Burkaren atzeko ahotsak

 

            Iparraldeko Aliantzak emakumeak gizarteratzearen alde emandako pausoak zenbait emakume bultzatu ditu burka kentzera. Hala ere, RAWA taldeak ez du emakumeen etorkizuna oso positiboa ikusten eta beldur da Aliantzak botere osoa eskuratzen badu gertatu daitekeenaz.  

 

 

            Azaroaren 13an, emakumeek Afganistango gizartean betetzen duten paperak bira bat eman zuen: Iparraldeko Aliantzak adierazi zuen emakumeak lan egitera bueltatu zitezkeela eta neska gazteak eskolara joan ahal izango zirela. Bi ekintza hauek erabat debekatuta egon ziren ordura arte Talibanen kontrolpean.

            Emakumeen liberazioaren aldeko urrats txiki honekin hainbat emakumek beste pauso bat ematea erabaki zuten, eta burutik hanketaraino estalita joanarazten dien tunika kentzen hasi dira, burka alegia. Talibanen erregimenak debekatu egiten zien burka gabe ibiltzea jendearen aurrean, eta jipoiekin zigortzen zituzten lege hau betetzen ez zutenak.

            Badirudi emakume afganistarrek beren eskubideak eskuratzeko momentua ikusi dutela orain Talibanak herrialdetik alde egin dutela, eta joan den Azaroaren 20an mila emakume inguruk parte hartu zuen Kabulen antolatutako manifestaldi batean. Bi orduz luzatu zen ekitaldia, eta gizarteratzeko eskubidea eta burka kentzeko nahia aldarrikatu zituzten.

                                                                Dena den, gizarte osoak ez du hain euforikoki bizi Talibanen erorketa. RAWA (Emakume Afganistarren Elkarte Iraultzailea) taldeak ez du etorkizuna oso era positiboan ikusten. Beraien mesfidantzarako arrazoiak, partaideetako batek adierazten duen moduan, honakoak dira: “Gaizkile talde bat joan da eta beste gaizkile talde bat etorri da, hori izan da aldaketa bakarra; Talibanak beste fundamentalismo mota batek ordezkatu ditu, Iparraldeko Aliantzaren aurpegiarekin”. Bere ustez oso erraza da azken asteetan ikusi diren irudiengatik eramaten uztea: emakumeak burka gabe, gizonezkoak bizarra kenduta, musika Kabulgo kaleetan, etab. “Irudi horiek oinarrizko eskubideak erakusten dituzte, dudarik gabe eduki behar ditugunak; baina gauzak gutxi aldatu dira”. Emakume gehienak izututa daude oraindik ez dakitelako zer gertatuko den Iparraldeko Aliantzak botere osoa eskuratzen badu.

 RAWA 1977an eratu zen Kabulen, Afganistan, bertan zegoen egoera politikoari erantzun gisa. 1979ko abenduan, Afganistaten egondako tropa sobietarren inbasioarekin, emakumeak era aktibo batean hasi ziren parte hartzen manifestaldietan. Gerrate armatua hasi zenean hauetako emakume asko erizain moduan aritu ziren gune gatazkatsuetan. Gerrate horren ondorioz afganistar askok herrialdetik alde egin behar izan zuten, eta RAWAk taldeko partaideak bidali zituen errefuxiatuen seme-alabak hezitzera.

            1992an egoera aldatu egin zen sobietarrek ezarritako presidentea garaitua izan zenean. Orduan RAWAren helburu nagusia fundamentalismoari aurre egitea izan zen. Heziketaren lanarekin jarraitu ahal izan zuten arren, era klandestinoan egin beharrean aurkitu ziren; gaur egun jarraitzen dute lan honekin, zenbatu ezineko arriskuen artean bada ere. Emakumeak hezitzeaz gain, beren eskubideen alde zergatik eta nola borrokatu behar duten azaltzen diete. Taldeak konfidantza du egunen batean Afganistango emakumeak RAWAk errepresentatuko dituela beren herrialdean, errepresalien beldurrik gabe, oztoporik gabe eta ezkutatu behar izan gabe.

 

 

 

                    Ainara Hernando,Itziar Urdapilleta