
Uztailaren 12 eta 13an, nazioarteko zientzialari ugarik 'kanal ionikoen' arloan egiten ari diren aurrerapenak eztabaidatuko dituzte. Kanal ionikoak proteinak dira, hainbat gaixotasunen aurkako botikak garatzeko funtsezkoak, besteak beste, mina, epilepsia, arritmiak, buruko gaixotasunak edo minbizia.
Biltzarra Indautxu Hotelean izango da, eta Biozientzietako Ikerkuntza Kooperatiboko Zentroa, CIC bioGUNE, eta Biofisikako Unitatea (CSIC-UPV/EHU) erakundeek antolatu dute. SICI-Consolider (Spanish Initiative on Ion Channels) partzuergoak sei hilero egiten dituen bilera zientifikoen programaren baitan dago, eta, zentzu horretan, ikerketa zientifikoaren arloko bi pertsona ospetsuk hartuko dute parte, besteak beste: Bartzelonako Unibertsitateko Manuel Palacín irakasleak, eta Jacqueline Gulbis ikertzaile australiarrak.
Gulbis irakasleak potasio-kanalaren lehen kristalizazioan parte hartu zuen; lan horregatik, 2003ko Kimikako Nobel saria eman zioten Roderick MacKinnon jaunari, garai hartan bere nagusia zenari. Mintz zelularreko proteina integralen egitura ikertzean egindako ahalegin gehienak zapuztu zituzten oztopo zientifikoak gorabehera, MacKinnon eta Gulbis ikertzaileek eta Rockefeller Unibertsitateko lankideek potasio-kanal baten arkitektura azaltzea lortu zuen 1998an, X izpien kristalografiari esker.
SICI-Consolider partzuergoak bost urteko iraunaldia du (2008-2012) eta Elcheko Miguel Hernández Unibertsitateko Antonio Ferrer-Montiel ikertzaile ospetsuak koordinatzen du. Erakunde horren helburu nagusia kanal ionikoak ikertzea da, minaren, kitzikakortasunaren (bihotzeko arritmiak, epilepsiak, etab.) eta minbiziaren aurkako terapia berriak garatzeko.
Kanal ionikoak
Kanal ionikoak bizi-forma guztietan funtsezkoak diren mintzeko proteinak dira, eta ondo gordetako egitura dute bakterioetatik gizakietara. Duela mende erdi baino gehiagotik, kanal ionikoen jarduera homeostasi zelularrerako eta osasunaren mantenurako oinarri garrantzitsua dela aitortu da. Hainbat gaixotasunek fisiopatogeniari egindako ekarpenak direla-eta, proteina horiek zenbait botikaren jomuga izan dira; esaterako, antiepiletikoena edo analgesikoena. Are gehiago, kanal ionikoen disfuntzioak, kanalopatia deritzonak, hainbat min eragiten ditu bere baitan. Kanal ionikoen mutazio genetikoekin lotutako 40 kanalopatia baino gehiago aurkitu dira.
Euskal Herria proteina horiek ikertzeko nazioarteko garrantzizko gunea da. Alvaro Villarroel ikertzailearen bitartez, Biofisika Unitateak Europako laborategi garrantzitsuenen jarduera koordinatu du kanalopatien ikerketaren arloan, Europar Batasuneko V., VI. eta VII. programen baitan. Zentzu horretan, proteinen egitura ikertzeko modu oso garrantzitsuan esku hartzen duen ikerketaren alorra da.
UPV/EHUko KOMUNIKAZIO BULEGOA (94-6012065 / prentsa@ehu.es)www.prentsa.ehu.es
Hasierako eguna 2010/07/12
Amaiera eguna 2010/07/13