Gerrako propagandaren printzipioak

 

            Gerrak ezberdinak izan arren, zenbait ildo amankomun izaten dute. Gauza bera gertatzen da gerran ari direnek erabiltzen duten informazio-estrategian. Ana Morellik ondo islatzen ditu XX nola aplikatu diren idlo horiek XX. mendeko gerra ezberdinetan.  

 

Sarrera legez

           Gerrak ezberdinak izan arren, zenbait ildo amankomun izaten dute. Gauza bera gertatzen da gerran ari direnek erabiltzen duten informazio-estrategian. Anne Morellik ondo islatzen ditu nola aplikatu diren ildo horiek XX Anne Morellik (Hiru Argitaletxeko Principios elementales de la propaganda de guerra. Utilizables en caso de guerra fría, caliente o tibia  liburuan,) hamar printzipiotan banatzen edo bereizten du estatu aparatuek gerra giroan zabaltzen duten propaganda. Hamar legeak, Arthur Ponsoby politikari ingelesaren ikerketa lanen arabera zehaztu ditu. Ponsoby XX. mende hasierako politikari bakezalea izan zen. Ahalegin handiak egin zituen gobernu britainiarrak I. Mundu Gerran zabalduriko gezurren eta manipulazio informatiboen maskaragabetze eta salaketan. Union of Democratic Control bere alderdiak errepresio gogorra jasan zuen, traidore izendatu zutelarik.

            Anne Morellik A. Ponsobyren ardatzik nagusienak jaso eta berauek XX. mendeko beste nazioarteko gatazka armatu ugaritan sistematikoki erabili izan direla azaltzen du; bando kontrajarri bien baitan gainera.

Hala bada, printzipio bakoitza adibide zehatzekin hornitzen du idazleak bere liburuan. II Mundu Gerrako, Gerra Hotzeko, Malvinetako, Pertsiar Golkoko, Jugoslaviako eta Kosovoko gerrateetako propaganda eta desinformazio adibide argiak baina gehienontzat ezezagunak azaleratzen dizkigu Morellik:

-Prentsaren esanak, beranduago gezurtatuak

-Politikarien diskurtso beroa.

-Gobernu aparatuen komunikatuak, estrategia militarraren parte askotan.

 -...

Oinarrizko hamar legeak

  1. “Guk ez dugu gerra nahi. Bakea nahi dugu beste herrialdeekin”

  2. “Etsaia da gerraren errudun bakarra. Gerran sartzera berak behartu gaitu”

  3. “Etsaiak deabruaren aurpegia du”

  4. Gerrarako interes eta helburu errealak ezkutatu kausa duinak aurkeztuz.

  5. “Etsaiak nahita burutzen ditu sarraskiak. Gureak nahigabeko akatsak dira”

  6. “Etsaiak legez kanpoko armak darabiltza. Ez du duintasunez jokatzen”

  7. “Gure galerak txikiak dira. Etsaiarenak bai handiak!”

  8. “Artistak eta intelektualak gure kausaren aldeko ditugu”

  9. “Gure kausak izaera Sakratua du”

  10. “Gure esanak (gerra-propaganda) dudan jartzea traizioa da”

Propaganda elementu zenbait —komunikatuen, diskurtsoen eta prentsaren bidez zabalduak— hamar ardatz horien arabera identifikatu eta sailkatuko ditugu.

1. Guk ez dugu gerra nahi. Bakea nahi dugu beste Estatuekin

            Gerrak herritarrengan duen onarpena ez da gero handia eta, horregatik, estatu desberdinetako botere aparatuek bakearen aldeko deklarazioa egiten ohi dute gerra deklaratu aurretik. Inork ere ez omen du sekula ere gerra piztu nahi. Baina azkenean, eta bide diplomatiko guztiak erreta, jadanik ez dukete beste aterabiderik eta gerran sartzera behartuta daude Estatuak.

à Franklin Roosevelt Estatu Batuetako presidenteak askotan heldu zion printzipio honi. Adibidez, 1940ko maiatzaren 16an eta uztailaren 10ean, Kongresuari kreditu erraldoiak eskatzerakoan armada handiagoa sortzeko, zera zioen: <<Ez bakarrik amerikar hiritarrek, munduko edozein gobernuk ere badaki gerraren kontrako garela. Guk ez ditugu armak erabiliko agresio-gerra batean. Ez ditugu gure soldaduak bidaliko Europan gerran parte hartzera. Baina Estatu Batuen edo Mendebaldearen aurkako edozein eraso eragozteko prest gaude>>

à Adolf Hitler-ek, 1939ko Abuztuaren 27a aldera, karta bidali zion gobernu britainiarrari, bere asmo baketsuez dudarik gera ez zedin:

<<Reich-aren Gobernuak zinezko elkarrulerketa, kooperazioa eta adiskidetasuna nahi du bi herrien artean>>

à Frantziar Ministro Kontseiluko presidente Eduard Baladier-ek 1939ko irailaren 2an diputatuen ganberari gerraren hasiera iragarri zionean, zera esan zuen: <<Ez dira frantsesak izango atzerriko estatu baten lurraldea inbaditzeko altxatuko direnak>> -eta egun bat geroagoko “Nazioari Deialdian”: <<Gerraren kontra azken minuturaino eta deskantsu barik lan egin dudala uste dut nik>>

2. Etsaia da errudun bakarra. Hark behartu gaitu gerra egitera

            Bando bakoitzak zabaltzen du gerra egitera derrigortu duela etsaiak eta haren jokabideak. Etsaiaren basakerietatik defendatzeko premia dugulako sartzen gara gerran. Gatazkaren erru osoa otsoak du, ez guk arkume zuriok. Gure partehartzea defentsa eskubide erabat legitimoan oinarritzen da.

Gainera, etsaiak ukatu eta zapaldu egiten ditu, beti, nazioarteko itun edo akorduak, estatuen arteko armonia zapuztuz eta krisiak sortuz.

Esan ohi dute, baita ere, gerra egingo dugula etorkizuneko gerrekin amaitzeko. Hauxe azken gerra izango da; geroko bakea segurtatuko duena.

à I. Mundu Gerraren ataritan, Le Matin egunkari Aliatuak zera ziurtatzen zuen 1914ko abuztuaren 1ean: <<gerra saihesteko egin zitekeen guztia egingo genukeen. Baina gerra piztuko bada, esperantza handiaz agurtuko dugu>>

Eta Le Temps-ek abuztuaren 2an: <<Gerra hauxe inposatu egin digutenez, ba egin egingo dugu>>

à 1999an, mendebaldeko komunikabideek zioten jugoslaviarrek NATO desa-fiatzen zihardutela eta indarrez erantzutera behartzen zutela. Le Soir-ek 1999ko apirilaren 18an: <<NATO lotsagabekeria handiz desafiatua izan da: denbora luzez justifikatu ahal izango al du munduko lehen potentzia armatuak bere esperoa?>> -eta Le Monde-k, titular legez: <<Slobodan Milosevic-en probokazio berriak>>

3. Etsaiak deabruaren aurpegia du

            Gizarteari gaiztoen eta onen definizio ahalik eta agerikoena eman ohi zaio, gerraren alde batean zein bestean. Polaritatea argi utzi beharrekoa da. Ordea, gaitza da kolektibo oso bat gorrotatzea, baina errazagoa gorrotoa bakar batengana bideratzea. Hala bada, arerioak aurpegi bakarra izan behar du eta izango du; aurpegi gorrotagarria beti ere. Azken nazioarteko gatazketan (gerrak zein eraso osoki unilateralak uler ditzagun gatazkaren baitan), Hitler, Sadam Hussein, Milosevic eta bestek bete izan dute deabruaren papera.

Etsaien buruzagia munstroa, kriminala, eroa, odoltzalea izango da. Edo are gehiago: kakanarrua, potoloa, itsusia, leloa, konpultsiboa, maniatikoa, sexualki ezgaia, pedofiloa eta abar.

II. Mundu Gerraren ondotik, Adolf Hitler izan zen hartua gaizkiaren eredu edo sinbolo. Hala, gatazka berrietako alde bateko zein besteko buruak diktadore harekin konparatuak izan dira behin eta berriz. Sadam Hussein bera Hitlerren dobletzat hartuko/jarriko dute mendebaldeko masa hedabideetan, bere argazkiak manipulatuz (bibotea laburtuz, besteak beste).

à I. Mundu Gerraren aurretik, Kaiser alemana preziatua zen Britainia Handian. Evening News egunkariak 1913ko urriaren 17an: <<Denok dakusagu Kaiserra izaera jatorreko gentleman legez (...) ongi-etorria atsegin handiz egiten diogun bisitaria da (...)>> baina 1914ko irailaren 22an, Daily Mail-ek horrela zioen: <<Gillermo alienatuak ez du Ingalaterra dar-dar eragingo (...) Eroa bere su-pila propiorako egurra biltzen ari da (...) Munstroak ez digu beldurrik eragingo>>

à L’Expresso astekari italiarrak, 1999ko apirilaren 9ko alean zera agertzen zuen bere portadan: “Hitlerosevic”, aurpegi erdia Hitlerrena eta beste erdia berea (Milosevic-ena) zuela.

à Zimbaweko lurjabetza handien okupazioen afera dela-eta, 2000ko uztailean Liberation-ek ‘Hitler’ goitizena erabili zuen eragileak izendatzeko: <<Zimbawen amaieraraino heltzen dira, Hitler moduan>> eta <<Auzitegi Gorenak Chenjerai Hitler Huntzvi deklaratu du errudun, okupazio ilegal horiek eragiteagatik>>

4. Interes eta helburu errealak ezkutatu gerrarako kausa duinak  eta nobleak aurkeztuz

            Orokorrean, gerraren arrazoiak izaera ekonomikokoak eta, hari loturik, geo-politikoak edo geo-estrategikoak izan ohi dira. Baina iritzi publikoari, herriari, ezin ager dakioke halako arrazoi hotzik. Gerra bere egin dezaten lortu behar/nahi dute botere aparatuek.

Iritzi publikoaren aldekotasuna lor daiteke ulertaraziz gero jokoan dagoela askatasuna, duintasuna, independentzia, ongizatea...

Balore moralei heldu behar diete gobernuek. Herria konbentzitu behar dute sentimenduekin eta hitz potoloekin.

Gure gerra duina eta gizalegezkoa da, ez ordea etsaiarena. Hark motibo sasi ezkutukoak eta misteriotsuak ditu beti: ulergaitzak eta arriskutsuak. Askatasuna eta giza eskubideak guk bermatzen ditugu, ez beraiek.

à I. Mundu Gerran (1914-18), testu ofizialek ez zituzten sekula aipatzen gerraren helburu ekonomikoak edo geo-politikoak.

Ordea, eta behin gerra amaituta, estatubatuar presidente Woodrow Wilson-ek arrazoi ekonomikoen garrantzia aitortu zuen, 1919an: <<Badago gizon ala emakumerik —badago sikiera umerik—, mundu modernoko gerren hazia lehia industriala eta komertziala dela ez dakienik?... Azkenekoa gerra industriala eta komertziala izan da>>.

à Iraken kontrako interbentzio militarrean ere, mendebaldeko hiritarrei azalduriko arrazoia Kuwait herrialde txiki gaixoaren inbasioa izan zen. Anaia txikia eta ahula defendatu beharra zegoen. Petrolioaren gaineko interesak ez ziren sekula aipatu. Kuwaitek mendebaldea hornitzen zuen, baina Hussein-en Irak estatubatuarren kontroletik ihes egiten hasia zen.

à Latinamerikar herrialdeen gaineko interbentzionismoa ere kausa duinak argudiatuz burutu zuten (-tzen dute) Estatu Batuek: Narkotrafikoaren aurkako borroka. Droga konbatitu beharra dago.

Ezkerreko kutsua zuten/duten mugimenduen eta gobernuen aurka aritu izana ez da zabaltzen giza-masetara. Txileko edo Panamako eskuartzea urte mordoa iragan ostean zabaldu da, CIA aparatuak bere paperak desklasifikatzean.

5. Etsaiak nahita burutzen ditu sarraskiak. Gureak gogoz kontrako eta saihestezineko akatsak dira

            Etsaiak buruturiko nahiz burutu gabeko (asmaturiko esamesak edota datu ofizial faltsuak gizartean barreiatuz) sarraskiak boz goraz zabaltzea praktika propagandistikorik erabiliena izan da historikoki.

Ulertarazi behar da soldadu etsaiak gaiztakeriaren eredu direla, baina gure armada gizalegetsua eta zehatza dela. Eta hiritar oro laguntzen duela itsuki, nor den begiratu gabe. Ez hala beraiek, anker eta odolzaleek.

Akatsik egin izan badugu: “kalte kolateralak”, etsaiak engainatu gaitu, nahigabe izan da eta bihotzez damutzen gara.

Beraiek gustura torturatzen eta hiltzen dituzte emakumeak eta haurrak, eta ospitale eta eskolak erretzen itsu-itsuki.

à I. Mundu Gerran, esamesa ugari zabaldu ziren hiritarren artean. Gehienak alemaniar soldaduek buruturiko sarraskiei buruzko istorioak ziren; ipuinik beldurgarrienetan agertzeko modukoak. Oso sonatua izan zen, milaka haur belgikarrena: alemaniar ankerrek eskutxoak moztu zizkieten gaixoei. Gerra amaitzean gezurtatu ziren istoriook, kazetariek eta militar aliatuek eurek aitortu baitzuten dena asmamen bat zela.

à 1914ko abenduaren 10ean, Journal-ek zera zioen: <<alemaniar soldadua, lepamoztu berri duen haurtxoaren biberoitik esnea edanez aldentzen da, bere burkideen barre algarak lagun>>.

à Iritzi publiko amerikarrari Iraken eta Kuwaiten arteko aferan eskuartu behar zela erakusteko, Hill & Knowlton publizitate agentziak istorio hunkigarri bat zabaldu zuen: hil zitezen, soldadu irakiarrek inkubadoratik ateratako haurtxo kuwaitiarrena alegia.

Beranduago jakin zen agentziak asmatua zela, eta Kuwaiteko diruz finantzatua..

à 2000 urteko ehun milaka biktima albaniarrak (kosovoarrak) bi mila eta bostehunera ez ziren ailegatzen, hara bertaraturiko mediku-forense espainiar batzuen kontaketaren arabera. Baina ordurako serbiarren aurkako bonbardaketa gertatua zen, besteak beste gezur hori medio.

6. Etsaiak legez kanpoko armak darabiltza. Ez du duintasunez eta gizonki jokatzen

Etsaiak ez ditu sekula gerrako arauak errespetatzen. Guk, ordea, gizalege-tsuki dihardugu eta arauak errespetatuz. Gerra jokoa omen, eta jokoak garbia behar du izan.

Armamenduari gagozkionean, kualitatiboki zein kuantitatiboki etsaia baino boteretsuagoa izatea berebizikoa izan da gerretan. Nagusitasun teknologikoak alde batera ala bestera bultzatu ohi du balantza. Horren haritik, gu geu armatan apalagoak bagara, etsaiek duketen armamendua ez dateke duina eta garbia gerrarako. Aldiz, gu baldin bagara sendoago, etsaiek ere badukete ezkutuko artefaktu hilgarriren bat (azken esan hau faltsua ohi da; neurriko etsaiaren gabezian berau sortzeko trikimailua. Bestela inbasio edo bortxaketa unidirek-zionala litzateke ororen bistara ).

Bat bateko eta ustekabeko erasoa etsaiaren traizioa edo labankada zikina da. Geuk burutuz gero, ekintza zuhurra noski.

à 1915eko maiatzaren 7an, alemaniar urpekuntzi batek torpedoa jaurti zion Lusitania untzi amerikarrari. Untzian zihoazen mila eta berrehun zibilak hil ziren. Baina, egia esan, Lusitania armaz lepo beterik zihoan eta zibilak koartada besterik ez ziren. Aliatuek gogoz eta luzaro erabili zuten gertaera euren propangandan: arma ez-zuzena zen urpekontzia, eta koldarra erasoa.

à Hitler gidari germaniarra ere arma eta metodo zantarren amaieraz mintzo zen 1939ko irailaren lehenean: <<Haiek muzin egin diote nire proposamenari; gizakien eskubideen aurkako diren zenbait armaren eta gerra metodoren debeku adostuari. Gasen gerra hasiko badute, geuk ere gasekin erantzungo diegu>>

à Arma kimiko edo bakteriologikoen ikerketa eta erabilera gai garrantzitsua izan da Gerra Hotzean hasi eta gaurdaino. Herrialde gehienek esperimentatu badute ere, oraindik ere aro berriko armarik gaiztoena kontsideratzen da.

Adibide legez, frantziar RPR alderdiko diputatu Pierre Lellouche-k esandakoa (Paris-Match, 2000ko uztaila): Sadam Hussein-en laborategiak izan ziren “Niloko Sukarraren” eragileak, 1999ko udan, New Yorken lau hiritar hilez eta beste hogeita hamahiru kutsatuz.

7. Gure galerak txikiak dira. Etsaiarenak bai handiak!

            Gerra giroan, iritzi publikoaren gobernuarenganako atxikimendu gradua emaitzen araberakoa izaten da. Izan ere, gure soldadu eta hiritarren morala altxa dezagun gerra galdu nahi ez badugu. Baita deskribatutako egoera guztiz alderan-tzizkoa bada ere. Satelite bidezko TBaren aroan, ezinezkoa dirudi porrot nabariak ezkutatzea (edo gezur nabariak zabaltzea), baina bai nahiko txikitzea irudien monopolio nahiko segurua bermatuz.

Emaitzak onak ez badira, propagandak geure galerak ezkutatu beharko ditu, eta etsaienak puztu bide batez. Aurrera eta sendo goaz beti ere!

Gerra komunikatua ofizialak dinamika horretan mugitzen dira, kanpora zein barrura begira. Gureak lasaitzeko balio du informazio baikorrak, baita etsaia engainatu eta desanimatzeko ere.

Bi ildo bereiz daitezke gerra parteetan:

Giza bizien galera.

Galera ekonomikoak eta azpiegiturenak.

Noski, gerrak ez dakar diru edota odol kosturik gurera. (GERRA EZ DA GERRA, ALEGIA)

à Jugoslaviaren aurkako NATOren gerran, 1999ko bonbardaketak zuritzeko, NATOk erregularki ematen zuen jugoslaviar tankeen birrintzearen berri. Amaieran, guztira ehun eta hogei izango ziratekeen deuseztutakoak.

Baina behin betiko kontaketan, 2000 urtean egina, hamalau tanke bakarrik aipatu ziren. Gainera, Royal Air Force-k (abiazio britainiarra) aitortu zuen jaurtiriko munizioen % 40ak bakarrik lortu zuela bere xedea.

à Bestalde, Jugoslaviako Estatu Goreneko buru zen Dragoljub Ojdanic jeneralak ere bere datuak zabaldu zituen bonbardaketak amaitzean: NATOk hamarnaka hegazkin eta helikoptero galdu zituen, eta ehun milaka Cruise misil!!

8. Artistak eta intelektualak gure kausaren aldeko ditugu

            Propagandak, edozein publizitate moduk legez, emozioetan du jo puntua. Herritarren emozioak moldatzeko artistengana eta intelektualengana jo ohi dute aginte aparatuek, eta azken boladan publizitate agentziengana ere zuzen zuzenean.

I. Mundu Gerran, artean publizitate agentziak hasi berriak zirela, intelektual eta iritzi sortzaileez baliatu ziren emozioak bideratzeko. Bakoitzak bere espezialitatetik, gerra nolabaiteko justifikazio razional eta zientifikoaz jantziko zuten (hobe esanda: horren antzaz). Berme intelektuala emango zioten.

Bakezale eta kritikoak informazio eta iritzi zirkuitotik kanpo geratu ziren, isilaraziak eta zentzuratuak.

II. Mundu Gerraz geroztik Zinemak pisu handia jaso zuen metodo edo tresna legez. Morala altxatzeko ikusentzuteko ekoizpenak ugariak izango ziren.

Gerra Hotza garaian, komikiak izango dira iritzi moldaketaren bandera.

Yugoslaviako gerra garaian, masa telebista kateetan Show-ak eta galak ospatuko zituzten, artista famatuz gainezka. Denok elkartasunarekin konprometituak!

à Pierre Loti idazle ezagunak —frantziar Akademiako kide eta itsa-indarretako ofizial ere bazen— dinamika horretan hartu zuen parte, I. Mundu Gerran alema-niar presoak deskribatuz: <<baserritar itxura daukate, eta itsusitasun nabari, lelo eta sendagaitza>> (L’Illustration 1917-XI-3)

à Frogatua omen dago Albert Einstein-ek berak gutuna bidali ziola Estatu Batuetako presidenteari, ikerketen bizkortzea eskatuz bonba atomikoa bukatu ahal izateko.

à Geografoengana ere jo izan da, gobernuen proiektu politikoak errealitate bihur ditzaten aldez aurretik. Hala, National Geographic Magazine hilabetekari prestigiosoak, 2000ko otsaileko alean Balkanetako mapa bat azaldu zuen NATOren estrategiak aurrikusiz. Mapak Albaniara erantsia azaltzen zuen Kosovo.

Belgikar Irrati-Telebistak,. bere eguraldi-mapa, estatu independente legez agertzen zuen Kosovo, nahiz eta geroagoko itunek Jugoslaviaren Kosovoren gaineko subiranotasuna argi utzi.

9. Gure kausak izaera Sakratua du

            Gure kausa Sakratua bada, edozein bidetatik defenda dezakegu orduan. SAKRATUA hitza bi eratan uler dezakegu:

 + Erlijioarekin zuzenki lotuta. Agintari orok heldu izan dio Jainkoaren aldeko-tasunari. Kristautasuna eta Mahometismoa; Biblia eta Korana; santuak eta profetak; salbazioa eta pekatua aipatu izan dira nekatu arte.

 + Jainkoa delako hori Demokrazia, Zibilizazioa, Askatasuna edota Merkatu Libreko Ekonomia bezalako balore zibilagoekin ere ordezkatu izan da sarritan, berauei izaera sakratua gaineratuz. Gu zibilizazioaren zaindariak gara.

Dena den, erlijioari lotzeak oraindik funtzionatzen du. Hala, laikoak ziren serbiarrek musulmanen eta ortodoxoen arteko gatazkatzat irudikatu zuten afera, europarrekiko ahaidekotasun kristaua gogoraraziz. OTANeko estatuak ostera, albaniar musulmanen alde jarririk, ezberdintasun erlijiosoak estaltzen saiatu ziren bada ezpada ere. Edo, bestela, musulman moderatu eta nahiko europartuak legez deskribatuko zituzten kosovoar-albaniarrak.

Iraken ere (herrialde nahiko laikoa garai batean), Sadam Husseinek kutsu islamista gaineratu zion Estatu Batuen aurkako aferari, nahiz eta urte batzuk lehenago Iran jomeinista-rekin gerran ibilia izan.

Izan ere, erlijioari helduz gizatalde zabalagoak bil ditzakegu kausara, arrazoiak subjektiboagoak eta emotiboagoak baitira. Sakratuagoak.

à “God save the Queen” edo “God we Trust” bezalako esaera sobera ezagunak sarritan erabili dituzte soldaduek.

à II. Mundu Gerra. Knox koronelak, untziteri estatubatuarreko idazkariak, zera ziurtatu zuen Estatu Batuen partehartzea aldarrikatzean (1941-VII-1): <<indar pagano horren porrota segurtatu diezazuekegu, eta zibilizazio kristauaren garaipena bermatu>>

à F. D. Roosevelt estatubatuar presidenteak gorengo mailara altxa zuen Demokrazia 1941eko martxoaren 17ko diskurtsoan: <<Demokraziaren sugarrak pizturik segitzea dauka. Garra bizirik mantentzeko, gutariko bakoitzak indar guztia eman behar du. Bakoitzaren ahaleginak ezer gutxi dirudi, baina 130 milioi lagun gara, eta are gehiago Britainia Handian eta beste herrialdeetan, ausartki defendatuko dugunak demokraziaren sugar handia; basakeriaren deuseztearen sugar handia>>.

10. Gure esanak dudan jartzea traizioa da.

            Edozein gerra dela ere, kritiko agertzen dena, bi bandoen argumentuak jasotzen dituena iritzia eman aurretik, informazio ofiziala dudan jartzen duena..., zuzenean etsaiaren konplize izango da. Kausari eta herrikideei traizio egin die!

Barruko disidentziarik ezin onar daiteke. Bloke bakarra osatu behar dugu. Dagoeneko ez badugu kritikoak ezkutatzen jakin, neutralizatu egin behar ditugu nola edo hala.

Gerra garaian, inork ez dauka ZERGATIK? galdetzeko eskubiderik.

Europar herrialdeetako konstituzioetan ez du deus jartzen gerra garaian iritzi askatasuna ukatzearen gainean. Are, gutxiago galdetzeko eskubideaz!

à I. Mundu Gerran eta Ingalaterran, Union of Democratic Control erakundeari, gerraren aurkako bozik argienetarikoari, posta, telefonoa eta batzarrak kontrolatzen zizkion Scotland Yard aparatuak. Bere kideak jarraituak eta atxilotuak izan ziren etengabe.

à Teodore Roosevelt presidenteak idatzi zuen (1918-IV-6):

 <<Estatu Batuetan bertan Alemaniarenganako adeitasuna zuzenki ala zeharka agertzen duen edonork, atxilotua, fusilatua, urkatua edo betirako espetxeratua behar du izan>>.

Estatu Batuak gerran sartzearen kontra azaldutako zenbait susmagarri espetxera sartu zituzten, edo alkitranez eta lumez estalia!

à Kosovori buruz Jiri Dienstbier-ek eginiko informeak (NBEko idazkari nagusiak estatu partaideei helarazia) nahikoa buruhauste ekarri zizkion egileari. Bere konklusioak ziren: <<udaberrian gertatutako albaniarren depurazio etnikoak —hilketez, torturez, lapurretez eta suteez lagunduak—, irailean izan zuen segida serbiar, jitano, bosniar eta beste pertsona ez albaniarren depurazio etnikoarekin. Barrabaskeria berberak burutu ziren>>

Jiri Dienstbier-i <<biktimak eta borreroak maila berean jarri nahi izatea>> leporatu zioten (Ismaïl Kadare, Le Monde 1999-XII-14).

à ...

Liburua galdera bat eginez finitzen du Anne Morellik: Justiziak eta egiak ez al digute exigitzen gure etsaiak ere defendatzea, baldin eta burutu ez dituzten krimenak egotzi badizkiete?  

 

Manex Altuna, Ziortza Artabe, Asier Gonzalez, Zuriñe Ibarrondo, Maite Izagirre, Saioa Torre