Ezagutzaren banaketa sozialaren eragin kognitiboak

   

         Ezagutza eta egungo mass-mediek ezagutza helarazteko daukaten ahalmena kontrol sozialaren beste modu baten legez ulertu behar da. Ezagutzak norbere errealitatea eraiki ahal izateko balio badu eta ezagutzaren igorpena, egun, komunikabideen lana bada, ezin da ukatu gizartean izan dezakeen eragina.

            Baina eragin honen ondorioa ez da ezagutzaren hazkunde bat, hasiera baten pentsa litekeen legez, baizik eta ezagutzaren pribatizazioa. Komunikabideek, ezagutza medio, gizartearen zatiki ezberdinak banandu eta urrundu egin ditzake. Arrazoia da botere soziala ezagutzan oinarritzen dela. Ondorioz, ezagutzaren pribatizazio batek boterera heltzeko eragozpena ekar lezake. (Tichenor, Donahue, Olien. 1980)

            Honenbestez, informazioa gizarte segmentu bakoitzean era baten edo bestean kontsumituko litzateke.

Hezkuntza maila altua duen pertsona batek edota goiko maila sozialetan aurkitzen den pertsona batek ez du mailarik baxuenetako beste banako baten behar informatibo bera izango. Honela, urrunketa bat jazotzen da segmentu ezberdinen artean, ezagutzari dagokionez.

            “Komunikabideak gizartearen ispilu dira” diogunean, ondo ulertu beharra dago baieztapen hau. Izan ere, komunikabideek ez dituzte islatzen gizartean dauden beharrizan eta zalantza objektiboak; alderantziz, sistema sozial baten baldintzapenak erakusten dituzte eta beronen (boterearena esan gura da) interesak.

Urrunketaren faktoreak

            Gai honen inguruan gauzatu zen lehen ikerketa enpirikoak zera eman zuen aditzera: status sozioekonomiko baxuan zeuden banakoak ezagupen urriak zituztela gai politikoen inguruan eta informazioa bilatzeko ahalmena ere oso gutxitu garatua zutela. Bestalde, status altuagoko banakoek ezagupen politiko zabalagoak zituzten eta erraz identifika zitzaketen gizarte gai interesgarriak:

Zentzu honetan ezaguera mota bi argi bereiz daitezke:

a.      Gertaerei buruzko ezagupenak: Informazioa jasotzearen ondorioz bilduak, hau da, gertaerak, datak, izenak eta abar.

b.      Egiturazko ezagupenak: Gertaerei dagozkien informazio ezberdinak erkatu eta lotzearen ondorioz erdietsiak.

            Hala ere, ikerketak zehatzago aztertu zuen. Honela, giza komunitate txikietan egindako behaketetan hipotesia baieztatu egin zen nazioarteko gaien eta gai nazionalen artean. Baina ekai lokalei buruzkoetan urrunketa harremanen ustea ez zen betetzen. Kontraesan honek hurrengo baieztapenera eroan zuen ikerketa. Hezkuntza maila ez zela erabakiorrena egiturazko ezagupenak biltzeko orduan eta erabakitzeko gaitasunak interes sozialean zetzala. Gertakizunei buruzko ezagupenean, berdin zion interes sozialak eta hezkuntza mailak, memorizatzeko ahalmena edozein banakok baitu.

Kontrol prozedurak

            Esan bezala, boterea kudeatzen duten sektoreek daukate informazioaren kontrola. Honenbestez, zenbat eta gizarte konplexuagoa izan, hainbat eta handiagoa izango da informazioaren gainbegiraketa eta banaketa kontrolatzeko beharra.

            Informazioa boterea sortu nahiz mantentzeko lehen baldintza den heinean, ugaltzen ari dira komunikazioan espezializatutako zentroak negozioen munduan, gobernuan, hezkuntzaren eremuan eta bestelako interes taldeetan.

      Kontrolaren ezarpena prozesu bitan bermatu ohi da:

a.      Feed-back kontrola: Gizartea erregulatzen du. Honela, komunikabideek parlamentuko debate bat emititzen dutenean edota kontsumitzaileen kexak adieraztean,  publikoaren iritzia bideratzeko ahalmena erakusten dute.

b.      Kontrola banaketan: Kontrol honek sistemaren biziraupena bermatuko du. Besteak beste, zentsura, gaien aukeraketa edo ildo editorialaren zehazketa lirateke.

Prozesuok banatuta edota aldi berean jar daitezke abian.

Ezagupena sortu, banatu eta kontrolatu egiten da, hortaz. Eta helarazia izango zaio jasotzeko ahalmenik onena duenari.

Hiru dira kontrol mekanismoak:

a.      Informaziora heltzearen kontrola: Informazio batzuk espezializazioa eskatzen dute (informazio zientifikoak, ekonomikoak eta abar). Baita ere gustu eta lehentasun kultural zehatzek informazioa zelan jaso baldintza dezakete. Honen karian, “kalitate baxuko” saioak gizartearen sektorerik “baxuenei” bideratuko zaizkie.

b.      Banaketaren gaineko kontrola: Orokorrean instituzioek eta erakundeek helarazten dituzte informazio gehienak. Honela, estrategiez baliatuta, badakite nori zuzendu zehazki informazioa.

c.       Aurrebaldintzen moldaketaren gaineko kontrola: Bideratze ezberdinek hezkuntza maila ez hain altuko banakoei ere informazioa heltzea lor dezakete.

Azkenik, zera aipatu beharra dago. Gaiak ere boterearen kontrolaren gainean daudenen arabera zehazten direla.

Prentsa eta telebistaren eragina

            Orain artean esandakoaren arabera ondorioztatu daiteke publikoak komunikabideak aukeratzen dituela, hartzaileak ulertzeko duen gaitasunaren arabera. Beraz, zentzuzkoa izango litzateke pentsatzea maila sozioekonomiko altukoen komunikabidea gehiago izango litzatekeela prentsa, jorratutako gaiek konplexutasun handiagoa dute-eta.

            Hala eta ere, eragin hau ez da unidirekzionala. Hau da, irakurleek aukeratzen dutela euren komunikabidea. Ordea, badago beste zentzuan ere betetzen den eragin bat: egunkari bakoitzak bere komunitateak beroni egiten dion erabilera molda dezakeela, hala nola komunitatearen lehentasunak ere.

            Ezagupenetan ematen den urruntasunari dagokionez, komunitate txikietan murriztu egiten da hutsunea. Izan ere, gatazken aurrean banakoen parte-hartze zuzena inplika dezake debate publikoaren bitartez. Urrunketa ematen den kasuetan gai nazional eta internazionalak izaten dira.

 

 

 

Jon Berezibar, Ekaitz Goienetxea, Oihana Llorente, Josu Martinez de Urdaci, Ion Telleria