
Azken mendeotako aurrerapen zientifikoek eta teknologiaren hedapenak sekulako eragina izan dute gizartean, eta funtsezkoak bilakatu dira guztiontzako. Horretarako ezinbestekoa izan da zientzia eta gizartearen artean dibulgazioaren zubia eraikitzea, ikerketaren emaitzak modu ulergarrian plazaratzea, alegia.

Euskal herrian zientziaren eta teknikaren dibulgazioak arazo ugari izan ditu, euskara bera ez baitzegoen maila teknikorako egokituta. Zorienez, lan handia egin da azken urteotan, eta gaur egun unibertsitateko gai ugari euskaraz irakasteaz gain, euskaraz diharduten ikerketa-taldeak ere eratu dira. Honek areagotu egin du euskarazko dibulgazioaren premia, inguru zientifikoetan sorturiko lexikoak eta indartutako tradizioak ez baitute, tamalez, kalean nahikoa oihartzunik izan. Hedabide desberdinetan gai zientifikoak maiz agertzen dira, baina oraindik hutsune asko geratzen dira.

Euskal Herriko Unibertsitateak zientzia- eta teknika-dibulgazioa bultzatzeko EKAIA aldizkaria sortu zuen 1989. urtean. Lehen saio honen iraupena laburra zen, tamalez, eta EKAIAren bidea eten zen, 2. alean, hain zuzen ere. 1995. urtean EHUko irakasle-talde batek, indarberriturik eta hornikuntza hobearekin, inoiz utziriko bideari berrekin zion, bateratasun terminologikoak eta kontzeptu zein aurkikuntza berrien etengabeko agerpenak horrela eskatzen dutelakoan.


EKAIA aldizkaria oinarrizko formazio zientifikoa duten irakurleei bideratuta dago. Haren helburuen artean ondokoak daude: zientzia eta teknikaren alorretan egiten diren aurrerapenak plazaratzea, unibertsitateko ikasleei zein irakaskuntza ertaineko irakasleei testuliburuen osagarriak izango diren materialak eskaintzea, esparru zientifiko-teknikoan euskararen estandarizazioa bultzatzea, eta esparru honetan hizkuntzaren erabilerak sortzen dituen arazoak konpontzen laguntzea. Xede honekin, urtean bitan EKAIA plazaratzen da, alor zientifiko desberdinetako artikuluak biltzen ditu.

2012: EKAIA Ale berezia: Klima-aldaketa.
ISSN: 0214-9001
