
Ostegunean, otsailak 9, 9:00etan, UPV/EHUren Bizkaia Aretoan (Abandoibarra etorbidea 3, Bilbo), herrialde arabiarretan burutzen ari diren gizarte mobilizazioak eta Espainia, Europa eta Ameriketako M15 eta suminduen mugimenduak bezalako gaiak aztertuko dituen Gizartetik politikara: demokrazia eta mobilizazio modu berriak nazioarteko konferentzia inauguratuko da. Konferentzia hau otsailaren 9an eta 10ean burutuko da.
Nazioarteko Soziologia Elkarteak (ISA) eta UPV/EHUko Soziologia saileko Identitate Kolektiboen Ikertegiak (CEIC-IKI) antolatu duten konferentzia honen helburua hausnarketa teorikoa sustatzea eta egunotan Mediterraneoaren eremuan ematen ari diren mobilizazioen inguruko ebidentzia enpirikoak aurkeztea da. Alde batetik, erreforma politikoak eta demokratizazio prozesuak eskatuz demokraziari bidea zabaltzearen beharrizana erakusten duten mobilizazioak daude, Tunisian, Egipton, Marokon, Libian eta Sirian bezala, beste batzuen artean. Eta, beste alde batetik, krisi ekonomikoaren kudeaketa politikoari eta Europa hegoaldean eman den Ongizate Estatuaren murrizketari buruzko atsekabe adierazpenek gazteek eta ikasleek antolatutako hainbat protesta eragin dituzte, hala nola, M15 Espainian, "Indignate-vous" Frantzian, Italian eta Grezian, eta beste batzuk Ingalaterran, Israelen eta Belgikan.
Gizarte mugimenduen inguruko sare eta joera desberdinak bilduz, konferentzia honek XXI. mendeko aldaketen eta gizarte mugimenduen esanahiaren inguruan eztabaidatzeko aukera eskaintzen du. Bereziki aztertuko dira aurrekariak, baldintza sozial eta politikoen eragina, mugimenduaren izaera bere antolaketarekin alderatuta, protesta moduak, aldarrikapenak, arrazoiak, protagonistak, komunikabideen rola eta protestatzeko mota berri hauen esanahia ekintza errepertorioa baino haratagotik ikusita.
Alderdi guzti horiek soziologia, psikologia, politika, ekonomia, zuzenbidea eta historiaren ikuspuntuetatik aztertuko dituzte. Parte hartzaileen artean nabarmendu daitezke, beste batzuen artean, Lauren Langman, Chicagoko Loyola Universityko Giza Garapenean doktorea, Philippe Bataille, historialaria eta Centre d'analyse et d'intervention sociologiques-ko (CADIS) zuzendaria, Tova Benski, Israelgo "Women in Black" mugimenduko kidea, Benjamín Tejerina, UPV/EHUko katedraduna eta Gizarte Mugimenduen Soziologia irakaslea, edo Antimo Farro, La Sapienza-Universita di Romako irakaslea.
Hasierako eguna 2012/02/09
Amaiera eguna 2012/02/10