1. Gerraren inguruan eman duzuen informazioa ugaria dela ondorioztatu dugu. Nondik (ze agentziatik) lortu duzue guri igorritako informazio guzti hori? Benetan objektiboa al da?
Gure albiste iturri nagusiak interneten eskuragarri dauden agentziak dira, Efe agentziaz gain. Horrez gainera, Euskal Herrian nahiz atzerrian argitaratzen diren hainbat egunkari zein aldizkari kontsultatzen ditugu, eta gure kolaboratzaileekin harremanetan gaude. Informazio osatua eta objektiboa ematen saiatzen gara, eta dauzkagun bitartekoak kontuan hartuta neurri handi batean behintzat lortzen dugula uste dut. Baina, jakina, gertaera gehienak zuzenean bizi izan ez ditugunez mugak ere baditugu.
2. Nabaritu al duzue agentzia horiek nolabaiteko filtro edo iragazkia izan dutela?
Agentzia
guztiek dituzte filtroak, nabariagoak edo ezkutuagoak izan. Ikuspuntuaz gain,
gaien aukeraketa bera ere irizpide batzuen arabera egiten baitute, eta tarte
zabalagoa eskaintzen baitiete esate baterako Estatu Batuei eta haiek sostengatu
duten Iparraldeko Aliantzari, erregimen talibanari edo Aliantzaren jarrera
hainbatetan salatu duten emakume talde edo erakunde politikoei
baino.
3. Eta zuen jarrera neutrala izan dela uste al duzue?
Guk ere irizpide batzuk finkatzen ditugu albisteak aukeratzerakoan, arlo jakin batzuk nabarmentzerakoan eta elkarrizketak aukeratzerakoan. Saiatzen gara era guztietako iritziei isla ematen, eta gatazka edo gerraren arlo nagusienak lantzen.
4. Idatzizkoaz gain, argazkiak erabiltzen dituzue informazio hori emateko. Nondik lortu dituzue argazki horiek?
Argazkiak Efe berri agentziaren bidez jasotzen ditugu, eta zenbaitetan gure kolaboratzaileek ere bidaltzen dizkigute.
5. Ze oztopo, arrisku edota zailtasunekin aurkitu zarete informazio hori hartu zein emateko orduan?
Oztopo nagusia albisteen berri zuzenean ez jasotzea da. Afganistandik urrun gaude, eta herrialde horrekin komunikatzea ez da erraza; are gutxiago gerra egoera batean. Beraz, alde batetik agentzien laguntza behar izan dugu gure lana egiteko eta bestetik elkarrizketak egiteko ere zailtasunak izan ditugu. Izan ere, onena Afganistanen bertan dauden erakunde edo buruzagiekin harremanetan jartzea izango baitzen, baina asko erbestean zeuden.
6. Egunkarian lan egiten duen norbait izan al da Afganistanen?
Ez, ez da inor izan bertan.
7. Alde handiak ikusi al dituzue hemengo hedabide ezberdinek zabalduriko informazioan? Eta Estatu Batuetakoan?
Oro har, Estatu Batuen aldeko eta erregimen talibanaren aurkako ikuspegia da nagusi komunikabideetan. Hala ere, batzuetan askoz ere nabarmenago ikus daiteke jarrera hori idazkerarengatik edo lantzen dituzten gaiengatik.
8. Zertan oinarritzen zarete gertakizuna albiste bilakatzeko?
Saiatzen gara gertaeraren sorburuaren, arrazoien eta ondorioen berri ematen eta hori argi dezakeen oro da guretzat albiste. Gerra edo gatazka guztietan, ordea, informazio kontraesankor iristen zaizkigu, eta hori ere eskaini beharrekoa da.
9. Zein irizpide jarraitzen dituzue berri baten garrantzia norainokoa den erabakitzeko?
Gatazkaren beraren sorburua, muina edo ondorioak argi ditzaketen aztertzen dugu, berritasunik baduen eta iturria fidagarria den, besteak beste.
10. Antraxa eta Afganistango biktimen inguruan emandako albisteak zenbatu eta Antraxari askoz ere garrantzi gehiago eman diezuela ondorioztatu dugu. Zer dela eta izan dira gehiago antraxaz emandako berriak Afganistango biktimen kopurua askoz ere handiagoa bada?
Biktimei
ez diegu antraxari baino garrantzia gutxiago ematen. Gertatzen dena da oso zaila
dela jakitea zenbat lagun kaltetu dituzten, zein eremutan, zein egoeratan. Gerra
bultzatu dutenei ez zaie interesatzen biktimei buruzko informaziorik ematea,
herritarrak kontra jar ditzaketelako. Ahal duguna egiten dugu Estatu Batuek
"zehar kalte" deitzen dituzten biktimen berri emateko.
11. Nola erreakzionatu zenuten irailaren 11ko albiste garrantzi hura jasotzean?
Lehen dorre bikiari eraso ziotenean izan genuen albistearen berri. Hasieran istripu bat izan zitekeela uste zen. Agentziei arreta jartzen hasi ginen eta telebista piztu genuen. Berehala etorri zen ondoko dorrearen aurkako erasoa eta gertakaria oso larria zela konturatu ginen.
12. Nola antolatu zenuten lana berria hartu eta ondorengo egunetan? Oraindik ere antolamendu bera jarraitzen duzue?
Estatu Batuek munduan duten nagusitasuna ikusirik, atentatuek zeresan handia emango zutela eta eragina izugarria izango zela argi zegoen. Estatu Batuetako kolaboratzaileak lanean jarri genituen zuzenean eman zezaten han gertatzen zenaren berri, gertaeren lekutik gertu bizi edo lan egiten zuten euskal herritarren lekukotzak jaso genituen, eta ahalik eta informazio osatuena ematen saiatu ginen. Ondorengo asteetan jarraipen zabala egin genion, informazioaren emaria gelditzen hasi zen arte. Gero Afganistanen aurkako erasoa etorri zen, eta berriz hasi ginen erritmo handiagoan lanean. Orain berriz, eraso militarrak ia eten dira, agintean zegoen erregimena kanporatuta behin-behineko aginte berria dago indarrean eta gatazka neurri handi batean eten da. Beraz, iristen zaizkigun berrien araberako segimendua egiten dugu
LUCIA
ZUGADI
UXUA
BARANDIARAN