan, eskubide hori hedatzea ezinbesteko beharra da; hortaz, botere guztien arreta behar du, tokiko, nazioarteko edo estatuko botereak direlarik ere. Duela hamarkada batzuk guztientzako hezkuntzari buruzko planteamenduak egin ziren; eta,  gaur egun, horrekin batera kalitatezko hezkuntza ere izan dadila eskatzen dugu. Une honetan, non krisia eta murrizketak baititugu, hezkuntza gastu bat ez dela gogoratzea are garrantzitsuagoa da. Beraz, hezkuntza-eskubidea aipatzen dugunean, funtsezko bi alderdiz ari gara. Batetik, alde kuantitatiboaz: diskriminaziorik gabe, haur guztiek eskolan toki bat eduki behar dute. Eta, beste alde batetik, alde kualitatiboaz: irakaskuntzak kalitatezkoa izan behar du, hau da, beharrezko prestakuntza eskaintzeaz gain, hezkuntzak giza baliabideetan oinarritua egon behar du, bai eta haur guztien berezko eta askotariko ezaugarriak errespetatu ere. Horren harira, baliteke herrialde askok lehenengo baldintza betetzea, baina bigarrena, alegia, ikasgeletan haurren aniztasunarekiko errespetuan oinarritzen den hezkuntzak behar dituen elementu kualitatiboak lortzea zailagoa da", jarraitu du Paulí Dávila-k, UPV/EHUko Hezkuntzaren Teoria eta Historia Saileko irakasleak eta jardunaldien zuzendarikideak.

Gaur egun, munduko 113 haur, gehienak neskak, ez dira eskolara joaten. Horrez gain, 773 pertsona heldu guztiz analfabetoak dira, eta analfabeto funtzionalak diren helduen kopurua askoz ere altuagoa da. "Esate baterako, munduko 89 herrialdetan lehen hezkuntzan sartzeko tasak ordainarazten dituzte; eta, askotan, tasa horiek oztopo gaindiezina dira, hezkuntzarako eskubidea baliatzeko. Pertsona askok pentsa dezake krisiaren ondorioz ezinezkoa dela helburu horiek lortzea. UNESCO-ren 2011ko datuen arabera, ordea, sei egunean munduko gastu militarretan gastatzen den kopurua Guztientzako Hezkuntza finantzatzeko erabiliko balute, nahikoa izango litzateke hezkuntzarako behar den dirua ordaintzeko", azpimarratu du Luis Mª Nayak.

Aurten, munduko kanpainaren helburu nagusia 0 eta 6 urte bitarteko haurren hezkuntza-eskubidea defendatzea da. "Adin horretako haurrak eskubide-subjektuak dira, beraz, hezkuntza-eskubidea dute. Horregatik, bai botere publikoek, bai gizarteak bermatu behar dituzte haurren eskubideak". "Eskubideak hasieratik. Hezkuntza goiztiarraren eta kalitatezkoaren alde" lelopean, munduko kanpaina honen helburua Lehen Haurtzaroko Arretaren eta Hezkuntzaren garrantzia aldarrikatzea da. "Azken urteotan, herrialde askotan aurrerapenak egin dira, lehen hezkuntzako eskolatzeari dagokionez. Aitzitik, Lehen Haurtzaroko Arretari eta Hezkuntzari gagozkienez, ez da gauza bera gertatu. Haurrentzat funtsezkoa da etapa hori, horregatik, erkidegoentzat eta estatuentzat ere bai. 2000. urtean, 189 herrialdek konpromisoa hartu zuten Dakarko Helburuak 2015erako betetzeko. Helburu horietako bat lehen haurtzaroko arreta eta hezkuntza integralak, bereziki, neska eta mutil ahulenak eta baliabide gutxien daukatenak, zabaltzea eta hobetzea da", aipatu du Dávila irakasleak.

 

Hezkuntzaren Aldeko Munduko Ekintza Asteari buruzko informazio gehiago hemen:
http://www.laboris.net/
http://www.unesco.org/new/es/education/themes/leading-the-international-agenda/education-for-all/advocacy/global-action-week/

UPV/EHUko KOMUNIKAZIO BULEGOAk
editatutako informazioa


Hasierako eguna 2012/04/27

Amaiera eguna 2012/04/27


Azken eguneratzea: 2012/04/26