Michel Collonen “Ojo con los media” liburuari buruzko iruzkina

Jadanik ohituta gaude gure eguneroko bizitzan telebista edo irratia biztu, aldizkari zein egunkari bat irakurri edo sarera sartu bezain errazak diren gauzak egitera. Hedabide hauetan era guztietako informazioa aurki dezakegula soberan dakigu, baina hain ziur ez dakiguna da ikusten, entzuten edo irakurtzen ari garen hori gugana heldu baino lehen noren eskuetatik igaro den. Izan ere, honen arabera informazio horrek era bateko edo besteko ezaugarriak edukiko ditu. Adibide garbienak gerra kasuetan aurki ditzakegu, egoera hauetan dagoelako hedabideen artean interes gehiago (kontutan hartuz hedabideen atzetik gobernuak daudela). Horrela, benetako arrazoiak ezkutatzen dira (interesa zein den alegia), publikoa alde izateko.

Dinamika hau jarraitu zuten estatubatuarrek Golkoko gerran, petrolioa informazio apainduen artean nolabait kamuflatuz (zaila iruditu arren). Eta gaur egun ere, dinamika bere jarraitzen ari dira Afganistango gatazkan, Irailak 11ko atentatuen ondoren bonbardaketekin hasi diren arren, ez dutelako azaltzen zertan doazen itxuraz oso aberatsa ez dirudien herrialde horretara. Zerbait egon behar da, izan ere, amerikarrek behin da berriz erakutsi dute historian zehar etekinik aterako ez duten tokietan sartzeko atzamar bat bera ere ez dutela mugitzen.

Behin gerraren gaia mahai gainean jarriz gero, aurrera jarraituko dugu hari desberdinetatik tiratzen, arlo ugari jorratuz, esaterako, berdin juzgatzen al dira alde bat eta bestea?, erabiltzen dituzten terminoak konnotatuta daude?, informazioa boterearen ideologiaren arabera manipulatuta heltzen zaigu?... Goazen ba.

1.-“Dos pesos, dos medidas”

Munduaren sorreratik existitu izan dira pertsonen zein animalien arteko gatazkak. Egun, historia aztertzerakoan beharrezkoa zaigu “gerra” hitza aipatzea. Liburuak desagertu egingo lirateke herrialde zein alderdi politikoen harremana egonkorra izango balitz (zenbait ikasleren poztasunaren aurrean).

Baina ez dugu zertan gure ingurunetik irten behar gatazka internazional hauen oinarrizko arazoa aztertzeko. Lagun koadrilan bertan ere, beti daukagu lagun minen bat, ondo eramaten garen beste bat eta gorrotoa diogun baten bat ere. Beti ere, lagun minaren ekintzak ontzat joko ditugu, lagun arruntarenak ia kontutan hartu ere egingo ez ditugularik. Gorroto diogu hori, aldiz, txartzat joko dugu berehala, lehenago gertatutakoaz inolako informazio zehatzik eduki ez arren. Horixe bera munduko gatazkei aplikatuta erabat korapilatzen da egoera, baina funtsean oinarri bera dauka: ontzat daukaguna ona izango da, nahiz eta gauza txarrak egin (egun EEBBak egongo lirateke rol honetan); txartzat daukaguna, aldiz, txarra izango da beti (talibanak esaterako).

Baina epaitzen hasteko ez dugu inolako ikuspuntu objektiborik, hedabideak eurak hartu dutelako ikuspuntu komun hori sortzeko erabakia (beti ere botereko ideologiaren arabera). Beraz, ekintza nork “sinatu”, hala egingo da azken balorazioa. Horren aurrean inork ez dauka ezer esaterik, ez delako oraintsu asmatu den zerbait. Hala ere, bada salatzerik, kazetarioi unibertsitatean erakusten diguten informazioen kontrastearen bidez, esaterako. Zaila dela argi dago, eta behin oilaskoa prestatuta ikusten badugu, zertarako keztatuko gara geurea prestatzen? Alperrik da sukaldea zikintzea. Baina oilasko prestatua jatera ohitzen bagara, ez dugu jakingo zer jaten ari garen ere; noizean behin komenigarria da sukaldea zikintzea eta guk geure erara egitea gauzak.

2.-Hizkuntzaren erabilerarekin jolasten

Herrialde bat bonbez zulotzen dutenean eta bertako zibilak hiltzen direnean azalpenak gordinki eman beharrean “kalte kolateralak” egon direla esaten bada, populazioak benetako egoera uler ez dezan da. Hildakoen kopuruak esango balituzkete hauen irudiak eta inguruan gauzatutako kalteak erakutsiz, bati baino gehiago bihotza saminduko litzaioke. Baina irudi hauek argia ikusiko balute, populazioaren gehiengoa gobernuaren aurka jarriko litzateke, (egoera hau ez da komenigarria beraientzat) garai batean Vietnamgo gerran gertatu zen moduan. Golkoko gerran EEBBek Bagdad bonbardatu zutenean eskuetatik joan zitzaizkien irudi batzuk, baina berehala jarri zuten zentsura  martxan, ia dena isilpean mantentzea lortu zutelarik. 

Hedabideek norbait edo zerbait izendatzeko erabiltzen duten terminoaren arabera ideia bat ala beste sortu daiteke publikoarengan. Hitzak jadanik konnotatuta heltzen zaizkigu, beraz, hartu beharreko jarrera erabat eraikita datorkigu. Pentsatzeko ahalmena kentzen digute, eurek egiten dutelarik lan dena (beti ere interesen araberakoa, noski). Lan hori betetzeko medio desberdinak jarraituko dituzte, albisteak filtratu edo akats bezala azaldu esaterako, inpaktu hain gogorra izan ez dezaten.

Beste kontzeptu paradoxiko bat “operazio kirurgikoa” da. Zuzenean datorkigu burura ospitalearen irudia, medikua, gaixoa... Suposatzen da operazio bat zerbait konpontzeko egiten den ekintza dela. Ba ez, kasu honetan bonbardaketa izendatzeko erabiltzen den termino ponposoa da.

Oso zaila da, beraz, hitzak eurak ere konnotatuta heltzen bazaizkigu albistearen benetako esentzia bilatzea, eta are gutxiago gatazkarena.

3.-Diruaren garrantzia  (Hedabideak=industria)

Kapitalismoa gizartearen aita den Iparraldeko mundu honetan jadanik ezinezkoa da esatea “askea” dela, izan ere termino horrek edozer egiteko nahiz pentsatzeko ahalmena izatea dakarkigu denoi burura. Baina kasu honetan ez da horrela, egunkari zein aldizkari bat aurrera ateratzeko finantza maila altu bat behar da eta.

Askatasun termino hori abiapuntutzat hartuz hedabide bat bera ere ez dela askea esan dezakegu. Denen helburua (eta ez dugu zertan komunikabideen alorrera jo behar, eguneroko bizitzan ere adibide garbiak aurki ditzakegu eta) etekinak lortzea da, nola edo hala. Baina ez dugu  hirugarren pertsona pluralean hitz egin, gu geu ere talde horretan egongo ginateke eta (gehienok behintzat). Berriro ere lehengora bueltatuz, komunikabideetara alegia, hauek ez direla aske nahi dutena emititzeko ala idazteko esan dezakegu, presiopean daudelako (dirua izango da presio honen lehenengo faktorea, atzetik beste hainbeste ere dituen arren). Jendeak entzun, ikusi edo irakurri nahi duena argitaratuko dute (beti ere beraien interesen aurka ez badoa, noski!). Baloreak alde batera uzten dituzte, pertsonen intimitatea aireratzen dute...

 Estatu Batuak eta Afganistango arazoan arakatuz (beharko, hedabideek zerbait garbia esaten ez duten bitartean, behintzat) bilatuko ditugu zenbait adibide esanguratsu, non talibanekin eta Bin Laden-ekin batera, txanponen hotsak interesgarri diren estatubatuarrentzat. Orain arte haiek parte hartu duten gatazketan argi utzi dute etekin garbirik ez ateratzeko etxetik mugitu ere ez direla egiten. Bonbardaketak hasi zirenean, ez zuten ahoa ere ireki egin zergatik egiten zuten hura azaltzeko. Baina gutxika-gutxika gauzak atera egiten dira, eta orduan entzun ahal izan genuen nola itxuraz lur antzu eta menditsu haietan petrolioa egon litekeen, nola harri bitxiak dauden... Hor dago koska!

Haien helburuak lortzeko, boteretsuek era guztietako medioak erabiltzen dituzte, eta horietariko bat informazioa bera ere bada, arma pozoitsu bat izan litekeena. Merkantzia gisa erabiltzen dute. Horrela, saltzaileari salmentak ardura dio, etekinak, eta ez informazio beraren kalitateak. Akats bat eginez gero denbora falta erabiltzen dute justifikazio modura, esanez presaz egin behar dela lan, presiopean, eta ez dagoela denborarik iturriak baieztatzeko, adituekin hitz egiteko... Honek argi eta garbi uzten digu informazioaren egitura kapitalista, horrela, kazetariek haien lana “arin” egin behar dute, “ondo” baino lehenago, azken hau garesti ateratzen da eta.

Nola gainditu konpetentzia? Denbora berean lan gehiago langile gutxiagorekin eginda (produktibitatea deritzona igoz, alegia). Horrela, erreportari egiazalea eta egia-bilatzailearen irudia beraien prestigioa mantentzeko baino ez dute izango zenbait hedabidek; mito bat besterik ez da; jadanik “ikerkuntza kazetaritza” deritzona lurpean dago.

Informazioaren jabe izateak produkzioan eragin handia dakar (bankuak, bidaia agentziak... lekuko). Horregatik enpresek izugarrizko interesa dute komunikazioaren sektorean. Enpresa hauek handituz doaz, eta gutxika-gutxika publizitate-agentzia eta hedabide nagusien jabe egiten ari dira, populazio osora hel daitezkeelarik (baita bertako biztanleria eraldatu ere, haiek konturatu barik), inolako bitartekaririk gabe. Beraz, zenbat era enpresa handiagoa izan, hainbat eta negozio munduko zuzendari gehiago aurkituko ditugu.

Agentziak ere gero eta gehiago eta garrantzitsuagoak dira, izan ere, informazioa berridatzi gabe ematen dute. Egunkari askok zuzenean argitaratzen dute informazio hori, inolako moldaketarik egin gabe. Hori dela eta, askotan berria oso antzekoa izaten da hedabide guztietan. Beraz, zein da gaur egungo kazetariaren lana? Jadanik informazioa eskuetara heltzen zaio bere ordenagailuaren aurretik edo lan-gelatik mugitu gabe. Ez da albisteren iturburuaren lekuko zertan izan behar. Lehenago aipatu dudan bezala, “ikerkuntza kazetaritza” deritzona aspaldi galdutako zerbait da, eta benetan penagarria gainera. Kazetariak berak bere lanarekiko interesa gal lezake, espiritu kritikoa zer den ere ahaztu egingo zaio, eta helburu bakartzat hilabetearen azkenean soldata jasotzea izango du, zerua gorria, arrosa edo zuria den esan arren (askotan urdina dela esateagatik arazoak izan ditzake eta).

4.-Publizitatea

Zenbatetan egin behar izan dugu “zapping” telebistan iragarkiez kokoteraino gaudelako? Gizarte kontsumista batean bizi garela aski eztabaidatutako gaia da, baita hedabideak eurak direla kontsumo hori beharrezkoa zaigula pentsarazten digutena. Baina hori beste gai batetan sartzea litzateke. Hala ere, publizitatearen eragina azaltzeko baliagarri zaigu.

Hedabideek lehen postuetan egon nahi dute, eta publizitateak beraien arteko desberdintasunak handitzen ditu. Iragarki gehienak media handienenak dira, izan ere, hauek dira diru gehien darabiltenak esku artean eta kanpaina erraldoi horrek bideratzeko baliabide onenak dauzkate.

Baina publizitate eraginkorrena ez da argi eta garbi kontsumitzaileari erosgai moduan erakusten zaiona, baizik eta guk konturatu gabe jasotzen dugun hori baino. Igande arratsalde baten zinemara joatea bezain ekintza batek suposatzen duena aztertuko dugu. Pelikula hasi baino lehen, hamar-hamabost minutu egon behar gara hasteko zain. Ikuslegoa aztertu ez dadin, eta palomitak jaten has dadin, iragarki eta ohar batzuk (mugikorra itzaltzeko...). Nahi ala ez nahi, ikusi egin behar ditugu. Behin pelikula hasten denean, uste dugu filma soilik ikusiko dugula, eta hala ematen digu, atzetik dauden faktoreez konturatu ere ez garelako egiten. Mendebaldeko ideologia transmititzen dute, nahiz eta gu konturatu ez arren. Horrela, pelikulako “txarra” gerrillari edo arabiar aurpegiz errepresentatzen dute. Ekintza honetan jaun da jabe dira estatubatuarrak, pelikulen merkatua ia bete-betean beraien kontrolpean dago eta.

Telebistan ere adibideak bila ditzakegu, izan ere, gai honen indarra hain da handia, non iragarri nahi dutenak telebista kateak konbentzitzen dituzte telefilmeak dohainik emititzeko, barnean daramaten publizitatea erakustekotan.

Iragarleen eragin hau programen edukietan islatzen da. Askotan eurak errebisatzen dituzte gidoiak, beharrezko aldaketak baleude egin egiten direlako. Egungo adibide garbi bat jar dezakegu faktore hau azaltzeko: Irailak 11n gertatutako atakea dela eta, EEBBetako agintariek dorre bikiak azaltzen ziren edozein pelikula, bideo musikal edo eta adierazpen grafiko merkatutik kanpo utzi zituzten. Berdin gertatu zen kantekin ere, hau da, herria triste jar lezakeen edozer zentsuratu (hori izango litzateke hobekien egokitzen zaion hitza nire ustez) zuten. John Lennon-en Imagine kanta ere kendu zuten, XX. mendeko kantarik onena kontsideratzen den arren. Paradoxikoa benetan.

Eta gaia azken muturreraino eraman nahi izanez gero, espazioan ere iragarkiak egon badaudela baieztatu dezakegu, duela gutxi Japoniako freskagarrien enpresa batek 150.000.000 pezeta ordaindu baititu espazio-gizonek haien latatxoa eskuartean (ahal den heinean, behintzat) ibil dezaten.

5.-Boterearekin aliatuta.

Iturri instituzionalek arauak jartzen dituzte hedabideetan gaur egun, eta haien finantza bide direnez, jaramon egin behar zaie. Horrela ba, albo batera utz dezagun kazetari langilearen irudia (baieztapen hau egiteak kazetaritza ikasle bati ilusioa kentzen dion arren), informazioa nola bilatu burua hausten. Erabaki guztiak hartuta daude, eta kasu gehienetan ez da kazetaria iturriak aukeratzen dituena. Ildoa goitik dator markatuta, gobernu, administrazio zein enpresatik. Publikoak uste du kazetaria dagoela hitz egiten, baina benetan egiten ari dena boterea da. Horregatik hedabide guztiek kontatzen dute gauza bera, zenbait moldapen txikiz.

Sistema horrek informazioa arinagotik prestatuta egotea dakar, konferentziak, dokumentazio dossierrak, enpresen balantzeak... Hain dago kontrolatuta sistema, non bere “ezaugarrietatik” ateratzen denari “ikerkuntza kazetaritza”. Zer da orduan Kazetaritza Fakultateetan erakusten duten hori? Bozeramaile lana egiten ikasten al goaz egunero unibertsitatera? Badirudi ikasketek irauten dituen lau urte horietan erabat kritikoak garela, baina behin fakultatetik lan mundura ateratzen garenean sistema barruan sartu eta agintzen zaigun bide berean jotzen dugu. Alboko bidetik joz gero, arazoak eduki ditzakegu, bai ogi puska bat jateko edo baita gure moduan pentsatzen ez duen auzokoarekin. Tamalgarria benetan, hain irekiak kontsideratzen garen Iparraldeko mundu “aurreratu” honetan.

Propaganda, zentsura, eskupekoa, zigorra... Asko dira instituzioek artaldeko ardi beltzak bideratzeko, kontrolpean edukitzeko, ekiditeko (deitu nahi den bezala, denak direlako antzekoak) erabiltzen dituzten teknikak, eta propaganda izango litzateke horietako bat. Beti ere arerioei atxikitako teknika izan da, baina oso erraza da harria bota eta eskua ezkutatzea edo albokoari errua botatzea. Horrela, soberan dakite gudetan erakusten dituzten irudien arabera (ezkutatzen dituztenak ahaztu gabe) pentsamendu bat edo beste eraiki dezaketela populazioaren artean.

6.-Hedabideak eta ideologia

Zein ideologiak dominatzen du gure gizartea? Ideologia “prokapitalista” da, egunero ohetik altxatu eta lanera joaten “behartzen” gaituena (komatxo tartean jartzen dut, gauza guztietan bezala, kontrako kasuak ere egon badaudelako). Printzipio garrantzitsuena lana eta kapitalaren arteko erlazio ekonomikoa da. Helburua kapitalaren jabetza pribatua da, ongizatearekin batera (norberarena besteena baino lehenago, bakoitza ondo dabilen bitartean bost axola besteek zer egiten duten, geuri ukitzen ez diguten bitartean, noski!).

Ideologia “prokapitalista” honek planeta bi zati desberdinetan, eta argi eta garbi ikusten Iparraldeko aberastasunen metaketen aurrean Hegoaldearen miseria. Baieztapen hau naturala den zerbait bezala erakusten digute hedabideek (haien gainetik daudenek zuzenduta), egoera normalaren errepresentazio gisa. Arazoren bat dagoenean, ezkutatu egiten dute, edota ez dute bere osotasunean argitaratzen, edo beraien bertsioa soilik azaltzen dute, izan ere, nahiz eta                  ideologia periodistikoa beti saiatu “neutroa” izaten, ezinezkoa da. Faktore guzti hauek gatazka ulertezin bilakatzen dute.

Beraz, zein da herritarrok (hau da, hedabide horiek jasotzen ditugunok) antzerki horretan daukagun papera? Erantzuna oso erraza da: oraingo honetan ez gara izango aktore, ikusle, entzule edo irakurle baizik. Info-espektakulu honek herritarroi espektadore soil bihurtzen gaitu. Horrela, ez dugu erabaki behar bi posizio politikoren artean; egon besterik ez dugu egin behar, ez erreflexionatu eta are gutxiago kritikatu. Baina zer gertatuko litzaiguke gure egoera pasiboaz konturatzen hasiko bagina? Horretarako ere badaukate jadanik erantzuna, lasaitasuna transmititzen duen aurkezle dotore bat gure aurrean jarriz, kito! Baina ez pentsatu informatiboak ikusten edo egunkaria irakurtzen ari garen bitartean bakarrik erabiltzen direla estrategia hauek. Ez horixe. Gure aisialdi eta denbora-pasa ere kontrolpean dauzkate; bien konbinaketa gizartearen droga gogorrena dela esango nuke nik. George Orwell-en 1984 liburuan azaltzen den egoera dirudi honek, nahiz eta behin da berriz kritikatu dugun arren.

Sistema guztia dago beraz ustelduta? Beharbada ez (agian geroko kazetariontzat kontsolamendu moduan idazten dut hipotesi hau), horregatik lehenik eta behin agintari eta lerroaren arabera kobratzen duten kazetarien arteko bereizketa egin beharko genuke, lehenengoek bigarrengoei esplotatzen dieten ikuspuntutik ulertuta. Baina sistema horretatik kanpo dauden bideak oso zailak dira, boterean dagoen ideologiaren aurkako borroka egin behar delako eguneroko lanaz gain. Zer egin, orduan? Hor dago galdera klabea, eta erantzun sakonago batean sartu gabe, bakoitzak egin dezala nahi duena, ahal duena edo uzten diotena.

7.-Zer egin txotxongiloen pare erabil ez gaitzaten?

Informazioa bidaltzen den momentuan eragin bat bilatzen da, beti. Eta nahiz eta ezetz esan, prentsa ekonomikoki eta politikoki aberats eta boteredunen lurraldean kokatuta egongo da.

Zaila da egun gogor bat igaro ondoren etxera heldu eta telebista pizten dugunean (telebista diot zeren eta medio hedatuenetarikoa da) albistegiek ematen diguten informazioa aztertzen hasi beharra. Izatez, egin beharreko lana litzateke, guk geure iritzi propioa eduki dezagun. Horretarako, informazioaren jatorria jakin beharko genuke, hark gaian daukan interesa, zein ideologiak eragiten duen informatzen duenarengan, modu egokian komunikatzen digun kontrakoen ikuspuntua, arazoen barneko arrazoiak erakusten dizkigun eta hainbat eta hainbat faktore gehiago. Beharbada guzti honek telebista pizteko gogoa ere kenduko digu, burua ez dugulako hainbeste nekatu nahi. Baina ez dugu etsi behar, ezta esaten diguten guztia sinistu ere.

 

Irudi eta hitzez baliatuz ideologia bat sortu, moldatu eta indartu egin dezake hedabide batek, gobernu boteretsu baten laguntzaz.

Saioa Torre Gereketa