Epe luzera eraginak

 

 

 

               Mass mediek errealitate sozialaren irudia eraikitzerakoan eragin handia dute, eta eragin hori postulatua da, epe luzera, aipatu irudien elementu berriak antolatu, eta iritzi eta sinesmen berriak eratzen dituelako.Beraz, norbanakoaren jakintza sisteman, ezagutzan, eragiten du; egoera eredu bat eskainiz. Hau guztia, ezaugarri batzuen bidez: metaketa, masa hedabideen ekoizpen errepikatuaren bidez, behin eta berriro gai berak jorratuz; kontsonantzia, informazioaren ezaugarri bertsuak desberdintasunak baino esanguratsuagoak eta sarriagoak izan ohi baitira; eta omnipresentzia, jakintza publikoaren ezaugarri berezia, publikoki jakina izatea berbera publikoki jakina dela.

             Hedabideek eguneroko gai ordena, garrantzia eta lehentasun hierarkia baten arabera eratzen dute, agenda moduko bat. Horrela, testuingurua ezartzen da, ikusentzulea ezaguera esparru baten barruan kokatzen duena . Telebistak, orokorrago, jakintza-maila baxuan (titularretara mugatzen dena), eragiten du batik bat. Prentsak, aldiz, maila altuago baten, informazioa landuago eta zehatzagoarekin.  

            Bestalde, hartzaileen jarrera pertsonalek beren agenda subjektiboa mediek aurkeztutakoan barneratzen dute. Hartzaileentzat gai batekiko hurbiltasun edo esperientzia zuzena nahikoa da garrantzitsu bihurtzeko. Hau ere kontuan izanik, hedabideek gai edo arazoak tematizatu egiten dituzte, hots, publikoaren arretaren egunean jarri, beste tematizatu gabeko gaien gainetik azpimarratu.

            Agenda mota desberdinak sortzen dira: pertsonala, norbanakoarena; pertsona-artekoa, besteekin eztabaidatzen dena; eta azkenik, iritzi publikoaren egoeraz gehiengoarentzat zer den garrantzitsuen- uste dugun agenda. Agenda eraikitzearen prozesua, elkarrekikotasun graduren bat duen prozesu kolektiboa da. Esan nahi da, prozesuko agente guztiek beren artean erlazioa dutela, eta denek batera egiten dutela posible agenda sortzea. Lehenengo, fokalizatu, zerbait garrantziagotu, azpimarratu; gero, enmarkatu, marko interpretatiboa ezarriz, testuingurua; ostean, sistema sinboliko batekin erlazionatu, iraupen etengabea emanez, sinbolikoki oroiterrazago izanez; eta azkenean, gaiak tinkotasuna lortuko badu, ziklo guztia berreraikiko duten bozeramaileak behar ditu.

 

 

 

Ion Telleria, Oihana Llorente, Iosu Martinez Urdaci, Jon Berezibar eta Ekaitz Goienetxea