Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea

"Egungo euskal ipuingintzaren historia" liburuaren aurkezpena

Genero honen gaineko 21 artikulu-sorta biltzen dituen lan honek, azken hamarkadetan izan diren izenburu esanguratsuenak aztertuko ditu

Astelehenean, otsailak 27, 10:30etan, Bizkaia Aretoko Elhuyar gelan (Abandoibarra 3, Bilbo) "Egungo euskal ipuingintzaren historia" Alvaro Rabellik zuzendutako alea aurkeztuko da prentsaurrekoan. Euskal Literatura Saila bildumaren 8. zenbaki hau bi atal nagusitan dago banatuta. Batetik, sarrera luze bat. Horretan euskal ipuingintza garaikidea zertan den azaltzeaz gain, ipuin generoari eskaintzen zaio arreta berebizikoa. Bertan, biltzen ditu euskal ipuingintzaren garapena, hasieratik gaur arte, eta ipuin teoriak genero berezi honetaz esandakoak. Bestetik, bigarren atalean hain zuzen ere, hogeita bat ipuin-libururen gaineko artikulu sorta biltzen ditu lanak.

Joseba Sarrionandia, Bernardo Atxaga, Anjel Lertxundi, Arantxa Iturbe, Iban Zaldua eta Jokin Muñozek, besteak beste, azken hamarkadetan idatzitako ipuinak izango ditu aztergai aleak. "Liburu honek mugarria izan nahi du euskal narratiba laburraren ezagutzan eta ikerketan, ez baita gure artean izan genero hau hain zabal jorratu duen bestelako lanik", dio Rabellik.

Prentsaurrekoan izango dira:

  • Gidor Bilbao, UPV/EHUko Euskara errektoreordea
  • Jon Kortazar, Euskal Literatura Saila bildumaren zuzendaria
  • Alvaro Rabelli, "Egungo euskal ipuingintzaren historia" alearen egilea


 

UPV/EHUko KOMUNIKAZIO BULEGOAk
editatutako informazioa


Hasierako eguna 2012/02/27

Amaiera eguna 2012/02/27


Azken eguneratzea: 2012/02/23