The Nation (“Nawa-I-Waqt”) Pakistan

 

SARRERA

            Datuen hustiaketarekin hasi aurretik interesgarria eta komenigarria iruditzen zait bai nire hedabidearen bai lana beraren inguruko iruzkin batzuk egitea labur-labur bada ere.

NAWA-I-WAQT (The Nation)

            Jordania-ko egunkari bat aukeratu eta bere berriak aztertzen hasi arren eta Omán-go beste batenak geroxeago, azkenean Pakistan-go batekin geratu naiz berarekin lan egiteko, alde batetik itzultzailea erabiliagatik albisteak sarritan ulergaitzak zirelako eta beste alde batetik interesgarria zela uste izan dudalako. Afganistan-go hedabide baten bila ibili naiz baina ez dudanez topatzerik izan, Pakistangoren bat aztertzea erabaki dut, herrialde horrek pisu handia hartzen joan baita guk aztertu beharreko krisialdian, batez ere jazoerak aurrera joan ahala.

            Nire egunkariak “The Nation” du izena eta “Nawa-i-Waqt” egunkariaren edizio berezia da, online-koa eta gainera zuzenean ingelesez idatzita. “Nawa-i-Waqt” egunkaria Urdu hizkuntzan egina dago, Islamabad, Karachi, Lahore eta Multan hirietan egoitzak ditu eta Pakistan osoan saltzen da. “Nawa-i-Waqt”-a izen bereko argitaletxe taldearena da eta argitaletxe talde hori Pakistango indartsuena da une honetan. Ezin izan dut lana hasi aurretik, egunkariaren edo argitaletxe taldearen jarrera ideologikoa zein den azaltzen duen tokiren bat aurkitzea.

ZENBAIT ARGIPEN

            1. Nire iritziz, ateratako datuek adierazgarriak eta errepresentatiboak izan daitezke. Bai hizkuntzagatik albisteren bat ulertu ez dudanean zein gure azterketarekin bat datorren jakiteko zalantzak izan ditudanean, ez dut albiste hori taulan sartu, baina egun bakoitzean arazo horien kopurua gutxi gora-behera bera izan denez, egun bakoitzetik ateratako datuak nahiko fidagarriak direla uste dut. Alboratu ditudan albiste gehienak ekonomiakoak eta kanpoko erreakziokoak ziren, hizkuntzagatik zentzua harrapatzen ez nielako, termino ekonomikoetan jantzia ez naizelako edota aipatzen ziren pertsonak nortzuk ziren eta zein funtzio, garrantzia edo zer edo nor ordezkatzen zuten ez nekielako. Dena den, kanpoko erreakzioen gaia albiste gehien biltzen dituena izaten mantendu da.

             2. Nire egunkaria Pakistangoa izanik, batez ere Pakistani buruz eta herrialde horrek Afganistángo gerratean izandako parte hartzeari lotutako albisteak argitaratzen aritu da. Momentu honetan gaurkotasun handikoa den India eta Pakistanen arteko tira-biren gaiari lotutako albiste asko ere argitaratu izan dira guk aztertu beharreko epean, baina gure gaiatik apur bat aldentzen zela ulertu dut eta horregatik albiste horiek sailkapenatik kanpo utzi ere.

            3. Sailkapena egiteko orduan arazo franko topatu ditut. Batzuetan, albiste asko hiru edota lau multzo ezberdinetan sar genitzakeen, multzo horiek nahiko berdintsuak baitziren, “AEB-en erreakzioak” eta “George Bush” gaiak esate baterako, eta beste batzuetan albiste batzuek nahiz eta erlazioa izan gure gaiarekin, ez zegoen non sartzerik, albiste horretarako multzorik ez genuelako eta horren ondorioz kanpoan utzi behar izan ditut.

            4. Aurkitutako beste arazo bat ondorengoa izan da: ez dira gure aztertu beharreko epeari dagozkion egun guztiak Internet-en azaldu, horren zergatirik jakitea ere lortzea izan ez dudalarik. Beraz, besterik gabe, egun batzuk falta dira, batez ere irailako azken zatiari dagozkionak.

            5. Hasieran konturatu ez arren, irakasleak itzulitako taula eta datuetan akats batzuk daudela antzeman dut datuen azterketa eta hustiaketa egiterakoan: irailak 21-ari dagozkion datuak, irailak 21-aren eta irailak 23-aren batuketa dira, irailak 23-ari buruzko daturik agertzen ez delarik. Beraz, azterketa egiteko orduan datu banaketa egin dut bi egun horien artean, eta Budd eskalan egun bakoitzari datu berriekin dagozkien puntuak gutxi gora-behera egokitu.

             Halaber, urriak 4-ren eta urriak 5-aren datuak oker daude. 7 eta 5 albiste eduki beharrean, 12 eta 11 albiste izan dituzte aipatutako egunek hurrenez hurren. Bertan ere, ahal moduko egokipena egiten saiatu naiz Budd eskalari zegokionez. Era berean, nahiz eta urriak 6, 7 eta 8-ko egunak aztertu, ez dakit zergatik itzulitako tauletan ez dira beraiei buruzko daturik azaltzen, beraz ez ditut azkenean kontutan hartu.

            6. Argazkiekin ere arazo bat zegoen. Lehenengo orrialdean bat edo bi bakarrik agertzen ohi ziren eta gehiago ikusteko arratoiarekin sakatu egin beharra zegoen beraz, albiste batzuek agian puntu gehiago izan behar lituzkete Budd eskalan, lehenengo orrialdean bakarrik agertutakoak hartu baititut kontutan, zeren eta nahiz eta sakatu eta gainontzekoak ikusi, zein albisteei zegokiten ez zegoen argi.

Albisteen bolumenaren bilakaera denboran zehar

Albiste kopuru absolutuak

            Irailaren 12-tik azaroaren 15-eraino doan epean, hau da guk aztertu beharreko epearen buruan, guztira 916 albiste bildu ditut nire egunkaritik gure analisirako gaiaren inguruan. Kontutan hartu beharreko datu bat lehen aipatu bezala, egun guztietako albisteak jasotzea ezinezkoa izan dudala da. Hau, egun horietan web orrialdean informaziorik sartuta ez zegoelako gertatu da, hau da, egunaren data pantailan arratoiarekin sakatzean, orrialdea hutsik azaltzen zitzaidan. Ez dakit zer dela eta egun batzuetako informazioa ez duten web orrialdean sartu.

            Hau guztia aintzat hartuta, 51 egun izan dira aztertu ahal izan ditudanak. Beraz, ia 18 albiste eguneko, zehatz-mehatz 17,96 albiste egun bakoitzeko. Albiste gehien zekarren eguna urriaren 13-a izan da 24 albistekin, hau da, albiste kopuru guztiaren ia %3-a, %2,84-a konkretuki egun horretan argitaratu zen. Aitzitik, berri gutxien zekarrena irailaren 12-a 8 albistekin, hortaz, atentatuen egunaren ondorengo eguna. Gehien errepikatutako albiste kopuruak 18 eta 19-koak izan dira, bakoitzak 7 egunetan.

            51 egun aztergai nituenez gero, datuak hiru bloke ezberdinetan bilduta aztertu ditut, bloke bakoitzak 17 egunekoa:

1) Lehenengo blokea: irailaren 12-tik urriaren 12-arte. Informazioa aurkitu ez dudan egun guztiek bloke honi dagokie. Horiek, irailak 17, 18, 22, 24, 25, 26, 27, 28, 29,  eta 30 eta urriak 6, 7, 8 (egun hauek aztertu ditut baina ez dira itzulitako tauletan azaltzen) eta 10 dira.

2) Bigarren blokea: urriaren 13-tik urriaren 29-rarte.

3) Hirugarren blokea: urriaren 30-rretik azaroaren 15-eraino.

 

Lehenengo blokea

            Irailaren 12-tik urriaren 12-ra doan tartean, guztira 280 albiste jaso ditut. Beraz, egun bakoitzeko 16,47 albiste. Bloke honetako 280 albiste horien, kopuru guztiaren %30,57 suposatzen dute. Albiste gehien argitaratutako eguna urriaren 9-a izan zen, 24 albistekin. Hortaz bloke honetan bildutako albiste guztien %8,57-a egun horretan argitaratu zen. Halaber, albiste gutxieneko eguna irailaren 12-a dugu, epearen albisteen %2,86-a egun horretan argitaratu zelarik.

            Gehien errepikatutako albiste kopuruak 16 eta 20 dira, bakoitzak hiru egun ezberdinetan eman direlarik. irailaren 15-ak, 16-ak eta 23-ak  16 albiste izan zituzten eta urriaren 1-ak, 3-ak eta 12-ak 20  berri bakoitzak.

Bigarren blokea

            Urriaren 12-tik urriaren 29-raino doan egun tartean, orotara 329 albiste pilatu ditut, hau da, 19,35 albiste egun bakoitzeko. 329 albisteko kopuru horrek, gure azterketarako albiste guztien %35,92-a osatzen du. Berri gehieneko eguna, urriaren 13-a izan zen 26 albistekin, hortaz, 17 eguneko bigarren bloke honetako albisteen %7,90-a egun horretan argitaratu zen. Beste aldetik, urriaren 16-a da albiste gutxien zekarren eguna, 11 albiste bakarrik zekartzalarik, edo gauza bera dena, epe honetako albiste guztien %3,34-a bakarrik argitaratu zen egun horretan.

            Gehien errepikatutako albiste kopurua 19-koa da. Lau egun ezberdinetan 19 albiste argitaratu ziren, urriaren 17, 18, 23 eta 25-ean hain zuzen ere. Era berean, urriaren 14, 21 eta 24-an 18 albiste eta urriaren 15, 22 eta 29-an 23 albiste.

Hirugarren blokea

            Urriaren 30-rretik azaroaren 15-era doan epean berriz, 307 albiste ezberdin jaso ditut, egun bakoitzeko 18,06 albiste suposatzen duena. 307-ko kopuru hori kopuru osoaren %33,52-a da konkretuki. Albiste gehieneko eguna azaroaren 12-a dugu, 24 albistekin, bloke honetako albiste guztien %7,82-a egun honetan jaso nituelarik. Aitzitik, albiste gutxieneko eguna azaroaren 1-a izan zen 10 albistekin, hau da, epe honetako albiste guztien %3,26-a soilik jaso ahal izan nuen egun horretan.

            Epe honetan gehien errepikatutako albiste kopuruak 18 eta 21 izan dira. Urriaren 31-n eta azaroaren 5-ean eta 11-n 18 albiste bildu ditut, azaroaren 4, 7 eta 9-an aldiz, 21 albiste.

Albisteei emaniko nabarmendura (Budd eskala)

            Budd eskalari so egin behar diogu albisteei emandako nabarmendura edo garrantzia zein izan den jakin ahal izateko. Gauzak horrela, 916 albisteek 1.184 puntu suposatzen dute edo berdina dena, 51 egun horietan 23,22 puntu egun bakoitzeko. Puntu gehien batutako egunek urriaren 13 eta 22-a izan dira, bakoitzak 33 punturekin, hau da, bi egun horietan puntu guztien %2,79-a bildu dira. Bestalde, azaroaren 1-a da puntu gutxien jaso duena, 13 puntu besterik ez, puntu guztien %1,10 bakarrik.

 

        

Aurreko puntuan erabilitako hiru blokeak berriz ere oinarritzat hartuta, datuak ondorengoak lirateke:

Lehenengo blokea

            Irailaren 12-tik urriaren 12-ra doan epean, 360 puntu, 21,18 puntu egun bakoitzeko, lortu dute denbora tarte horretan jasotako albisteek, beraz, puntu guztien %30,41-a lehenengo 17 egun horietan lortu dira. Puntu gehien eskuratutako eguna urriaren 9-a da 31 punturekin, bloke honetako puntuen %8,61-a hain zuzen ere. Beste aldean urriaren 5-a daukagu, 14 punturekin eta epe honen puntu kopuruaren %3,89-a baino atzematen ez duelarik.

            Epe honetan gehien errepikatutako puntuazioak 17, urriaren 4 eta 11-n, 20, irailaren 15 eta 23-an eta 21, irailaren 13 eta 21-ean, izan dira.

Bigarren blokea 

            Urriaren 13-tik urriaren 29-ra doan tartean, albisteek 433 puntu lortu dituzte, egun bakoitzeko 25,47 puntu. 433 puntu horiek, kopuru osoaren %36,57-a suposatzen dute. Urriaren 13 eta 22-a dira puntu gehien eskuratutako egunak, egun bakoitzeko albisteek 31 puntu jaso dutelarik. Bai batak zein besteak beraz, epe honetako puntuen %7,16-a lortu dituzte. Urriaren 16 aldiz, puntu gutxieneko eguna dugu, 14 punturekin bakarrik eta bigarren bloke honen puntu guztien %3,23-a baino eskuratzen ez duelarik.

            Bloke honetan gehien errepikatutako puntuazioa 26 puntukoa da, urriaren 14, 27 eta 28-an atzemanda.

Hirugarren blokea

            Urriaren 30-tik azaroaren 15-erainoko denbora tarteko albisteek 391 puntu batu dute, 23 puntu egun bakoitzeko. Bloke honeko berriek puntu lortutako 391 puntuek, kopuru guztiaren %33,02-a dira. Egun emankorrena azaroaren 12-a dugu 30 punturekin eta hirugarren blokearen puntu guztien %7,67-a lortzen duelarik. Antzuena berriz, azaroaren 1-a da 13 punturekin eta bloke honetako puntu guztien %3,32-a bakarrik biltzen dituelarik.

            Hirugarren bloke honetan gehien errepikatutako puntuazioa 26-koa izan da berriz ere eta berriro ere hiru egunetan, azaroaren 4, 7 eta 14-ean hain zuzen.

Gertaera nagusien kronikarekiko erkaketa

            Nire iritziz, nire hedabideak irailaren 11-kako atentatuen ondorioz guk aztertutako krisialdiari behar moduko garrantzia eman dio, zeren eta 51 egunen buruan mila albiste inguru, egun bakoitzeko ia 18 informazio inguru plazaratzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, aitzitik, berri nahikotxo dirudite.

            Dena den, azpimarragarria da albiste gutxieneko eguna irailaren 12-a izatea, hau da New York eta Washington-eko atentatuen hurrengo eguna. Datu arraroa dela uste dut, batez ere hemen behin eta berriro, uneoro, atentatuen bueltan hitz egiten zelan egon ginen gogoratuz. Eta ondorengo egunak ere ez dira albiste gehiengokoak, bataz besteko eguneko 18 albiste horiek irailaren 19-rarte ezbaititugu gaindituta ikusten.

            Urriaren 13-a albiste eta puntu gehien (urriaren 22-arekin batera) biltzen duen eguna dugu, hau da Afganistángo gerratea hasi eta bost egunetara. Nire aburuz nahiko arraroa da. Nik irailak 13, 14, 15...izatea espero nuen, atentatuen “shock”-a zela eta, edo urriaren 9, 10, 11...hau da, gerratearen lehenengo egunak, edo azaroaren 15-a esate baterako, Kabul “Iparraldeko Aliantza”-ren eskuetan jausi ondoren, nahiz eta urriaren 9-a, gerratearen bigarren eguna, nahiko emankorra azaltzen dela egia bada ere. Aurkitzen diodan arrazoia egunkariari batez ere arduratzen zaiona Pakistani lotutako berriak direla da eta batik bat Pakistanek gerratean duen parte hartzeari buruzko informazioak, iritziak, erreakzioak, AEB-ei laguntzeagatik sortutako barne tentsioak...eta urriak 13-aren inguruan izan zen Pakistanek AEB-ei eskeinitako laguntza nolakoa eta zeren truke izango zen ikusten hasi zenean eta AEB-en aliatua izateak herrialde barruan alderdi ezberdinen artean eragindako tentsioak gori-gorian zeudenean (adibide bat jartzearren, oraintxe bertan Argentinan gertatzen den moduan egun horietan Pakistanen gertatzen zegoela esango nuke). Urriaren 22-a ere puntuaketaren buruan egoteari arraro xamarra deritzot. Ez da aparteko gertakizunik jazotzen, horregatik zioa gai guztietako albisteen pilaketari egozten diot. “Kanpoko erreakzioak” multzoari buruzko 8 albiste agertu ezezik, egun horretan “eraso militarra”, “ekonomia”, “biktimak” eta “AEB-en erreakzioa” sailei lotutako albiste mordo bat ere argitaratu baitziren. Gainera luzera txikiagoko albisteak izanik, berri gehiago azaldu ziren lehenengo orrialdean, era horretan gainontzeko egunetan baino puntu gehiago eskuratuz.

            Blokeei erreparatuz, lehenengoa albiste eta puntu gutxien dituena da. Aipatu dudanez, datu adierazgarria krisialdiaren inguruko gertaera konkretu eta oihartzun handikoenak zati horretan izan baitira: atentatuak, gerratearen hasiera, lupuaren agerpena... Hori ez bakarrik, egun bakoitzeko albisteen bataz bestekoaren azpitik geratzen den bloke bakarra da. Dena den, denbora aurrera joan ahala gero eta albiste gehiago azaltzen dira, lokalak diren gaiekin erlazionatutako berrien kopuruaren erorketarekin batera, bloke honen gailurra izango den gerratearen hasierara heldu arte. Beraz, atentatuak egunkariarentzat hemen, Mendebaldean emandako garrantzia ez dutela ematen du eta bai ordea, bere herrialdearekin lotutako guztia, batez ere Afganistángo gerratea hasten den unetik edo hastera doala ikusten den momentutik.

            Bigarrengo blokea da puntu eta albiste gehien jasotzen duena. Tarte honetan, bigarren mailako albisteak gertatzen direla esan dezakegu, ez aurreko blokean bezala non atentatuak eta gerratearen hasiera ematen dira. Bloke honetan AEB-ek Pakistani emango dioten laguntza ekonomikoaren inguruko albisteak, Pakistanen barneko alderdien eta gobernuen arteko tira-biren gogorpena gobernuak AEB-ei laguntzeko jarrera izatea erabakitzearen ondorioz, gerratearen lehenengo borrokak, lehenengo bonbardaketen eta akatsen ondorioak...dira gai nagusiak eta albiste gehien eta puntu gehien lortzen dutenak, Mendebaldean eta Ekialdean interesatzen dena ezberdina dela azpimarratzera etorriz eta egunkariarentzat garrantzitsuena bere herrialdeak gerratearekiko azaltzen duen jokabidea dela agerian utziz.

            Hirugarren eta azken blokea bigarren garrantzitsuena da egunkariarentzat nahiz eta aparteko gertaerarik ez izan eta jazoera nagusiak lehenengo blokeari dagozkion. Gerratearen garapena eta azken finean aurreko blokean jorratutako gaien garapena baino ez dira ematen, Afganistánentzako osatu nahi den oinarri zabaleko gobernua barne, baina ez krisialdearen “izarrak” diren gertaerak. 

            Laburbilduz eta ondorio moduan, ondorengoa nabarmenduko nuke: nire hedabidean, atentatuen ondoren sortutako krisialdiak eragindako interesak ez da oso garai hasten baina gero eta handiagoa izaten bilakatzen doa asteak aurrera joan ahala eta krisialdearen nukleoa AEB-etatik Afganistánera igarotzean eta Pakistanek zein jarrera erakutsiko duen gerratearen inguruan erabaki behar duenean. Hau da, Mendebaldean gertatutakoaren kontrakoa ematen da. Mendebaldeko herrialdeetan hasiera batetan demaseko interesa piztu zuten atentatuek, uneoro haiei buruzko informazioak jasotzen genituelarik eta egunak pasa ahala interes hori itzaltzen joan zelarik. Azterketa bukatzeko momentuan, azaroaren 15-ean, Euskal Herriko, Espainiako eta Europako hedabide askok ez zuten bere lehenengo informazioak eta denbora tarteak Afganistango gerrateari buruz hitz egiteko ematen, baizik eta saioen erdialdea uzten eta erabiltzen zuten horretarako. Nire egunkarian aldiz, aurkakoa gertatzen da. Nahiz eta une horretan krisialdiaren inguruko interesa urriaren erdialdean erakutsitakoa bezalakoa ez izan, oraindik ere puri-purian zegoen interesa hori, lehenengo berriak eta orrialdeak beti ere krisialdiari buruz informatzeko uzten zirelarik. Beraz, Mendebaldean eta Ekialdean interesatzen dena ez omen da berdina eta garrantzizko gerterak ere ezberdinak dira hemen eta han, guretzat eta haientzat.

Tratatutako gaien azterketa

Bereiztutako gaien deskripzioa

            Hasiera batetan 10 gai ezberdin bereizita lan egiten hasi ginen, baina aipatu dudanez, gai horien banaketak arazoak zekarren zeren eta gai batzuek oso berdintsuak ziren eta aldiz, albiste asko azterketatik kanpo geratzen ziren beraientzako gairik bereizita ez zegoelako. Hau guztia zela eta, urriaren 9-tik aurrera 13 gaiekin jorratu dugu gure lana eta azkenean gai batzuk hain parekoak zirenez, multzo batetan bildu ditugu (hasierako “George Bush” gaia “AEB-en erreakzioen barnean sartu izan behar dugu esate baterako).

Gaiak honako hauek izan dira:

Ekialde Hurbila

            Israelen eta palestinatarren arteko borrokari dagokion gaia. Izan ere, gai honek duen garrantzia ulertzeko, adibide bat jarriko dut: atentatuen ondoren Bin Laden-ek bere lehenengo agerraldia egin zuenean “atentatuekin jarraituko dugu gure anai palestinatarrek sufritzen diharduten bitartean” adierazi zuen.

            Multzo honen barruan batu ditudan albisteek, Israelek aurrera eramandako ekintza militarrak edota indarkeria, Israel eta Palestinaren arteko gatazkari buruzko tira-birak, erreakzioak, iritziak, adierazpenak edo elkarrizketak, Israelgo ministrari ohi baten erailketa eta estatu palestinar baten eraketaren beharreko gaiak bildu dituzte. Nire ustez, egunkariak palestinatarren alde egiten du argi eta garbi, Israelen gehiegikeriei buruz albisteak argitaratuz baina palestinatarren atentatuen inguruan berririk ematen ez duelarik. Hori ez bakarrik, albisteak pertsonaia baten adierazpenak soilik direnean, iritzi horiek beti dira palestinatarren pairamena, estatu baten osaketaren premia edo Israelen indarkeria salatzeko esandako hitzak.

Gerra biologikoa

            AEB-etako senatore eta legegizon batzuei igorritako eskutitz kutsakorrek eragindako izuak iritzi publikoan pil-pilean jarri zuen lupuaren gaia, batez ere hildako batzuk izan zirenean. Berari lotuta bildu ditudan albisteak, urriaren bigarren asterarte ez ziren nire egunkarian azaltzen hasi eta lupuak eragin zezakeen suntsiketaz,  AEB-en populazioan eta baita mundu mailan sortutako beldurraz, eskutitzen igorleei buruzko zurrumurruez, lupua berez zer den argi usteko azalpenez, AEB-etan gertatutako erasoez, Pakistanen lupuak izan zezakeen presentziaz, lupuaren aurka praktikan jar ziztezkeen neurriez eta lupuaren ondorioz hildako pertsonei buruz dihardute. Ez nuke esango nire egunkariak jarrera argia hartzen duenik gai honen inguruan baina “usaintxo” bat behintzat soma daiteke. Nola?. Hasiera batetan lupuaren atzean Bin Laden zegoela uste zenean, egunkarian ez ziren lupuaren inguruko berririk azaldu. Oso berandu hasi zen egunkariak lupuaz arduratzen eta lupua zer zen eta bere ondorioez axolatzen zen bakarrik. Behin jakin ondoren lupuaren igorleek AEB-etako eskumazaleek izan zitezkeela, lupuari buruzko albisteek beste norabide bat hartu zuten eta igorle horiei buruzko berriak argitaratzen hasi zen.

Atentatuak

            Irailaren 11-n New York eta Washingtonen gertatutakoaz dihardu sail honek. Beren inguruan jasotako albisteek, Bin Ladenen susmagarritasunaz, AEB-ek sentitutako inpotentziaz, hildakoen zifrez, Dorre Bikietan zeuden pakistandarren egoeraz, atentatuak aurrera eraman zuten terroristei buruz, AEB-etako poliziaren ikerketez, Bin Laden errudun dela baieztatzen omen duten frogez eta AEB-ek tankera berdineko atentatu berriak nozitzeko arriskuez hitz egiten dute. Multzo honen albisteen tratamenduan, egunkariak fintasuna erabiltzen du, nahiz eta informazio hauek bere orrietan leku handirik ez bete arren.

Amerikako Estatu Batuak

            Gai honek ekarpen gutxi egin ditu nire azterketari, egunkariak AEB-ez hitz egiteko bakoitzean bere zuzendari eta agintari politikoen erreakzioetan finkatu baita. Dena den, atentatuen ondorioz AEB-etako populazioak nolako beldurra garatu duen, AEB-etan bizi diren musulmandarrak beren aurka sufritzen ari diren gorrotoa, Afganistáneko gerratearen aurka egindako manifestazioak edota nola poliki-poliki bada ere herrialdea normaltasunera itzultzen joan izan den azaltzen dituzten informazioak aipatu ditu egunkariak, tantaka izan badira ere.

Afganistan

            Multzo honetan herrialde horri zegokion guztia bildu dut salbuespen batzuekin. Talibanen inguruko berriak ez ditut hemen sartu baizik eta 13. sailean, Afganistángo zerbaiten inguruan egindako adierazpenen barruan, banaketa bat egin dut iritzi horiek plazaratu dituzten pertsonen artean: afganistandarrak badira multzo honetan sartu ditut bestela zortzigarrenean edo bederatzigarrenean, afganistandarrei buruzko berri asko “biktimak” gaiari zegokitelakoan, han bildu ditut eta ez hemen. Bestalde, “Iparraldeko Aliantza”-k lortutako garaipenak multzo honetan sartu ditut eta ez “eraso militarra”-ren sailean, zeren eta multzo horretarako AEB-en ekintza militarrak soilik utzi ditut eta “Iparraldeko Aliantza”-k “Afganistánekin” “eraso militarra”-rekin baino zerikusi handiagoa duela uste izan dudalako, atentatuak gertatu aurretik bazeudelako Talibanen aurka borrokatzen.  Azkenik, herrialdean osatu nahi zen oinarri zabaleko gobernuari buruzko berriak hemen sartu ditut nahiz eta askotan albiste horien Nazio Batuekin esate baterako harremana eduki.

Bin Laden

            Oso albiste gutxi bildu ditut Bin Ladenen inguruan zeren eta gehienbat berarekin erlazionaturiko informazioak AEB-etako edo Talibanen ordezkariren bat egindako adierazpenak izan dira. Dena den, berak egindako agerraldietako diskurtsoen testuak argitaratu ditu egunkariak. Halaber, beraren inguruko pertsona batzuen aburuak ( bere semeena adibidez), edo arma nuklearrak izango omen duelari lotutako albisteak ere bere lekua izan dute egunkarian. Kasu batzuetan bere aldeko adierazpenak egiten zituzten pertsonen iritziak argitaratu ditu egunkariak, beraz esango nuke egunkariak ahalik eta neutraltasun antzeko bat gorde nahi izan duela nahiz eta egia esateko Bin Ladenen kontrako albisteak askoz gehiago izan.

George Bush 

            George Bush-i buruzko albiste guztiak nire iritziz AEB-en erreakzioak zirenez, bederatzigarren multzo horretan sartzen nituen, zeren eta nahiz eta Bush-en adierazpenak izan, izatez, berez, AEB-en erreakzioak ziren, gertatzen zena bera herrialde horren buru izanik herrialdearen izenean eta bere gobernuak terrorismoaren aurka aurrera eramango zituzten neurriak plazaratzen zituela. Nire aburuz, gai hau eta bederatzigarrena berdin-berdinak ziren. Bere adierazpenak ez ziren berarenak baizik eta bere gobernuarenak.

Kanpoko erreakzioak

            Dudarik gabe gai nagusia. Egunkaria Pakistangoa izanik, herrialde horretako agintari, buruzagi politiko eta erlijiosoen makina bat adierazpenak ziren albisteak argitaratu ditu eta jakina, horiek “kanpoko erreakzioak” dira. Era berean, egunkariarentzat gobernuak AEB-ei laguntzearen aldeko jarreraren inguruan herrialde barruan bizitutako tentsioak eta ehundaka manifestapenak izan dira gai garrantzitsuenak. Nahiz eta gobernuaren, AEB-en eta gerratearen aurkako hainbat adierazpen eta manifestazioen berri bere albisteetan bildu, nik esango nuke Musharraf-en gobernuaren jokabidearen alde azaltzen dela egunkaria, orain bai, ez argi eta garbi baizik eta erreserbekin.

AEB-en erreakzioak

            Garrantzi nahikoko gaia hau ere. Bertan bildutako informazioak, izenburuak dioen moduan, AEB-en agintariek, zuzendari politikoek eta arlo ezberdinetako pertsonai esanguratsuak direnenen adierazpenak ere batzen ditu, bai atentatuen, bai Bin Ladenen, bai Afganistángo gerratearen komenigarritasuna eta garapenaren eta bai atentatuen ondorioz herrialdeak jasandako beldur sentimenduaren inguruan. AEB-etako gizon-emakumeek egindako azalpen, adierazpen edota beren iritzi, uste, aburu, itxaropen eta nahiak erakusten dituzten berriak dira multzo honetan sartutakoak.

Ekonomia

            Atentatuen ondorioz piztutako krisialdiak mundu mailan eragindako aldaketa ekonomikoei buruzko albisteak multzo honetan egokitu ditut. Aipamen berezia merezi dute AEB-ek Pakistani emango dioten diru laguntzari buruzko informazioek. Antza denez, Pakistanek AEB-ei beren baseak eta lurraldea Afganistán erasotzeko utzi diote AEB-ek Pakistani dirua ematearen truke, azken honek bizi duen egoera ekonomiko kaskarra altxatzeko asmoz eta nazioarte mailan merkataritza alorrean bere gain dituen debeku batzuk bertan behera geratuko diren esperantzaz. Dozenaka albiste argitaratu ditu egunkariak gobernuak AEB-ei haien asmo militarrekin laguntzearen ondorioz, AEB-ek eta orokorrean Mendebaldeak Pakistani luzatuko dion diru laguntza honen inguruan eta aldiz, oso berri gutxi mundu mailan irailaren 11-tik aurrera bizi den egoera ekonomiko ezberdinaz.

Biktimak

            Arlo honetan, AEB-en bonbardaketek utzitako hildako zibilei buruzko albisteak jarri ditut. Baita errefuxiatuei lotuta agertzen zirenak, zeren eta errefuxiatuak nire ustez biktimak ere baziren noski. Gainera errefuxiatu afganistandarrek Pakistan aldera ihes egiten ohi zutenez, egunkariak informazioak biltzen zituen haien inguruan ia egunero, bai zituzten beharrak zirela, bai mugan pilatuta zeudela edo esate baterako Nazio Batuek eta nazioarteko erakundeek haien premiak asetzeko edo arintzeko bederen, bidaltzen zituzten laguntzak zirela.

Eraso militarra

            AEB-ek atentatuei erantzuteko Afganistánen hasi zuten gerrateari buruzko albisteak hemen aurkitzen dira. Baita Talibanen aurka eraman nahi duten estrategiaren inguruko albisteak zein Bin Laden harrapatzeko aurrera eraman nahi dituzten taktiken berriak. Gatazka armatuari soilik atxikitutako informazioak dira hemen bildutakoak. Gainera, lehen aipatu bezala argipen bat egin beharra daukat: “Iparraldeko Aliantza”-rekin lotutako berriek ez daude sail honen barruan zeren eta AEB-en laguntza logistikoarekin borrokatu eta hein handi batetan AEB-ekin Talibanekin amaitzeko helburua konpartitu arren, “Iparraldeko Aliantza”-k Afganistáni dagokion gaia dela iruditzen zait, azken 20 urteetan herrialde horrek bizi izan dituen barne borroken beste atal bat, irailaren 11-n gertatutakoarekin lotuta egotea baino. Hau guztia dela eta bostgarren multzoan sartu ditut informazio horiek.

Talibanak

            Gai honetan, Talibanen buruzagi eta ordezkariek egindako adierazpenen albisteak, Afganistánen barruan Talibanek hartutako neurri batzuen berriak eta gerratearen inguruko garapenaren informazio batzuk batu ditut. Halaber, Talibanek Bin Ladenekin duten harremanari buruzko berriak hemen sartuta daude. Maiz gertatu izan zaidana zera izan da: albiste askorekin ez nekiela zer egin, “Afganistán”-go sailean sartu edo multzo honetan batu, zeren eta nahiz eta izatez Talibanei buruzko informazioak izan Afganistánei eragiten zizkioten berriak ere baziren. Horregatik litekeena da Talibanei buruzko albisteren bat multzo honetan egon beharrean bostgarrenean aurkitzea.

Medioan agertutako gaien garrantzia

            Hasieran aipatu bezala, akats batzuk aurkitu ditut itzulitako tauletan. Esan bezala, irailak 21-a eta 23-a nahastuta daude, urriak 4-a eta 5-aren datuak oker daude eta urriak 6-a, 7-a eta 8-ren datuak ez dira tauletan azaltzen. Aurreko puntuetan moldatu ahal izan banaiz gutxi gora-behera datu horiek zuzentzen, orain ez da gauza bera gertatzen zeren eta albisteak banan-banan miatu beharko nituzke, lan eskerga delarik. Beraz, irakasleak itzulitako taulen emaitzetan oinarritu naiz ondorengo azterketa egiteko orduan. Akats batzuk egon arren, datuak adierazgarriak diren ziurtasuna daukat eta azken emaitzak oso gutxi aldatuko liratekeela uste dut, ez zuzentasun horiek kontutan izanik zein aintzat hartu gabe.

 

Ekialde Hurbila

            Taulak ematen dituen 905 albisteetatik 16 baino ez dira Ekialde Hurbilari buruzkoak, hau da kopuru guztiaren %2-a baino gutxiago, %1,77-a zehatz-mehatz. Albiste gehieneko egunean ere, 2 albiste baino ez dira egunkarian argitaratzen. Garrantzi gehieneko unea urriaren 18-a eta 23-a bitartean ematen da, Israeleko ministrari ohia eraila izan ondoren. Aldiz, egun askotan egunkariak ez du ezta albiste bat ere plazaratzen, urriaren 2-tik urriaren 17-ra bitartean eta urriaren 24-tik urriaren 31-ra bitartean adibidez.

            Budd eskala aztertuz, datuak ez dira batere aldatzen. 1.173 puntutik 16 bakarrik lortzen du gai honek, hau da puntu guztien %1,40-a. Hau guztia dela eta, azken postuan geratzen da Ekialde Hurbila egunkariak albisteei ematen dien garrantziaren arabera, garrantzi gutxien duen gaia delarik. Aipatu bezala, hau guztiaz aparte, egunkariak palestinatarren borrokaren aldeko jarrera erakusten duela uste dut, nahiz eta oso albiste gutxi izan daitezkeen honelako epai bat egiteko.

Gerra biologikoa

            31 albistekin, beraz kopuru guztiaren %3,43-a lortuz, gai honek 7. postua eskuratzen du, berari lotutako albisterik urriaren 13-rarte ez azaldu arren. Urriaren 25-a egun emankorrena da 5 albistekin, hain zuzen ere lupua zeraman eskutitz bat Etxe Zuri-ra heltzen omen denean.

            Budd eskalaren arabera, gai honen emaitzak berdinak izango lirateke, hau da 7. postua puntuen %3,10-rrarekin. Orokorrean, egunkariak gerra biologikoari oso garrantzi handiegirik ez diola eman esango nuke. Jarrera, dena den, batez ere informatiboa dela uste dut, Bin Laden eraso hauen atzean egon daitekeela inoiz aipatzen ez badu ere eta alderantziz, bai AEB-etako talde ultraeskuindarrak.

Atentatuak

            Mendebaldean krisialdiaren inguruko gertaera nagusia izan arren, ez da gauza bera jazotzen Pakistango egunkari honentzat. 24 albiste bakarrik, %2,65-a, zortzigarren postuan. Gainera albiste gehienak lehenengo egunetan argitaratu ziren, nahiz eta gutxi izan eta urriaren 5-etik aurrera egunkariak ia ez du berririk atera atentatuen inguruan.

            Budd eskala oinarritzat hartuz, bere garrantzia apurtxo bat igoko litzateke, puntuen %2,80-a eta zazpigarrenarekin berdinduta, baina orokorrean antzeko emaitzak dira atentatuek bi tauletan lortzen dituztenak.

Amerikako Estatu Batuak

            Garrantzi gutxiko gaia egunkariarentzat, honek batez ere erreakzioetan jarri baitu bere arreta, “AEB-en erreakzioak” aztertzean ikusiko dugun bezala. Garrantzi gutxien duen 3. gaia da, nahiko inkonstantea dela uste dut, egun askotan berari buruzko berririk ateratzen ez delarik. 23 albiste eta %2,54-a baino ez du lortzen eta Budd eskalan, puntuen %2,10 besterik ez.

Afganistan

            Garrantzizko gaia egunkariarentzat. Aurreko gaiak laukozten ditu 88 albistekin eta kopuru osoaren %9,72-rekin. 8 egunetan bakarrik ez da Afganistáni buruzko albiste zuzenik ateratzen, azaroaren 14-ean bere gaina lortuz 6 berriekin, Kabul erortzeko zorian dagoenean eta oinarri zabaleko gobernua eratzeko pausuak nahiko aurreratuak dabiltzanean hain zuzen. Gainera, egunkariak krisialdiaren inguruan albiste gehien argitaratutako eta interes handiena erakutsitako momentuak Afganistánen gerratea hasten deneko unean ematen dira. “Kanpoko erreakzioak” eta “ekonomia” gaien atzetik baina 3. postuan garrantziaren arabera. Budd eskalan leku bat galtzen du “eraso militarraren” igoeragatik baina kontutan hartu beharrekoa da “eraso militarra” multzoaren puntu askok argazkietatik datozela, gatazka armaturen bat ematen den bakoitzean gertatzen ohi den bezala, egunkariek orokorrean gerrak eragindako suntsiketak aukeratzen baitituzte argazkiak betetzeko. Dena den, puntu guztien %10,1-a berarentzat da.

Bin Laden

            Bin Ladeni lotutako albisteek beste ezuste bat suposatu dute niretzat atentatuen gaiarekin batera, askoz gehiago izatea espero bainuen. Saudiarekin zerikusia duten albisteak asko badira ere, bere izena ia beti azaltzen da beste norbaitek eginiko adierazpenen bidez, zuzenean bera berriaren zentrugunea dituzten albisteak oso gutxi direlarik. Konkretuki 17 berri baino ez dira gai honi buruz bildu ditudanak, kopuru guztiaren %1,88-a, azken aurreko postuan geratzen delarik, “Ekialde Hurbila”-ren gaia bakarruk gailentzen duelarik.

            Budd eskalak ez du ezer aldatzen eta puntu guztien %1,6-rekin berdin-berdin mantentzen da sailkapenaren beheko lekuetan. Arraroa nire ustez, zeren eta egunkariak Afganistánen inguruan gertatutako guztiari hain garrantzi handia emanez (nahiz eta Pakistanen parte hartzearen ikuspegitik etorri garrantzia hori), Bin Laden bera egunkariaren albisteen pilatzailea izatea espero zitekeen.

George Bush

            Lehen esan bezala, gai hau “AEB-en erreakzioak” multzoaren barruan sartu dut eta beraz, ez dago gai honi buruzko daturik, izan ere, George Bush-ek eginiko adierazpenak ez ziren indibidualki egindakoak baizik eta berak ordezkatzen duen gobernuaren bozeramaile moduan eginikoak. Hortaz, “AEB-en erreakzioak” atalean egokiago zeudela uste nuen eta halaxe egin dut. Izan ere, ez nuen uste oso aproposa zenik alde batetik Bush-en adierazpenentzat sail bat edukitzea eta beste multzo ezberdin bat adibidez Colin Powell-ek esandakoak biltzeko. Azken finean ez al dira biak gai bera?

Kanpoko erreakzioak

            Zalantza izpirik gabe, egunkariari gehien arduratzen zaion gaia. Dena den, eremu zabalena zuen gaia ere bazen, zeren eta munduko edozein politikariren edo pertsonai ospetsuren adierazpenak, AEB-enenak izan ezik, arlo honi zegokiten eta. Batez ere Pakistan barneko pertsonai garrantzitsuen iritziak, gobernuaren jokabidea gerratearekiko eta AEB-ekiko eta herrialde osoan zehar antolatutako manifestapenak dira egunkariari gehien interesatzen zaizkion albisteak. 395 albistekin lehenengo postua eskuratu ezezik bigarrenaren datuak laukoztu egiten ditu (hain zuzen ere “ekonomia”-renak, 99 albistekin bere atzetik azaltzen delarik). Albiste horiek guztiek, kopuru osoaren %43,65-a suposatzen dute, beraz ia albiste guztien erdia gai honi dagokio, edo gauza bera dena: argitaratzen diren bi albisteetatik ia bat, kanpoko erreakzioei buruz (batez ere Pakistango erreakzioei buruz egia esateko) izan da. Albiste gehieneko egunean 17 atera ziren, hain zuzen ere urriaren 13-an, gerratearen lehenengo astea betetzerakoan eta lehenengo ondorioak somatzen hasi zirenean. Adibide gisa, egun horretan guztira 26 albiste argitaratu ziren, beraz egun horretan, albisteen %65,38-ak kanpoko erreakzioak izan zuen gai moduan. Gainera, egun guzti-guztietan gutxienez albisteren bat izan duen gai bakarra da, gainontzekoak egun batzuetan kale egin dutelarik.

            Budd eskalak, irudi bera margozten du: puntu guztien %41,30-rra kanpoko erreakzioak eskuratzen du, bigarrenak lortutakoak baino lau bider gehiago.

AEB-en erreakzioak

            Laugarren gaia garrantzia aldetik, “eraso militarra” arloarekin berdinduta (azken honek Budd eskalan aurre hartzen badio ere, bostgarrena geratuz). 74 albiste eta kopuru osoaren %8,18-a atzematen du berri multzo honek, ia egunero falta gabe, berari buruzko informazioren bat ateratzen zelarik egunkarian. Beraz, gai garrantzitsua nire hedabidearentzat. Ulertzekoa, egunkariak AEB-ek Pakistani bidaliko dioten diru laguntzari ematen dioten garrantzia kontutan hartuta, sarritan gai honen inguruko berriak agintari estatubatuarrek laguntza horren inguruan egindako adierazpenak izaten zirelarik.

            Budd eskalan jeitsiera txikia jasatzen du gai honek, harritzekoa ez delarik, egunkariaren lehengo orrialdeak Pakistango pertsonaien inguruko berrientzako uzten ohi baitzen eta argazkiak berriz, gerratearen ondorio negargarriak erakusteko. Puntu guztien %9,20-a eskuratzen ditu dena den.

Ekonomia

            Bigarren gai garrantzitsuena bai albisteen kopuru aldetik, (99, hau da %10,94-a) bai puntuaketa aldetik (%10,60-a). Ia egunero egunkarian, 6 egunetan bakarrik ez da ekonomiari buruzko albisterik argitaratu, baina “kanpoko erreakzioak” sailarekin gertatzen den antzera, nolabaiteko “tranpa” bat izkutatzen dute datu horiek: ekonomiari buruzko berri asko bai, baina hiru laurdenak Pakistani buruzkoak eta AEB-engandik jasoko duen laguntzaren ingurukoak, mundu mailako ekonomia albo batera uzten duelarik egunkariak, irailaren 11-z geroztik mundu osoko ekonomia inpaktatuta geratu arren.

Biktimak

         Albiste gutxiko gaia, izan ere ez dugu ahaztu behar urriaren 9-rarte, hau da gerratea hasi arte, gai honek ez zuela funtzionatzen hasi. Dena den, ez du oihartzun handirik eduki, egunkariak tantaka-tantaka berriak ateratzen joan bada ere. 23 albiste bakarrik bildu ditut gerratearen biktimei buruz, “Amerikako Estatu Batuak” multzoa bezalaxe, baina hori bai, aipatu bezala denbora tarte murriztuago batetan. Kopuru guztiaren %2,54-a suposatzen dute 23 albiste horiek.

         Budd eskala dela medio, gai honen garrantzia apurtxo bat igotzen da, izan ere argazki askotan bonbardaketen biktimak azaltzen baitira, gainontzeko puntu sorta atzemanez.

Eraso militarra

         Gai honek albiste gehien batu duen laugarren gaia dugu, nahiz eta urrirarte kontatzen hasi ez. Hortaz, garrantzi handiko gaia dugu egunkariarentzat. Izan ere, aurreko batetan aipatu dudan bezala, krisialdiaren gunea Pakistanera hurbiltzen den heinean egunkariak interes handiagoa erakusten du, albiste gehiago argitaratzen hasiz. Konkretuki gerratea eta hasi ondorengo egunetan helduko da interesa hori bere puntu gorenera. 74 albistekin, kopuru osoaren %8,18-a lortzen du, gerratea hasten denetik gure azterketa amaitu arte egunkariak ia ia egunero albisteren bat argitaratuz.

         Budd eskalan bere garrantziak gora egiten du, bigarren postutik oso gertu geratuz. Jakina, borrokei buruzko argazkiek eta gerra hasi eta ondorengo egunetan eraso militarrari buruzko informazioek bete zituzten lehenengo orriek ahalbidetzen dute igoera hori.

Talibanak

         Talibanen gaia arraroa bada ere, ez da garrantzi handienetarikoa egunkariarentzat. Beno, izan bada, baina askotan Talibanei buruzko albiste batzuk “Afganistán” gaian sartu ditut, herrialdeari ikasle islamikoei baino gehiago egiten zutelako erreferentzia berri horiek. Seigarren gaia garrantziaren aldetik, 41 albistekin, hau da, albisteen %4,53-arekin. Egunkariak ez ditu Talibanei buruzko informazioak ateratzen baina beste aldetik, egun batzuetan hiru eta lau ere argitaratu ditu.

         Budd eskalak ez du aipatutako panorama aldatzen, puntuetan ere gai hau seigarren lekuan amaitzen duelarik, puntuazio osoaren %4,60 lortzen duelarik. Dena den, kasu honetan ere urrirarte ez zela gai honek kontatzen hasi adierazi beharra dago, beraz, irailaren 12 hasi ezkero, emaitza hobeak eskuratuko lituzke seguruenik.

 “Lupua / Bonbaketen biktimak” konparazioa

         Datuei lehenengo begirada bat botatzerakoan, bereganatzen dudan lehendabiziko inpresioa puntu honetan aztergai diren bi gaien artean ezberdintasun nabarmenik ez dagoela da. Albiste kopuruei zein Budd eskalan lortutako puntuaketari dagokionez ez da alde handirik somatzen. Berri kopuruei dagokienez, gerra biologikoaren inguruko informazioak 31 diren bitartean, Afganistángo gerrateak utzitako biktimekin erlazionaturiko berriek 23 batzen dute. Nahiz eta pentsa zitekeen gerra biologikoari lotutako albisteak askoz gehiago izango zirela ia hilabete oso bat lehenago kontatzen hasi ginelako biktimenen berrien aldean, parekotasuna da nagusi. Are gehiago, aipatutakoa egia izan arren, datu esanguratsua izan daiteke lupuari buruzko lehenengo berria urriaren 13-rarte ez zela azaldu, biktimei buruzko lehenengo albistea baino hiru egun beranduago eta agertzeko orduan, biktimei buruzko albisteek 3 batzen zutelarik zegoeneko.

 

        

Berdintasun hori azpimarragarriagoa egiten da Budd eskalarekin bi gaien arteko alderaketa egiterakoan. Bien arteko distantzia estutu egiten da zeren eta biktimei buruzko berriek argazkietan azaltzearen bitartez lortutako puntuen bidez, bi arloen arteko diferentzia %0,30-koa izatera murrizten da, puntuaketa guztiaren %3,10-a gerra biologikoari dagokiolarik eta aldiz, %2,80-a biktemen informazioei dagokielarik.

            Gai bakoitzak izandako bilakaeraren analisia egiten badugu, biek ia bide berdintsua ibili dutela konturatuko gara. Beraien lehenengo albisteak urriaren 3-tik urriaren 9-ra doan egun tartean azaltzen dira. Agerraldi hori lasaia da, emeki-emeki urriaren 10-rretik 16-ra doan epera heldu arte gorantzko aldapatxoa igoz. Tarte berri honetan ematen da gai biek ezagutzen duten igoerarik nabarmenena, bien gailurra urriaren 17-tik 23-ra doan epean lortuko dutelarik. Handik aurrera biek egingo duten jeitsiera apur bat ezberdina izango da baina azken finean biek amaituko dute kopuru eta zenbaki antzekoekin eta antzekoetan. Lupuaren gaiak gora egindako abiadura berarekin egingo du behera, urriaren 24-tik 30-era doan epean, hilabete bereko 10-etik 16-ra zihoanaren pareko terminoetan mugituko delarik. Handik aurrera eta azaroaren 6-rarte nahiko konstante mantenduko da, aztertu beharreko azken astean berriz ere igoera leuna ezagutzeko. Aldiz, biktimen gaiak behin gailurra urriaren 17-tik 23-ra doan epean lortu ondoren 15 egun mantenduko da konstante, jeitsiera azaroaren 7-tik 15-era doan astean ezagutzeko eta azkenean lupuaren zenbakiak baino apur bat baxutxoago geratuz.

            Orain, hau guztia beste norabide bat hartuko luke egunkariak gai bakoitzaz eginiko tratamendua aztertzerakoan. Oso deigarria izan ez bada ere, egunkariak biktimen gaia eta lupuarena ematen dioten “sentikortasuna” ez da berdina. Biktimen gaia urguritasunez, fintasunez eta ukimenez tratatua den bitartean, lupuarena askoz informatiboagoa suertatzen da, sentimendurik nahastu gabe. Biktemei alde egiten du argi eta garbi egunkariak, nahiz eta bere gobernuak biktima horiek egotearen errudunak diren AEB-en laguntzailea izan. Urrikia dela edo hildako eta zaurituen ikuskizun dramatikoa dela, biktimei buruzko berriak zein AEB-ek egindako akatsen eta suntsiketei buruzko albisteak, gerratea kondenatzeko ibilgailu antzekoa erabiltzen du egunkariak. Aitzitik, lupuari buruzko informazioak neutroagoak dira edo behintzat hala dirudite. Ondo aztertuta, lupuak eragindako hildakoak, arriskuak, beldurrak eta hari aurre egiteko neurriak aipatzen direla ikusten da argi. Inoiz ere ez da erreferentziarik egiten Bin Ladenek, Al-Qaedak edo bestelako talde terrorista islamiarrak lupuaren atzean dauden susmoari buruz. Aitzitik, asteak aurrera joan ahala eta nazioarteko iritzi publikoak goian aipatutakoak errudunak ez diren ustea plazaratzen duenean eta bai ordea AEB-etako barneko talde eskuindar zorrotzak eskutitz kutsatu horien egileak direla uste duenean, egunkariak susmagarriak diren talde horiek aipatzen hasten da, gainontzeko informazioak (lupuaren arriskua, ezaugarriak, jasotako pertsonen izenak...) emateaz gain.

 

Unai Berrueta