Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea

'Tipi-tapa osasunez' bederatzigarren martxa Done Jakue bidetik joango da igandean, maiatzak 6

Izen ematea, doakoa eta ezinbestekoa, maiatzaren 4ra arte egin ahal izango da

Igandean, maiatzak 6, goizeko 9.30ean, UPV/EHUko Bilboko Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolatik (La Casilla, 3) "Tipi-tapa osasunez" martxaren bederatzigarren edizioa abiatuko da. UPV/EHUren Bizkaiko Campuseko Errektoreordetzak antolatzen du pertsona guztiei zabaldutako ibilaldi ez-lehiakor hau. Aurten martxa Done Jakue Bidetik zehar joango da Barakaldoko  Meatzeen eta Herri Lanen Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolaraino.

'Tipi-tapa osasunez'-ek helburu hauek ditu: unibertsitatea gizartera hurbiltzea, herritar guztiak osasuna zaintzera animatzea eta, bederatzigarren edizio horren, Ingeniaritza Teknikoko bi eskola hauek batzea. Izan ere, datorren ikasturtean Bilbon, San Mamesen ondoan egiten ari den eraikin berrian egongo dira elkarrekin.

Aurten, 12 kilometroko ibilaldia goizeko 9:30ean hasiko da Bilboko Industria Ingeniaritza Teknikoko U.E.an eta arratsaldeko 13:30ean bukatuko da Meatzeen eta Herri Lanen Ingeniaritza Tekniko U.E.ren ondoan. Helmugatik gertu metro, tren eta autobus geltokiak daude Bilbora bueltatzeko.

Izen ematea doakoa eta ezinbestekoa da. Maiatzaren 4ra arte egin ahal izango da Bizkaiko Campuseko Kirol Zerbitzuko bulegoetan (9.00etatik 13.00etara eta 15.00etatik 16.30etara) edo rovdepor@lg.ehu.es helbide elektronikoaren bitartez. Ibilbide osoa egingo duten UPV/EHUko ikasleek aukera askeko kreditu bat lortu ahal izango dute.

Egitaraua

UPV/EHUko KOMUNIKAZIO BULEGOAk
editatutako informazioa


Hasierako eguna 2012/05/06

Amaiera eguna 2012/05/06


Azken eguneratzea: 2012/05/02