Gerra eta informazioa: zerbait aldatu da

 

            Aurreko gerra eta krisietan bezala, oraingoan ere informazioaren erabilera maltzurra nozitzen ari gara. Adibide gisa, Irailaren 11an bertan WTCren aurkako erasoen irudien erabilera, edota palestinarren ospakizunarena; edota egun hauetako albisteak lupu gaixotasunaren inguruan. Lehenari dagokionez, nabaria izan zen telebistek lortu zutena: hots, mundu osoa New York-en gertatzen ari zenari begira jartzea, eta gertakizun haiekin larritu eta emozionatzea. Izandako sarraskiaren neurria ez zen gutxiagorako, jakina. Kontua da ordea azken urteetan sarraski ugari gertatu dela munduaren beste toki askotan, eta haien irudirik ez dugu izan; eta horregatik ez gaituzte hunkitu.

            Palestinarren ospakizunei dagokienez, oso susmagarria izan zen erasoak ospatzen agertzen ziren ume eta nagusien irudiak zein arin zabaldu ziren mundu osora. Lehenengo erasoa goizeko 8:48an izanik, Jerusalemgo ustezko ospakizunen irudiak mundu osoan ikusi ahal izan ziren 11:22an, BBCn bederen (ez dakit beste inork lehenago emango ote zituen). Bi ordu t’erdian albistea New Yorketik Palestinara iritsi zen, jendea poztu, ospatu, hura grabatu, aireratu, eta munduak ikusi. Honen ondorioak kontuan hartzeko modukoak izan ziren: lehenengo unetik, erasoa Ekialde Hurbileko gatazkarekin lotu zen eta, horrekin batera, mundu islamiarrarekin, beste hipotesi batzuk alboratuz (esaterako falange estatubatuarrena). Palestinarrei eginiko kaltearen neurria Arafatek erakutsi zuen aste batzuk beranduago: Bin Ladenen aldeko manifestaldiak galerazi, haien irudiak hartzea debekatu,  eta gogor erreprimitu (polizia palestinarra hiru manifestari hiltzeraino iritsi zen). Ez zuten, inola ere, Irailaren 11koa errepikatzerik nahi.

            Lupua dela-eta, bestalde, jadanik asko dira gaiari susmo txarra hartua diotenak. Izan ere, ustezko “eraso bioterrorista” honen ezaugarriak honakoak dira: Afganistango bonbaketak hasi eta bi egun geroago agertu da lehen albistea; oso izugarria omen da, baina pertsona bakarra hil da orain arte, ustez gaitz honek jota; kaltetutako gehienek gaitzaren bertsio biguna hartu dute, azaleko lupua; gehienbat hedabideen egoitzetan agertu dira hauts susmagarriak; proportzioz kanpoko neurriak eragin ditu (Kapitolioa itxi e.a.); izua hedatu omen du EEBBetako gizartean ezezik hauen politikarekin bat egin duten herrialde gehienetan; eta hedabide askotan, Afganistango bonbaketek eta heriotzek baino askoz espazio handiagoa hartu du.

            Gauzak honela, berriro ere komunikazioaren erabilera interesatuaz mintza gaitezke, eta ezin zen bestelakorik espero. Baina badago egon zerbait, gerra honetan, aurreko kasuetan (Malvinak, Errumaniako krisia, Golkoko guda eta abar) ezberdina dena. Nonbait, krisi honetan aintzindari agertzen den EEBBetako sistema politiko-militarrari gauzak ez omen zaizkio pentsatu bezala ateratzen ari. Hau pentsatzeko zenbait arrazoi dago: al-Jazeera telebistari eginiko presioak, Osama Bin Laden-en bideoaren ustekabeko hedapena, edota interneten dagoen debatea, besteak beste. Krisi honetan informazioaren arloan agertu den berrikuntzak, nire aburuz, zerikusia du informazioaren teknologia berrien hedapenarekin. Horixe azaltzen saiatuko naiz hurrengo paragrafoetan.

            Alde batetik, satelite-bidezko telebistak hartu duen garrantzia dugu. Kasurik nabarmenena al-Jazeera telebista dugu. Munduko ia txoko guztietatik dohan har daitekeen telebista honek hankaz gora jarri du EEBBetako medioek aurreko krisietan izan duten hegemonia. Lehendik mundu osoko arabiarren artean itzal handikoa bazen (kontuan har dezagun arabiarrek, arrazoi ezberdinengatik, guk baino dexente gehiago erabiltzen dutela satelite-bidezko telebista), orain itzal hori mendebaldeko gizarteetara ere hedatu da, eta hortik EEBBetako sistema politiko-militarrak erakutsi duen kezka (lehenik telebista eta haren jabeak zuzenean presionatuz, gero emanaldi-tarteak erosi nahirik, e.a.). Bestalde, telebista arabiar honez gain, beste zenbait katea garrantzi handikoak dira krisi honen jarraipena egiteko (BBC adibidez). Interes amerikarrekiko alde handiago edo txikiagoarekin, beste ikuspegi bat hedatzen da horrela herrialde askotara.

            Satelite-bidez telebista mundu osora hedatze hau kontuan hartu beharra dago Bin Ladenen bideoaren zabalkuntza eta eragina ulertu ahal izateko. Bushek bonbaketen hasiera iragarri, eta ordu gutxian erantzun dio Bin Ladenek, berriro ere mundu osoari zuzendurik, gatazkaren “bigarren aldea” nabarmen utziz. Gerora etorri dira Bushen kexuak eta erreguak berriro horrelakorik gerta ez dadin. Baina erdipurdiko arrakastarekin: EEBBetako telebista-kanal handienek haren eskakizunei men egin badiete ere, jadanik beste batzuek (BBCk adibidez) esana dute irizpide propioekin jokatzen jarraituko dutela. Horregatik, komunikazio-sistema nazionalak hegemonia galtzen hasiak diren garai honetan, Bushen garaipena ez da hain handia izan.

            Satelite-bidezko telebistak estatu jakinen interesetara makurtutako hedabide nazional handien hegemonia zalantzan jartzen hasi badira, joera bera areagotzen du interneten zenbait erabilerak. “Presidentearen frustrazioa zera da: informazio-jario librea duen informazioaren aroan bizi garela” esan omen du John Bonin EEBBetako koronelak. Baieztapena gehiegizkoa da (ustezko askatasun horretan, usteak erdia ustel), baina pentsatzeko modukoa da internetak ematen duen jokorako maniobra. Manuel Castellsen hipotesia da informazioaren teknologia berriak sortu zireneko lekuak eta garaiak (California, hirurogeita hamarreko hamarkadaren hasiera) beren izaera ezarri ziotela zenbait komunikaziobideri, besteak beste interneti: komunitatearen eta askatasunaren zentzua, besteak beste. Hipotesi baikorregia izan liteke, baina zer pentsatua ematen du gaur egun gertatzen ari denak. Egunotan, krisi hau modu kritiko eta alternatiboan tratatzen duten webgune ugari aurki daitezke sarean (ikus, adibidez, indymedia.org). Horrela, Bin Ladenen hitzaldiak EEBBetako telebistetan zentsuratuak diren arren, haien transkripzio eta itzulpenak eskura daude; eta, horra paradoxa, estatubatuarrak dira interneten erabilera handiena egiten dutenak. Gauza bera lupuarekin: hedabide handienek beren espazioak gaitz susmagarri horrekin betetzen dituzten bitartean, sarean beste informazio ugari aurki daiteke.

            Informatzeaz gain, gainera, internet desinformatzeko eta toxikatzeko ere erabili da gerra honetan, baina oraingoan sistema hegemonikoaren aurka. Har ditzagun, adibidez, arestian aipatutako palestinarren ospakizunen irudiak. Esan dugun moduan, oso tarte laburrean hedatu ziren mundu osora, ondorio ezberdinak eraginez. Baina hurrengo egunerako milioika zabaldu zen posta elektronikoz mezu bat, irudi haiek faltsuak (hamar urte lehenagokoak alegia) zirela esanez. Zurrumurrua bera zen faltsua, gerora jakin denez; baina zera lortu zuen: lehenengo unetik ere, krisi honi buruz jasotzen ari ginen informazioaren aurrean erne ibili behar genuela, oso informazio hauskorra baitzen. Nahita edo nahi gabe, zurrumurru honek bere lekuan utzi zituen gauzak: esaten diguten guztia izan daiteke gezurra.

            Krisi honek, bestalde, interneten erabileraren zabalpena bultza dezake. John Katz mediologoak zera diosku honetaz: “Istorio handiek medioak eraldatzen dituzte. Irratiak II. Mundu Gerran jo zuen goia, eta telebistak John F. Kennedy-ren heriotzarekin lortu zuen adin-nagusitasuna. Elvis-ek eta bere heriotzak masentzako egunkari populisten sorrena markatu zuten. WTC eta Pentagonoaren aurkako erasoek eta haien ondorioek informazioaren bilakaeran beste jauzi bat dakartela ematen du, gero eta gehiago: sarea bilakatzen ari da gure (estatubatuarrez ari da) komunikabide serioen, anitzen eta, zalantzarik gabe, libreen.”

            Informazioaren teknologia berriekiko liluramendua gora behera, egia da bai satelite-bidezko telebista bai internet, gaur-gaurkoz, erabilera urrikoak direla, ohiko hedabideen aldean. Baina honako paradoxa ere gertatzen ari da: hedabide berri hauen eraginkortasuna ohiko hedabideak beraiek ari dira biderkatzen. Gure inguruan bertan ikusi ahal izan dugu nola telebista eta egunkari handietan iturri berrien bilaketa egiten ari den, ajentzia eta medio hegemonikoez haratago. Bilaketa horretan teknologia berriek garrantzia handia hartu dute. Horrela, nabarmena da medio handietan internetetik zein satelitetik jeitsitako informazio eta irudien presentzia. Eta horrekin batera, paradoxikoki ere, ohiko medioek, zenbait kasutan, informazio eta analisiak sakontzera bultzatzen dituzte hartzaileak, internetera gonbidatuz. Guzti honekin, gainera, aspaldian informazio-iturri hegemonikoekiko menpekotasunera ohituegi zegoen kazetaritza-lanari zentzu eta duhintasun handiagoa emanez, ezaugarri horiek eskuratu nahi dituzten medioetan bederen.

            Zentzuzkoa ote da, hartara, Castellsen hipotesia? Hurbilduko ote gara oraingo honetan eta Katzek uste duen legez, hariz elkarlotutako komunitatearen izaerara? Edo, Habermasek iragarri duen “eremu publiko” berria sortua ote da jadanik? Goizegi izango da, seguru asko, galdera hauei erantzuteko. Oraingoz, gera nadin hondamendira doala dirudien mundu honetan itxaropen izpi batekin. Eta amaitzeko, honek guztiak sortarazitako gogoeta bi.

            Lehena: beste krisi batzuetan bezala (esaterako Vietnam-go gerran), oraingoan ere EEBBetako sistema politiko-militarrak zer ikasia izango du bere galeretatik. Honez gero gogoetaren bat egina izango du, eta susmatzekoa da aurrerantzean neurriak hartuko dituela informazioan izan duen hegemonia berreskuratzeko. Honek eragina izan lezake teknologia berrien erabileran.

            Bigarrena: nahiz eta, esan dugunaren arabera, krisi honen inguruan ikuspuntu alternatibo eta kritikoagoa izateko baliabideak eduki; eta nahiz eta, dirudienez, ikuspuntu horiek hedatzen egon, ez da antzematen horren eragin sozialik mendebaldeko herrialdeetan. Jendearen adostasunarekin edo gabe, EEBBetako agintariek eta beren jarraitzaileek (Europako agintarietatik hasita) aurrera darraite beren estrategia ankerrarekin. Eta ez da ikusi estrategia hori aldaraz dezakeen gizarteko mobilizaziorik. Arrazoietako bat honakoa izan daiteke: gutxienez azken mendean zehar, iritzi publikoaren joko-zelaia estatu-nazioarena (edo egitura hori zalantzan jartzen zuen herriarena) izan da, zelai horretara egokitu direlarik jendearen “iritzietatik” ekimen sozial eta eraginkorretara pasatu ahal izateko egiturak: erakundeak eta gizarte zibila. Krisi honetan, ordea, gerraren aurka eta mundu zuzenago baten alde osa daitekeen iritzi publikoak ez du berezko gizarte zibilik, iritzia sozialki emankor bihurtu ahal izateko. Beste hitz batzuetan, ez dago munduko arazoak beste modu batera planteatu nahiko genituzkeen guztiak batuko gaituen gizarte zibilik, globalizazioaren aurkako mobilizazioetan aurrerapausu handiak eman diren arren. Agian, bide berriak jorratu bitartean, eta iritzia iritzi soilean gera ez dadin, “think globally, act locally” lelo ezaguna gauzatu beharko dugu, eta hurbilen ditugun botere-egiturak presionatu, erabateko hondamendira garamatzan estrategiatik aldendu daitezen.  

 

                    Josu Amezaga