
Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak aurten ere antolatu ditu Unibertsitate Orientaziorako Azokak, unibertsitate-aurreko ikasleen zalantzak argitu eta ikasketak hautatzen laguntzeko asmoz. Azoka horietan, UPV/EHUko ikastegi guztietako irakasleek nahiz unibertsitateko zenbait zerbitzutako langileek informazio zehatza emango diete ikasleei, bai UPV/EHUk eskainiko dituen gradu guztien gainean, baita unibertsitatera sartzeko bideen, mugikortasun-programen, graduondokoen, tasa nahiz beken, unibertsitateko ostatu nahiz garraioaren, kirol-jardueren, unibertsitate-orientazioaren eta abarren gainean ere.
Funtsean unibertsitate-aurreko ikasleentzat, haien gurasoentzat eta bigarren hezkuntzako irakasleentzat prestatzen badira ere, azoka horiek edozein pertsonak bisita ditzake. Ondoz ondoko hiru larunbatetan egiten dira, egun bakoitzean campus batean. Lehen azoka Gipuzkoako Campusekoa izango da; urtarrilaren 15ean egingo dute, Ignacio Mª Barriola eraikinean (Ikasgelategia). Arabako Campusekoa urtarrilaren 22an izango da, Farmazia Fakultatean, eta Bizkaiko Campusekoa urtarrilaren 29an egingo dute, Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatean (Sarriko). Azoka guztiak 09:00etatik 14:30era egongo dira zabalik.
Azoka bakoitzean hiru campusetan eskainiko diren gradu guztiei buruzko informazioa jaso ahal izango da, bai modu pertsonalizatuan, baita ikastegiek emango dituzten informazio-saio kolektiboen bidez ere. Informazio-saio horien ordutegia helbide honetan kontsulta daiteke: www.ehu.es.
UPV/EHUk urtero garatzen du Unibertsitatera Sartzeko Programa, unibertsitate-aurreko ikasleek ahalik eta informazio gehien izan dezaten ikasketak hautatu aurretik, eta Unibertsitate Orientaziorako Azokak programa horren baitan kokatuta daude, haren bigarren fasean. Lehen fasean, bigarren hezkuntzako ikastetxeetako eta goi-mailako prestakuntza-zikloetako orientatzaileekin hainbat topaketa egin ziren, azaroan eta abenduan, 'Unibertsitate Orientazioko Jardunbide Egokiak' izenpean. Programari amaiera emateko, Ate Irekien Jardunaldiak egingo dira, martxoan, eta horietan parte hartzeko, bigarren hezkuntzako eta lanbide-heziketako beren ikastetxeetan eman beharko dute izena ikasleek.
Hasierako eguna 2011/01/15
Amaiera eguna 2011/01/15