Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea

Unibertsitate Orientaziorako Azoka Gipuzkoako Campusean

Unibertsitate-aurreko ikasleei ikasketen aukeraketan laguntzea helburua dauka

2011 urtetako UPV/EHUko Unibertsitate Orientaziorako Azokaren irudia

Larunbata, urtarrilaren 28ean, 09:00etatik 14:30era, UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko Ignacio María Barriola Eraikinean (Elhuyar enparantza, 1. Donostia), UPV/EHUk Unibertsitate Orientaziorako Azoka egingo du. Funtsean unibertsitate-aurreko ikasleentzat, haien gurasoentzat eta bigarren hezkuntzako irakasleentzat prestatzen bada ere, azoka edozein pertsonak bisita dezake. Azoka horretan, UPV/EHUko ikastegi guztietako irakasleek UPV/EHUk eskainiko dituen gradu guztien gainean informazio zehatza emango diete ikasleei, bai modu pertsonalizatuan, baita ikastegiek emango dituzten informazio-saio kolektiboen bidez ere; halaber, unibertsitateko zenbait zerbitzutako langileek informazioa emango diete ikasleei unibertsitatera sartzeko bideen, mugikortasun-programen, graduondokoen, tasa nahiz beken, unibertsitateko ostatu nahiz garraioaren, kirol-jardueren, unibertsitate-orientazioaren eta abarren gainean ere.

UPV/EHUk bere hiru campusetan egiten ditu Unibertsitate Orientaziorako Azokak; ondoz ondoko hiru larunbatetan egiten dira, egun bakoitzean campus batean alegia. Azokei aurreko astean Arabako Campusean hasiera eman zitzaien eta, Gipuzkoako Campusean ospatu ostean, Bizkaiko Campusean amaiera emango zaie, otsailaren 4an, Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatean (Sarriko).

UPV/EHUk urtero garatzen du Unibertsitatera Sartzeko Programa, unibertsitate-aurreko ikasleek ahalik eta informazio gehien izan dezaten ikasketak hautatu aurretik, eta Unibertsitate Orientaziorako Azokak programa horren baitan kokatuta daude, haren bigarren fasean. Lehen fasean, bigarren hezkuntzako ikastetxeetako eta goi-mailako prestakuntza-zikloetako orientatzaileekin hainbat topaketa egin ziren, azaroan eta abenduan. Programari amaiera emateko, Ate Irekien Jardunaldiak egingo dira, martxoan, eta horietan parte hartzeko, bigarren hezkuntzako eta lanbide-heziketako beren ikastetxeetan eman beharko dute izena ikasleek.

UPV/EHUko KOMUNIKAZIO BULEGOAk
editatutako informazioa


Hasierako eguna 2012/01/28

Amaiera eguna 2012/01/28


Azken eguneratzea: 2012/01/23