Gerra antzezpena denean
Urriaren 20ko gauean lurreko erasoari ekin zioten Estatu Batuen tropek Afganistango Kandahar hiriaren inguruan. Hedabideek plazaratutakoen arabera, bi soldadu talde aritu ziren leku ezberdinetan. Lehena, Delta Force eliteko talde isilpeko kideek eta rangerrek osatua, Mohamed Omar mula talibanak erabiltzen omen duen etxe batera abiatu zen, hura han izanez gero atxilotu, edo horren ezean inteligentzia zerbitzuetarako baliagarria izan zitekeen materiala atzemateko. Bigarrena, 200 inguru rangerrena, hiri horretako aireportuaren inguruan aritu zen.
Bozeramaile militarrek azaldu eta hedabideek zabaldutakoaren arabera, ekintza biak arrakastatsu suertatu ziren. Talibanek ez zuten erresistentziarako ahalmenik izan, eta Estatu Batuetako armadak argi utzi zien adierazi nahi ziena, Myers jeneralaren ahotan: "Nahi dugun helburua jo dezakegu Afganistanen, nahi dugun orduan eta nahi dugun moduan". Gau hartako ezbehar bakarra Pakistanen gertatu zen, helikoptero militar batek lurra jo eta soldadu estatubatuar bi hil zirenean.
Gerora jakin denez ordea, gauzak oso bestelakoak izan ziren gau hartan, NewYorker aldizkariak eta gero beste zenbait hedabidek argitaratutakoaren arabera. Mohamed Omar mularen etxera abiatu zen taldeak ez zuen ezer interesgarririk aurkitu haren ustezko gotorlekuan. Baina okerrena handik irtetean etorri zen: soldadu talibanak zain zeuden, eta ustekabeko segada egin zieten fusilez zein morteroz, eliteko soldaduak ihesian jarriz. Soldadu estatubatuarrek hanka egin behar izan zuten handik, korrika ari zirenean hamabi zauritu eduki zituztelarik (besteak beste, talbinanek zera aldarrikatu zuten hurrengo egunean: "oin amerikar bat aurkitu zutela, oraindik botaren barruan").
Aireportura joandako paraxutisten taldeak, ordea, ez omen zuen arazorik izan. Bere misioa oso bestelakoa izan zen: taldearekin batera kameraz filmatzeko ekipoak eraman zituzten, gauaz grabatzeko tresneriaz baliatuz ekintzaren irudiak hartu, eta hurrengo eguneko albistegi guztietan erasoaren irudiak erakutsi ahal izateko. Beste helbururik ez zuen izan talde honek telebistarako irudiak ematearena baino. Hura ondo bete ahal izateko, aldez aurretik bidalia zuten leku hartara beste unitate bat, arriskurik ez zegoela ziurtatu zuena. Irudiak, denok ikusi ahal izan genuen legez, telebista kanal askotan eman ziren hurrengo egunean.
Eraginkor suertatu ote ziren irudiok? Norberak atera ditzala kontuak. Urriaren 21eko prentsa aztertzen badugu, zera dakusagu: erasoak arrakastaz bete direla dioen berriak espazio handia hartzen du. Talibanen bertsioak ordea (erasoari aurre egin ziotela eta helikoptero bat bota zutela) oso espazio txikia. Honetarako ematen den arrazoia, beste askotan bezala, honakoxea: talibanen bertsioa kontrastatzeko biderik ez dagoela, Afganistanen kazetariak sartzea debekatuta dagoelako. Baina, honaino helduta, galdera ekidin ezina da: talibanen bertsioa kontrastatzerik ez badago, EEBBetako armadaren bertsioak ez ote du kontrastatu beharrik?
Nire ustez, hemen sartzen dira jokoan 200 rangerrek jakin gabe egindako antzezpenaren irudiak: irudiok sinesgarritasuna eman zioten bertsio nagusituari, irudiaren indarrez. Batzuena ezin ziurtatu, baina besteena ziurtzat hartzen da, irudiak dituelako. Baina, egia esan, ezer frogatzen ote dute irudi horiek? Ikus eta erabaki.
Informazio osagarria:
Urriaren 21eko El Paisen argitaratutako albistea, eta geroagoko zuzenketa:
The New Yorker aldizkarian eta The Guardian egunkarian argitaraturiko bertsio berria, eta haren ostean izaniko hika-mikak:
http://www.newyorker.com/FACT/?011112fa_FACT
http://www.guardian.co.uk/waronterror/story/0,1361,588580,00.html
http://www.defenselink.mil/news/Nov2001/t11042001_t1104mye.html
Josu Amezaga