WAFA albiste agentzia palestinarra

ALBISTEEN BOLUMENAREN BILAKAERA DENBORAN ZEHAR

Wafa albiste agentzia Palestinaren informazio-emaile nagusia da eta Palestinari buruzko berriak hedatzen ditu batipat. Horregatik, gainontzeko herrialdeei buruzko informazioa Palestinan izan dezaketen eraginaren arabera tratatzen dira. Gauzak horrela, azterturiko epealdian jasotako albisteen %86,6 Ekialde Hurbilari buruzkoak dira, Israel eta Palestinaren arteko auziari buruzkoak, hain zuzen.

2001ko irailak 12tik urte bereko azaroak 15ra luzatzen den denboraldian, 209 albiste adierazgarri jaso ditugu. Dena den, egun guztiak ez dira suertatu albiste kopuru antzerakoekin, ez eta horiek gure gaiari lotuta duten garrantzi berdinarekin ere. Albiste kopururik altuenak atentatuen ondorengo egunetan[1] eta Iparraldeko Aliantza Kabulera abiatzen zenean[2] aurkitzen ditugu, egun bakoitzak azterketa osoaren %2,4 suposatzen duelarik. Beraz, Afganistanen aurkako eraso militarrari buruzko berririk ia ez zuen eman Wafak, aurretik azaldu ditugun arrazoiak direla medio. Beste alde, aipatu berri ditugun albiste kopuru altu horietan guztietan, palestinar Estatua sortzearen aldeko nazioarteko jarrerak jasotzen dira, non AEBek garrantzi berezia eskuratzen duten. Era berean, auzi zehatz horri eskainitako albisteak Bush Presidenteak palestinar Estatuaren aldeko bere jarrera azaldu baino lehenagoko egunetan ugaldu ziren eta ez, ordea, hori ofiziala egin zenetik aurrera[3]. Argitu beharra dago atentatuen osteko lehengo epe horretan Dorre Bikien eta Pentagonoaren aurkako erasoaren berri emateko, palestinarrek AEBei euren elkartasuna igartzearen ondoriozkoak direla, hau da, zabaldu zen palestinarren irudia ezeztatzeko informazioa zabaldu zuen Wafak[4]. Era berean, Afganistani eskainitako hiru albisteetatik, bi iritzi artikuluak izan dira[5], eraso horrek Palestinan izan dezakeen eraginaren arabera eta Israelekiko auzia etengabe gogoratuz.

Gauzak horrela, AEBen Afganistango eraso militarrak ez zuen Wafaren agenda markatu, ez eta emandako lupu kasuek ere. Deigarria da, ostera, urriak 24ean AEBek Israeli okupazioa etentzeko eskatzeak, zeren eta Israelen erasoak ugaltzeak nahiz horiei buruzko iritzi artikuluek egun horietako albiste kopurua hazi zituzten. Beraz, sarreran azaldu bezala, Wafaren ikuspuntua zeharo zentralista suertatu da Afganistango eraso militarrari eta lupu kasuei dagokienez, baita atentatuei buruzko datuei dagokienez ere.

Beste alde, Budd eskalaz baliatuz, azterturiko epean zabalduriko albiste guztien artean, izan duten nabarmenduraren arabera ere sailka ditzakegu. Horrela, garrantzi gehiago eman zaie bake-prozesuari lotutako berriei. Dena den, salbuetsi behar dugu irailak 13an emaniko albisteak, ondokoak bi puntu t'erdi eskuratu zuelarik: "Ikasle palestinarrak zutunik jarri dira Amerikar herriko biktimen memoriaren alde". Beraz, albiste kopuru absolutuak aztertzean eratorritako ondorio berberetara jo behar dugu orain ere, hau da, lupuak eta Afganistanen aurkako eraso militarrak ez dute albistegarritasunik eskuratu Wafa albiste agentzian.

GAIEN AZTERKETA

Azterturiko epealdian hiru gai nabari ahal izan ditugu, ondokoak alegia: Palestina eta Israelen arteko auzia (hau da, Ekialde Hurbila izenarekin aztertu duguna), Dorre Bikien eta Pentagonoaren aurkako atentatuak eta, azkenik, Afganistanen aurkako eraso militarra. Aurrerago esan bezala, lehen gai horrek jasotako albiste guztien % 86,6 suposatzen du. Horren haritik, gai nagusia Palestina eta Israelen arteko auzia suertatu da. Bigarren eta hirugarren gaiei dagokienez, aurreko horrekin duten zerikusiaren arabera agertzen dira.

Bestalde, lehenengo gaitzat jo dugun horretan, zenbait azpisail bereiz ditzakegu. Horrela, interes gehien eskuratzen duena Arafat Presidentea da, ordezkatzen duen erakundea eta nazioarteko mailan duen garrantzia kontuan harturik. Era berean, Israelen erasoak banan-banan aipatzen dira, horien kopurua haunditzen dela erakusteko asmoz. Horren ildotik, buruzagi atzerritarrei eskaintzen zaien arreta deigarria egin zaigu, Palestinaren aldeko jarrera erakusten dutenean batez ere. Azkenik, Palestinako talde armatuek ez dute agerpenik eskuratzen albiste agentzi honetan.

Wafa definitzen duten ezaugarriei dagokienez, bi ekarpen esanguratsu geuregana ditzakegu. Lehenengo eta behin, Bush Presidenteak palestinar Estatuari buruzko adierazpenak egin aurretik eta AEBek Afganistan bonbardeatu aurretik, Colin Powell etengabe jartzen zen harremanetan Arafat Presidentearekin. Izatez, Colin Powellen deiak bikoiztu edota hirukoiztu ziran aipaturiko epealdi horietan, Dorre Bikien eta Pentagonoaren aurkako atentatuak gertatu aurreko denboraldiarekin alderatuz gero. Horrela, Afganistango eraso militarra hasi baino lehen, Colin Powellek ia egunero deitu zion Arafati[6], joera hori urriak 13an amaitu zelarik, azaroak 21era arte ez baitzion berriz deitu, hau da, Iparraldeko Aliantza Kabulen sartu eta gero. Atentatuen aurretik, ordea, irailak 1tik 11ra behin baino ez zion deitu Powellek[7]. AEBek palestinar auziarekin erakutsi zuten distentsio harremana ez zen Estatua sortzearen aldeko adierazpenetara mugatu, baizik eta Powell Estatu Idazkariak eta Bush Presidenteak Arafatekin izandako trataerari ere aplika dakioke. Modu horretan, Bushek eskuz idatzi zuen gutun batekin eskertu zion Arafati horrek atentatuengatik adierazitako doluminei[8], esate baterako. AEBek ez ezik, gudan sartu nahi zuten herrialdeen buruzagiek ere Arafatekin harremanetan jartzen ziren lehenago, aurrera pauso bat balitz bezala. Zentzu horretan, Tony Blair, Europar Batasuna eta Aznarren deiak koka ditzakegu[9]. Azken kasu horretan, beren-beregi ematen da arrazoitzat, hurrengo egunean Aznarrek Bush Presidentearekin bildu behar izatea.

Bigarrenez, Ekialde Hurbileko hedabidea den heinean, bertoko bake-prozesuak garrantzi gehien eskuratzen duen gaia izan da. Beraz, iritzi artikuluez gain, sarrien errepikatzen den joera horretan datza, hots, Israelen erasoak salatzean, "Su-etenaren ezbetetze israeldarrak" lelo adierazgarripean. Hala ere, aipatu behar dugu artikulu hori ez zela bakarrik irailaren 11tik aurrera jaso, baizik eta aurrerago ere bai, nahiz eta egun horretatik aurrera Israelen erasoak maizago gertatu.

Maria GONZÁLEZ GOROSARRI



[1] Irailak 13, 22 eta 27.

[2] Urriak 23, azaroak 3, 6 eta 12.

[3] Hots, urriak 3tik aurrera.

[4] Besteak beste, irailak 12ko ondoko titularra: "Arafat Presidenteak odola eman du, ehundako palestinarren antzera, AEBetako eraso kriminalen ondoriozko biktima erugabeen alde" edota irailak 14ko beste hau: "Mediku amerikarrek eskertu dute tragedia amerikarraren aurrean palestinarrek izandako erreakzioa".

[5] Urriak 10ko "Berradiskidetzearen alde, bakoitzaren interesen gainetik" eta azaroak 11ko "Ikasgaia ikasi ez dutenen adierazpen patetikoa", Wafako Politika Editoreak sinatuta.

[6] Irailak 20, 22, 23, 24, 28, 29 eta urriak 2, 5 eta 13.

[7] Irailak 6an, alegia.

[8] Urriak 18.

[9] Urriak 11, azaroak 6 eta azaroak 28, hurrenez hurren.