Gerra erreportariak arriskuaren aurrean

 

 

 

        2001.urtean berrogeita hamabost dira jadanik gerran hildako kazetariak eta zenbakiak gora egiteko arriskua dago neurriak hartu ezean. Erreportariak emakumeak badira, arriskua handiagotu egiten da. Hedabideak egoera honetaz baliatzen dira euren interesak defendatzeko. 

 

Azkenaldi honetan zeresan handia ematen ari den gaia da Afganistango gerran hiltzen ari diren kazetariena. Izan ere, dagoeneko zortzi kazetari hil dira hilabete baino gutxiagoko epean. Hala ere, hauek ez dira lehenak, ezta azkenak ere izango. Urteko balantzea eginez gero, 2001.urte honetan berrogeita hamabost langile hil direla ikus daiteke, hauen artean kazetariak eta argazkilariak kontuan hartuta. Beraz, orain asko dira beldurrez bizi diren kazetariak baina hala ere, ez dute euren lanean etsitzen eta zer gertatu zain dihardute lanean.

Arrisku honen aurrean, EE.BBetako agintariek kazetarien ebakuazioa agindu dute, ezin baitute euren segurtasuna bermatu. Honekin heriotz gehiago ekiditea lortu nahi dute baina Afganistango edozein lekutara irits daiteke gerra eta askotan kazetariek egin beharreko hautua bilakatzen da profesionaltasunez jokatu edo bizitza ziurtatzearena.

Aipatu beharreko datua izango litzateke armada amerikarreko soldaduen heriotz kopurua eraildako kazetariena baino baxuagoa dela. Geroz eta gehiago dira soldaduen bizitza arriskuan ez jartzeko hartzen direna neurriak, esate baterako, dagoeneko borrokara jaurtitzeko tripulaziorik gabe doazen hegazkinak dituzte. Aitzitik, kazetariak babesteko ez dute inongo neurri berezirik hartzen. Egiten duten gauza bakarra informatzaile edo argazkilariren bat erailtzen dutenean, heroi gisa tratatzen dituzte eta arriskua hor dagoela jakinda ere, lanean jarraitu izana baloratzen dute eta izandako ausardia goraipatzen dute. Modu honetan, heroizitatea soldaduetatik kazetariengana igarotzen ari da.

Gerra erreportarien lana berez zaila bada, emakumezkoen kasuan egoera larriagotu egiten da. Afganistanen ez dute begi onez ikusten mendebaldetik kazetariak etortzea gatazkaren berri ematera eta hori dela eta, gertutik jarraitzen dituzte eta emakumeak badira orduan eta jarraipen handiagoa egiten diete. Gerra zonaldera iritsi eta berehala agindu zehatzak jasotzen dituzte. Beharrezkoa dute burua zapi batekin estaltzea, hoteletik ateratzea debekatua dute eta kalera irtetea erabakitzen badute, aldez aurretik polizia jakinaren gainean jarri behar du eta armaturiko guarda bat bidaliko diete laguntzaile gisa. Horrelako jarraipenarekin ez dute inongo inprobisaziorako aukerarik. Behin baino gehiagotan talibanen eskola batetik bueltatzerakoan agintari militarrak zain edukitzen dituzte azalpenak jaso nahian. Hainbat kasutan deportazio mehatxua ere jaso izan dute baina azkenean, ez da betetzen. Beste zenbaitetan, berriz, Afganistango hiritarrek kazetariak harrika jaso izan dituzte eta horretarako arrazoi bakarra lankidea emakumezkoa izatea izan da.

Azkenik, esan beharra dago kazetarien erailketa hauek hedabideen arma garrantzitsu bihurtzen ari direla. Izan ere, talibanen aurkako argudioak sendotzen dituzte eta zentsuratzaile terminoa erabiltzen dute eurak izendatzeko. Ekintza hauek ekiditeko neurri sendoagoak hartu (eta ez soilik kazetarien ebakuazioa) eta informazioa askea bermatu beharrean, hedabideak gertatutakoari jira eta bira aritzen dira ahalik eta etekinik handiena atera nahian. 

 

 

 

Ainara Hernando, Itziar Urdapilleta