Al Jazeera, gatazkaren ikuspuntu berria

 

EEBBetan gertatutako atentatu eta Afganistanen aurkako erasoen  ondoren, Al Jazeera arabiar telebista  mundu zabalean ezaguna egin da, amerikar hedabideek orain arte zuten monopolioa hausteko gai izan den bakarra delako.

 

Al Jazeera telebista izugarri ezaguna egin da europar eta EEBBetako mass-media kate erraldoiek igorritako albisteak beste ikuspuntu batetik jorratzearren, atentatu eta Afganistanen kontrako ekintza militarren ostean.

Kate honen egoitza Duhan aurkitzen da, Qatarreko hiriburuan, hain zuzen. Hiri aspergarri hau arabiar munduaren gune mediatiko garrantzitsuena bihurtu da; hau bai kontraesan handia: Qatar herrialde arabiarren artean txikiena dugu.

Modernotasuna eta tradizioa elkar loturik dabiltza Al Jazeeran. Arabiar CNNak, gehienek izendatzen duten bezala, askatasun osoa dauka bere programazioa aukeratzerakoan, gainontzeko hedabide arabiarrak ez bezala. Hasteko, Qatarren ez dago inolako informazio ministeriorik, hau indargabetua izan baitzen, eta egoera hau nahitaez lagungarria da.

CNNk menperatzen zuen nazioarteko albisteen monopolioa hautsi egin du ekialde hurbileko kate libre honek. Satelitez emititzen du eta arabieraz izaten da programazio osoa. Kate honek gatazka hasi zenetik emandako esklusibengatik itzelezko ezinegona sortu du, bai herrialde arabiarren artean, bai Europa, EEBBak, eta oro har mundu osoko herrialdeetan ere bai.

Orain dela bost urte sortu zen eta 300 langile ditu bere kontu. Harrigarria da emakumezkoen presentzia, lantaldearen ia erdia osatzen baitute. Katearen programa nagusian, hau da, “La dirección opuesta” deritzon eztabaida programan makina bat emakumek dihardu, bai erredaktore gisa edota solaskide bezala.

       Bestalde, albiste zerbitzuen emisioak bikoiztu egin dira atentatuen ostean. Hala ere, arestian esan bezala, programa nagusiak eta ikusle gehien bereganatzen dituztenak eztabaidazkoak dira, beti zuzenean eta polemikaz gainezka.

Bere independentzia eta batez ere mundu islamiarrarekiko duen loturagatik, kate honek emandako berriek mundu arabiarraren mugak gainditu dituzte, bereziki, atentatuen ondoren eurak izan zirelako Osama Bin Ladenek emandako elkarrizketa kaleratzen lehenak.

Berau dugu Afganistanetik informazioa eman dezakeen kate bakarra, taliban erregimenak baimentzen duelako. Al Jazeerak helarazitako berriak zein iritziak ezinbestekoak bihurtu dira mundu zabaleko hedabide guztientzako.

Kate hau izan da EEBBek eta bere aliatuek ezarritako blokeo informatibo hori hausteko gai izan den bakarra; dagoeneko bertsio bakarreko globalizazioaren aurkako albiste eta iritzi iturri garrantzitsuena delarik.

Al Jazeera komunikabide arabiarren artean dagoen salbuespen bakarra dugu, hau ez baitago besteak ez bezala arabiar botere politiko eta erlijiosoen menpean. Arabiar munduarentzat kate hau ezusteko galanta izan da, bere askatasun eta albiste zerbitzuen kalitatearengatik. Bere ikuslegoa 35 milioikoa den arren, hainbat arabiar gobernu berau ixteko ahaleginetan dabil. Herri askotan bere egoitzak itxiak izan dira, Kuwait eta Jordania kasu. Beste batzuek, bitartean, salatu eta presionatu egiten dute telebista kate honen kalterako. Horrez gain, EEBBetako estatu idazkariak, Colin Powellek alegia, Qatarreko emirraren bitartez, exijitu egin du Osama Bin Ladeni buruzko albisterik ez eskaintzea eta aliatuen bertsioa soilik aintzat har dadila.

Kate honek arabiar munduarentzat tabuak izan diren gaiak jorratzen ditu, hala nola, emakumezkoen papera gizartean, ustelkeria politikoa, poligamia, edota demokrazia kontzeptuak. Are gehiago, inolako alderdikeriarik gabe elkarrizketatzen dute israeldar Simon Peres, Tony Blair, baita talibanen burua ere, edota Colin Powell.

Al Jazeerako kazetari gehienak BBCren arabiar albiste zerbitzuetan aritu dira. Bere informazio kalitatea ez da zalantzan jartzen eta bere korrespontsalek mundu osoko gertakizunei buruz berri ematen dute.

Kate hau Ipar Amerikan, Europan, Afrikako iparraldean eta Ekialde Hurbilean ikus daiteke. Gaur egun, telebista komertziala da, independentea, nahiz eta Qatarreko emirrak fundatu eta finantzatu hasiera batean.

Azkenik, aipatzekoa da telebista kate honek etekin izugarria ateratzen ari dela Bin Ladenekin, honen minutu bakoitzeko 3’6 milioi pezeta, hain zuzen. Are gehiago, hari buruz hitz egiterakoan ez dute terrorista bezala aurkezten, baizik eta “Al Qaeda” taldearen buru bezala.

 

 

Al Jazeera telebista:

http://www.aljazeera.net

 Arabiera-ingelesa on-line itzultzailea

http://tarjim.ajeeb.com/ajeeb/

 Al Jazeera telebistaren ingelesezko edizio ez ofiziala

http://www.wbur.org/special/specialcoverage/feature_aljaz.asp

 

                    Iratxe Arnedo, Mikel Carramiñana