Palestinarren ospakizunak: egia edo gezurra?

 

 

Nork ez ditu ikusi jadanik ospetsu egin diren palestinarren ospakizunen irudiak? Ia inor ez; izan ere atentatuak gertatu eta berehalakoak dira. Nahiz eta hipotesi bat baino ez izan, badirudi imajina horiek legezkoak ez direla; aurrerago ikusiko dugun bezala.

 

Irailaren 11ko atentatuak gertatu eta berehala, munduko telebista gehienak irudi zalantzagarriak plazaratu zituzten. Irudi hauetan palestinar batzuek beren herriko banderak eragiten agertzen ziren. Zirudienez, EEBB-en aurkako erasoa ospatzen ari ziren. Irudi hauek polemika handia sortu zuten, batez ere EEBB-etan. Noam Chomsky-k esaten duenez, EEBBetan gertatutakoaz alaitzea ez dago ondo, izan ere egia baita alai sentitu zen jendea egon bazegoela. Hala ere, jende multzo handi bati erasoa zuzentzea gertakari hauek direla eta alai sentitzeagatik, Chomsky-k ez du ere ondo ikusten. Irudi hauen egiazkotasunaren inguruan, azaleratutako hipotesiak anitzak dira. Alde batetik, orain dela hamar urtekoak direla esan da eta, bestetik, irudiak grabatu zituen kamerak eragindakoak zirela. Palestinan emandako gertakizun hauek Reuters agentziako kamara batek grabatu zituen.CNN-k Reuters agentziako bezero bezala irudiak jaso eta telebistatik igorri zituen. Brazileko unibertsitateko (UNICAMP) ikasle batek, Marcio A. V. Carvalho izenekoak, irudiak orain dela hamar urtekoak zirelako ustea agertu zuen. Baina ez bakarrik Carvalhok. Baita COSAL ( Comité de Solidaridad con América Latina ) elkarteak ere. COSAL-en esanetan, EEBB-ek, borrokaren ordez, elkarrizketaren bidea aukeratu beharko lukete euren arazoak konpontzeko. Are gehiago, atentatuen egilea Bin Laden izan dela oraindik erabat egiaztaturik ez dagoenean.

Irudiek sortarazitako polemikara itzuliz, Carvalhok beste unibertsitateko irakasle batek palestinarren ospakizunen bideoa zeukalaren informazioa ahoz jaso eta interneten hedatu zuen. Nahiz eta zurrumurrua baino ez izan, jende askok interesa aurkeztu zuen . Hainbeste interes ikusiz, Carvalho bideoa  zuen pertsonarekin kontaktuan jarri zen , baina honek bideoaren existentzia ukatu zuen. Hortaz, dena azkenean gezurra zen. Guzti hau Brazileko UNICAMP unibertsitateak hedabideetara bidalitako notan azaltzen  da. Unibertsitatea Palestinako bideoarekin gertatutako gora beherak ikusi eta gero zurrumurru berriak ukatzeko prest egongo da.

Beste hipotesia, aldiz, Reuters agentziako kamerarekin zerikusia dauka. Irudietan agertzen den emakume batek esaten duenez, kamera gizonak palestinarrei bultzatu omen zien atentatuak ospatzera. Hau lortzeko, opilak eta animuak erabili omen zituen; palestinarrak pertsuaditzeko edo. Gainera, kamerak ez zuen ospakizunak gertatzen ari ziren kalearen plano orokorra erakutsi; soilik jende multzo txiki batean jarri zuen arreta. Gainontzeko jende guztia ez dago ezer ospatzen; kameraren aurretik pasatzen baizik. Baina, Reuters agentziak berehala esan du bere kamerak ez zituela gezurrak esan; agentziaren irudia horrela garbituz. Esaten dutenez, ez dira imajinak faltsutzeko gai. Horrez gain, kamera gizona heldu zenerako, ospakizunak jadanik hasita zeuden; Reuters agentziaren esanetan.

Antza denez, irudi hauen inguruan orain arte sorturiko bi hipotesiak, gezurrezkoak dira. Irudi hauek zalantzan jartzeak, jendeak hedabideengan daukan mesfidantza islatu du. Gainera, dorre bikien kontra talka egin zutenen hegazkinen gidarien identitate okerra plazaratu zuen CNN-k. Balizko gidari hauen identitatea Adnan Bukhari eta Ameer Bukhari-rena zen. Hala nola, bigarrena urte bat lehenago hilik suertatu zen eta besteak poligrafoaren froga gainditu zuen; zalantzak horrela zapuztuz. Hau, arabiar jendearen atxiloketekin ematen ari diren bidegabekeriekin bat dator. Honez gero, CNN-k zuzenketa egin zuen baina, asko nabaritzen ez zen egunkari jakin baten orrietan. Guzti honek galdera hauek formulatzera eramaten gaitu: noraino hel daiteke hedabideen kontrola?, zer da egia eta zer gezurra?

Ez ginateke irudi hauen inguruan sortarazitako polemikari buruz hitz egiten ari, biolentziaz jositako mundu honetan biziko ez bagina. Egunero hainbat guda ematen dira munduan eta hauetaz heltzen zaigun informazioa oso eskasa edo hutsa da. Heltzen zaigun informazioa ez dakigu egia edo gezurra denik. Esan berri dugun hau hobeto azaltzeko adibide ona hauxe litzateke: Espainiako bi telebista katek, A3 eta TV3 hain zuzen ere, Golkoko gudaren irudiak erakutsi zituzten Afganistango gudakoak izango balira bezala. Lehen aipatutako Noam Chomsky-ren aburuz, propagandaren ahalmena jendea zerbaiten edota norbaiten kontra jartzea izan daitekeela kontuan izan behar dugu. Beti bezala, gudetan lehenengo biktima egia da.

Interneten arakatutako web orriak:

http://www.ndrtv.de/panorama/archiv/20010920/index.html

- Gelan ikusi genuen bideoa ikusgai dago helbide honetan; palestinarren ospakizunak erakusten dituen bideoa hain zuzen. Alemaniako NDR TVk eginiko erreportajea da, beraz, orri honetan agertzen den guztia (zenbait bideo eta artikulu) alemaneraz dator.

http://www.indymedia.org/front.php3?article_id=11885

- Orri honetan Der Spiegel aldizkariak argitaraturiko artikulua, besteak beste, irakur dezakegu. Artikulu honek irudiak gutxienik zalantzagarriak direla aipatzen du.

http://about.reuters.com/statement.asp

- Sortutako polemika guztiaren ondorioz, Reuters agentziak bere irudia garbitzeko artikulua edo azalpena irakur daiteke orri honetan. Bertan, gertatutako guztia zehatz-mehatz azaltzen du; nola haren kamera gizonak ez zuen palestinarrak bultzatu ezer ospatzera eta bera eszenatokira heldu zenerako ospakizunak jadanik hasita zeudela.

http://www.cnn.com/2001/US/09/20/cnn.statement/

- Irailaren 20an CNN-k argitaraturiko artikulua irakur dezakegu. Bertan, lehen azaldutako bi hipotesiak jorratzen ditu telebista amerikarrak; Marcio A. V. Carvalho ikaslearen gora behera guztiak eta baita Reuters agentziako kamerarekin jazotakoa ere.

 

 

 

Josu Martinez Diez, Ugaitz Rojo