Propagandaren gerra

      

            Irailaren 11ko atentatuen ondoren inplikaturiko bi alderdiak propaganda kanpaina hasi zuten. Ordutik aurrera propaganda bi alderdien arma garrantzitsu bilakatu da.  

 

 

            Gatazka armatuetako propaganda, I. Mundu gerratik aurrera eta EEBBetan sortu dela esan daiteke. Gaur egun, Victor Santiago Pozas irakaslearen esanetan, propaganda eta informazioa bera bereiztea lan zaila da. Istilu armatuen berriak objektibotasunez emateko azken aukera Vietnamgo gerra izan zen, handik aurrera hedabideei behar bezalako lana egitea eragotzi diete gobernu desberdinek. Golkoan argi ikusi zen, AEBko gobernuak berak nahi zuena eman ziela medioei CNN katearen bidez.

            Anne Morelli Bruselako unibertsitate libreko zientzia politikoko irakaslea eta historialaria da eta bere esanetan “propaganda oso tresna garrantzitsua da eta are gehiago demokratikoak direla dioten estatuentzat, gerra ezin delako hasi herritarren adostasunik lortu gabe. Hala, propaganda ongi erabiltzen duenak biztanleriaren babesa lortuko du gerra lasai egiteko”.

            Irailaren 11ko gertaeren ostean, inplikaturik zeuden bi alderdiek propaganda kanpaina hasi zuten. Denbora aurrera joan ahala, George Bush eta bere “aliatua” den Tony Blair konturatu ziren beraien propaganda ez zela nahi bezain eraginkorra talibanek eta Osama Bin Ladenek egiten ari zirenarekin konparatuz. Tony Blairrek adierazi zuen, talibanek trebetasun handia zutela propaganda erabiltzeko garaian, beraiek iritzi publikoa konbentzitzearen lana zaintzen ez zuten bitartean.

            Aipatu berri dugunaren adierazlea da, aste gutxiren buruan Osama Bin Ladenek jarraitzaile ugari lortu zituela munduko toki desberdinetan. Esate baterako, Dubain, Peshawarren edo Mexiko hirian edonon dira aurkitzeko EEBBen aurkariaren aurpegia duten elastikoak. Inperioari aurre egin dion gizon gisa gurtzen dute Osama Bin Laden mundu osoan saudi arabiarrek ongi kudeatu duten propagandari esker eta EEBBen kanpaina militarra Afganistango jende txiro eta errugabearen aurkako gerra bezala ikusten du munduak.

            Horretaz oharturik, informazioaren monopolioari eusteko ahaleginetan ari dira EEBBak Afganistanen kontrako gerran. Horretarako harreman publikoetarako lanean ari da Etxe Zuria. Rendon Group deitzen den enpresak, zeinak EEBBetako defentsa ministeriotik duela gutxi ia 400.000 milioi dolar jaso zituen eta honen xedea, iritzi publikoan Wahingtongo gobernuak daukan irudia hobetzea da.

            Hori lortzeko hainbat teknika erabiltzen dira. Irailaren 25ean Anne Morelli historialariak zioen EEBBek gerra propagandarako teknika guztiak betetzen ari zirela EEBBak. Teknika horietako bat gerra besteek hasi dutela eta erasoak autodefentsarako egiten direla esatea da, jendeak bestela ez baitu gerra hastea nahiko. Hala EEBBek New York eta Washingtongo irailaren 11ko atentatuak baliatu dituzte operazioa militarra gerra defentsibo gisa aurkeztu eta jendearen babesa izateko. Era berean, munstro bat bilatu behar da gerran, haren aurka egiteko. Munstro hori Alemaniako enperadorea izan zen I Mundu gerran, Slovodan Milosevic Kosovoko bonbardaketan eta Sadam Hussein Golkoko gerran. Orain ere, munstro bat dugu: Osama Bin Laden. Ezin da herri oso bat gorrotatu, eta ondorioz munstro bihurtu behar da gorrotoaren jomuga. Baina dirudienez, teknika horiek ez dira nahikoak izan. Honenbestez, EEBB informazioa gehiago kontrolatu behar dutela konturatu dira.

            Propaganda kanpaina dela medio hedabideak gero eta kontrolatuagoak egongo dira eta horren ondorioz Euskal Herritik Afganistanen gertatzen dena propaganda hutsa bihurtuko da. Aipatu beharra dago medio ofizialetik ihes eginez gero, informazioa lortzeko Internet bihurtu dela biderik eraginkorrenetarikoa.

 

 

Maider Gorostegi, Susana Pinto