Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea

Zientziaren Komunikazioari buruzko IV. Mintegia

Hainbat zientzialari eta hedatzaile ikerketa zientifikoaren emaitzak komunikatzearen inguruan jardungo dira Bilbon

  • -  Jardunaldia apirilaren 26an izango da, Bizkaia Aretoan, Biofisika Bizkaia Fundazioak eta UPV/EHU-BFAko Kultura Zientifikoaren Katedrak antolatuta.
  • - Bezperako arratsaldean, apirilaren 25ean (18:30ean) Zientziateka Amazings jardunaldia izango da Alhóndiga Bilbaon. Gaurkotasun zientifikoa duten gaiei buruzko hiru solasaldi labur, formatu txikian.

Apirilaren 26an, Zientziaren Komunikazioari buruzko IV. Mintegia egingo da Bilbon, "Erakunde zientifikoak: zientziaren ekoizpena eta komunikazioa" izenburupean. Bertako egitarauan, hainbat profesional, zientzialari, kazetari eta zientziaren hedatzaile nabarmen izango dira parte-hartzaile.

Jardunaldia Bizkaia Aretoan egingo da (Abandoibarra 3), Biofisika Bizkaia Fundazioak eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoaren Katedrak antolatuta. Ikerketa zientifikoko zentroetan lortutako emaitzak herritarrei helarazteko moduaren inguruko gogoeta egingo dute bertan. "Ikerketa zientifikoen fruituak komunikatzea funtsezkoa da zientziak mundua ulertzen eta gizakion bizitza hobetzen nola laguntzen duen ikusarazteko. Gainera, ikertzaileen jarduera ezagutuz gero, zientziak presentzia handiagoa izango du diskurtso eta politika publikoetan", adierazi du Kultura Zientifikoaren Katedraren arduraduna den Juan Ignacio Pérez Iglesiasek.

Aurtengo jardunaldian parte hartuko dutenek lan handia egin dute zientziaren emaitzak komunikatzen, hainbat esparrutan: argitaletxeetan, kazetaritza konbentzionalean, telebistan, sare sozialetan, komunikazio zuzeneko esperientzia berritzaileetan, eta abar. 

Hizlari nabarmenetako bat Joan Guinovart izango da, Bartzelonako Unibertsitateko biokimika eta biologia molekularreko katedraduna. Zientzialari katalana Ikerketa Biomedikoen Institutuko zuzendaria da, eta Espainiako Sozietate Zientifikoen Konfederazioko (COSCE) presidente ohia. Hauxe izango du mintzagai: "Comunicando, comunicando; tú indiferente y yo esperando".

Guinovarten parte-hartzeaz gain, José Manuel López Nicolás-en presentzia azpimarratu behar da. Murtziako Unibertsitateko biokimika eta biologia molekularreko irakaslea da, eta Scientia blog ospetsuaren egilea. Kimikan doktore den irakaslearen hitzaldiak "Blogueando desde la universidad: una experiencia personal" izango du izenburu, eta hedatzaile zientifiko gisa sarean izandako esperientziaren berri emango du bertan.

Pampa García Molina ere izango da jardunaldian. Albiste Zientifikoen Informazio Zerbitzuaren (SINC) koordinatzaile eta erredaktoreburu denak hainbat hedabidetan egin du lan. Ikerketaren arloko komunikazio-prozesuaren inguruan mintzatuko da "Del paper a la noticia" hitzaldian.

César Tomé, Experientia docet blogaren egile eta ResearchBlogging.org atariko gaztelaniazko bertsioaren editorea, ikerketa zientifikoaren online komunikazioari buruz duen ezagutzaz arituko da. Kimikan lizentziadunak "Comunicación de la investigación en blogs: la experiencia Research Blogging" izeneko mintzaldia emango du.

Horrez gain, astronomiaren arloko bi aditu izango dira mintegian. Alde batetik, Natalia Ruiz Zelmanovitch-ek, Consolider - Kanarietako teleskopiko handia proiektuko kideak, "Cómo comunicar astrofísica" hitzaldia emango du. Bestetik, CSIC-INTA Astrobiologia Zentroko ikertzaile eta Kultura Zientifikoaren Unitateko buru den Luis Cuesta Crespo-k "¿Es posible hablar de astrobiología?" izango du hizketagai.

Zientziateka Amazings

Mintegiaren aurreko egunean (apirilaren 25a, 18:30ean), Zientziateka Amazings jardunaldia egingo da AlhóndigaBilbaoko Yes future programaren barruan. Ekimen horren antolatzaileak UPV/EHUko Kultura Zientifikoaren Katedra, Euskampus, Amazings eta AlhóndigaBilbao dira, eta 26an egingo den mintegiko hiru partaide izango dira bertan: César Tomé, Natalia Ruiz eta José Manuel López Nicolás.

Hiru solasaldi izango dira, hurbildutako jendearekin elkarrizketan aritzeko. Aurkezle-lanetan, Juan Ignacio Pérez Iglesias (Kultura Zientifikoaren Katedraren arduraduna) eta Javier Peláez (Amazings-en sortzaileetako bat) arituko dira.

Kultura Zientifikoaren Katedrako zuzendari Juan Ignacio Pérez Iglesiasekin egindako elkarrizketa

IV SEMINARIO DE COMUNICACIÓN CIENTÍFICA_JUAN IGNACIO PÉREZ IGLESIAS from GUK Komunikazio Aholkularitza on Vimeo.

 

Zientziaren Komunikazioari buruzko IV. Mintegiaren egitaraua:

"Erakunde zientifikoak: zientziaren ekoizle eta komunikatzaile"

Eguna: apirilak 26; Ordua: 9:00-14:00; Lekua: Bizkaia Aretoa, Abandoibarra, 3 - Bilbo.
_________
9:00/9:15: Sarrera: Félix Goñi, Biofisika Bizkaia Fundazioko (CSIC-UPV/EHU) presidentea, eta Juan Ignacio Pérez Iglesias, UPV/EHUko Kultura Zientifikoaren Katedrako zuzendaria.

9:15-9:45: César Tomé: "Comunicación de la investigación en blogs: la experiencia Research Blogging"

9:50-10:20: Pampa García: "Del papel a la noticia"

10:25-10:55: Natalia Ruiz Zelmanovitch: Consolider-Kanarietako teleskopio handia: "Cómo comunicar astrofísica"

11:00-11:15: ATSEDENALDIA

11:15-11:45: José Manuel López: "Blogueando desde la Universidad: una experiencia personal"

11:50-12:20: Joan Guinovart: "Comunicando, comunicando; tú indiferente y yo esperando"

12:25-12:55: Luis Cuesta Crespo: "¿Es posible hablar de Astrobiología?"

13:00-14:00: Solasaldia

14:00: MINTEGIAREN AMAIERA
(Sarrera librea eta doan, bete arte)

 

Zientziateka Amazings egitaraua

Eguna: apirilak 25; Ordua: 18:30; Lekua: Alhóndiga Bilbao (Mediateka, 2. solairua), Bilbo.
(Sarrera mugatua: 35 pertsona gehienez). Izena eman behar da: info@guk.es)

Ekitaldiaren aurkezpena: Juan Ignacio Pérez Iglesias, UPV/EHUko Kultura Zientifikoaren Katedrako zuzendaria, eta Javier Peláez, Amazingsen sortzaileetako bat.

César Tomé: "Deconstruyendo la tabla periódica"

Natalia Ruiz Zelmanovitch: "¿Por qué Marte está de moda?"

José Manuel López Nicolás: "La ciencia en la cosmética o el triunfo de lo absurdo"

UPV/EHUko KOMUNIKAZIO BULEGOAk
editatutako informazioa


Hasierako eguna 2012/04/26

Amaiera eguna 2012/04/26


Azken eguneratzea: 2012/04/24