Al Jazeera, informazioa etsaia bihurtzen denean

             

             Ezin jakin Irailak 11ren zein momentuan ekin  zioten EEBBtako buruzagiak etsaiak bilatzeari. Hedabideek ostera, CNNren gidaritzapean, berehala aurkitu zituzten arerioak. Osama Bin Laden eta bere “talde terrorista” Al Qaeda. Integrista islamiarrak ziren beraz sarraskiaren arduradunak. Inork ez zuen aurkitu zailtasun handirik bertsio hori sinesteko, izan ere, Hollywood-eko hainbat eta hainbat filmetan ikusitako etsaiak ziren. Fenomeno ikaragarria da, baina ordu gutxi batzutan, iturri ofizialen hitzik gabe, mass mediek helburuak finkaturik zituzten. Handik aurrera, espero zitekeen gatazkaren garapena ezaguna zen. Behintzat, batzuk bazituzten ideiak oso argi gertatu behar zenaren gainean.

           EEBB-ak aspalditik dakite zein nolako garrantzia dauka gerretan informazioaren jarioa erabat kontrolatzea. Golkoko gerra, horren adibiderik argiena da. Jaso ziren gerraren irudiak eta informazioak, CNN-k ekoiztutakoak ziren esklusiboki. Ordenagailuz egindako animazioak, bonbardaketak eragindako biktima zibilen informaziorik ez zabaltzea edo gezurrezko dramak sortzea Irakeko gobernuaren kontrako propaganda bezala, adibide batzuk besterik ez dira. Beraz, alde horretatik, bai EEBB-tako agintariak eta bai informazio ekoizle handiek (CNN, FOX, CBS edo NBC esate baterako) bazekiten egindakoak eginda, munduak ezagutu eta sinistu behar zuten mezu bakarra, berea izan behar zela. Dena dela, azken honetan, informazioaren kontrola konpartitu ez ezik, galdu egingo zuten.

           Orduan agertu zen txanponaren beste aldea erakutsi behar zuen eskua, EEBB-ko kontrolpetik kanpo zegoen ahotsa, edo hobeto esanda, Irla. Al Jazeera, 1996.eko Azaroaren 1ean hasi zuen bere ibilbide informatiboa, Qatar-eko emirerrian sortu zen eta bost urte hauetan zehar, independentzia mediatikoaren paradigma bihurtu da mundu arabiarrean. 300 langiletik gora dauka (gehienak BBC-ren langileak izandakoak) eta 30 idazkidetza ditu munduan zehar. Bere mikrofonoak korronte islamiar guztietara ireki dira, erradikalenak barne.

           Irailaren 19an, Talibanak kazetari guztiak Afganistanetik bota zituztenean, Al Jazeera, bertan geratu zen kate informatibo bakarra bihurtu zen. Esan daiteke, hemen hasten direla lehenengo kritika gogorrak EEBB-tatik Qatar-eko telebistaren kontra. Washington-eko gobernuak Al Jazeerari talibanen eta Bin Laden-en ikuspuntua bultzatzea leporatu zion. Mohamed Jassem Al Alí-k, hedabide salatuaren zuzendaria dena, bere neutraltasun informatiboa aldarrikatu zuen orduan, ikuspuntu guztien berri era berdinean ematen dutela azpimarratuz, baita EEBB-rena ere, non hiru erreportari dauzka.

           Qatar-eko emirra, Hamad ben Jalifa al Thanik aitortu zuen EEBB-ko gobernuaren presioa jaso zuela Al Jazeeraren gainean eragiteko, EEBB-ko posizioaren alde jokatu zezala. Colin Powell-ek bera izan zen eskaera hau emirrari plazaratu zioena. Noski, halako “eskaerak” garrantzia ikaragarria izan zezakeen, batez ere, George W.Bushek aireratutako hitzak bota ostean. Bushek lehenengo momentutik argi utzi nahi izan zuen munduko estatu guztiak “herrialde askeen eta demokratikoen” alde, hau da EEBB-en alde, agertu behar zirela, “gatazka honetan ez dago tarteko biderik, gure alde ez daudenak, gure kontra daude”.

           Terrorismoaren aurkako aliantza sortu zen eta azkenik, Urriaren 7an Estatu Batuak eta Britaina Handiko hegazkinak Afganistan bonbardatzeari ekin zioten. Gerra hasita zegoen jadanik, baina honekin batera piztu zena, “gerra informatiboa” izan zen. Al Jazeerak, zuzenean aurkeztu zituen lehenengo erasoen irudiak. Irudi bitxienak, diskurtsoekin batera etorri ziren. George W.Bush espero zitekeen diskurtso abertzalea zabaldu zion bai bere herriari eta bai mundu osoari. Etxe Zurian bonba bat jaurtitzea bezala izan zen Osama Bin Ladenen diskurtsoa ere mundura zabaltzeak. Al Jazeerari bidalitako bideo zinta batean Ben Laden-ek, EEBB-n kontrako salaketak eta argudioak ematen zituen. Jadanik, txanponaren bi aldeak bereiztuak ziren, baina biak aurpegi konkretuak izanda.

           Gerra aurrera joan ahala, gero eta zailagoa gertatzen zitzaien aliatuei informazioa kontrolatzea. Al Jazeerak bi aldeetako ikuspegiak ematen zituen, baina bakarra zen mundu mailan Estatu Batuen erasoak kritikatzen. Bonbak zibilen kontra jotzen zuten askotan, batzutan, giza erakundeen egoitzen kontra ere. Efektu kolateralak deritzona, agerian geratzen ziren Al Jazeerak satelitez munduratutako irudietan. Washington-eko gobernuak neurriak hartzeari ekin behar zion, okerrera zihoan egoera mediatikoa bere alde zuzentzeko.  Horrela, gobernu totalitarioen armarik gogokoena erabiltzen hasi ziren EEBB-etan, zentsura. Bush berak “eskatu” zien estatuko hedabideei Urriaren 10ean, Al Jazeerak emandako Al Qaeda-ren mezuak eta irudiak ez aireratzea. Onartu egin zuten neurri hori babes nazionalaren izenean. Bitartean, CNN-k eta AOL Time Warner gerraren irudien exklusibitate hitzarmena sinatzen zuen Qatar-eko telebistarekin.   

           Erasoak ez zuten etenik ikusi eta mundu osoa egunero informazio bila zebiltzan. Al Jazeerak inoiz baino ikusle gehiago eskuratzen zituen eta bere interneteko edizioaren (www.aljazeera.net) bisitariak biderkatu egiten ziren. Estatu Batuetatik ere zibergunea arakatzen zen masiboki informazio bila. Askok txalotzen zuten Al Jazeeraren izaera gatazkaren aurrean, atzera begira eta galderak  egiten zituzten batzuk: Ze nolako informazioa galdu genuen Golkoko gerran? Zergatik ez zizkiguten erakutsi Bagdad-eko hondamenak CNN-ren kamerak? Zergatik ez genituen entzun Sadam Husein-en hitzak eta argudioak?  Galdera batetan laburbilduz, errealitatearekin ze nolako egokitasuna zuen “saldu” ziguten guda?

           Estatu Batuak estrategia desberdinekin saiatu izan dira mundu islamiarrari zabaltzeko bere mezua. Colin Powell eta Donald Rumsfeld-ek Al Jazeeraren erreportariekin elkarrizketatu ziren. Geroago, Qatarreko telebistan espazioak erosten saiatu ziren, gerra propagandistikoa irabazteko asmoz, edo gutxienez, korronte anti-amerikarra geldiarazteko. Berarena terrorismoaren kontrako guda zela eta ez islamiar zibilizazioaren aurkakoa, argi utzi behar zuten. Baina errealitatean, ekialde hurbilean eta erdi ekialdean, arrakasta gutxi ezagutu zituzten kontra-propaganda hura. Agian Estatu Batuetako agintariak ez dituzte oinarrizko kontzeptu batzuk kontutan hartzen, izan ere, “terroristak” laguntzen dituzten herrialde horietako biztanleengana ailegatzen den propaganda bakarra, beldurrarena da. Somalia edo Irak-eko biztanleak, EEBB-en salbaziorik ez dute nahi. Badakite salbazio hori bere egoera latza, latzagoa bihurtuko duela. Baina gatazka honetan, informazioa kontrolatzeko guda honetan, munduko potentzia gorenak, bere betiko argudioak erabili izan zitu; ageriko argudio batzuk (giza eskubideen eta demokraziaren defentsa edo bakea)  eta benetako eta ezkutuko beste argudioak (aginte militarra, interes ekonomikoa eta inperialismoa).

             Iparreko Aliantzak pixkanaka aurrera zihoan EEBB bonbardaketari esker. Mugiezina zirudien frenteak mugitu ziren eta talibanek, lurralde batzuen kontrola galtzen zituzten bitartean, Kabulen informazio askatasunaren kontrako bonba jaurti zuten mendebaldeko aliatuek. Azaroaren  13an, gaueko 3,30ak zirelarik, Kabuleko Al Jazeeraren egoitzaren kontra jo zuten bonbak. Baita BBC kateak erabilitako eraikin bat eraso egin zuten gau horretan.  Mohamed Jassem Al Alí-ren esanetan, erasoa ez zen izan inolako istripurik; “ezin aurkitu beste arrazoirik Kabuleko zonalde hori erasotzeko, egoitza gunea baita” adierazi zuen Associated Press agentziarekin hitz egiten; “Bazekiten non zegoen gure bulegoa eta bazekiten zer geneukan berton, gainera ez genuen jaso inolako abisurik”.

           Brian Hoey koronela, Tampa-ko Aginte Zentroaren bozeramale batek, adierazi zuen bere hegazkinak eraikina bonbardatu zutela, baina segurtasun osoz zekitela bertan Al Qaeda-k jarduten zela. Ez zekiten Al Jazeerak bertan egoitzarik zuenik. Hauek izan ziren azalpen guztiak informazio independentziaren eraso zuzena aurrera eraman ondoren. Adierazten ez zutena honako hau zen; dudarik gabe, eraikin zibilak zirela erasotako biak eta nazioarteko guda konbentzio ia guztiak debekatzen dituztela helburu zibilen kontra egitea.

           Kazetaritza munduak harriduraz jaso zituen bonbardaketari buruzko albisteak. Baina harriduraz gain, beldurra ere zen nagusi informazioaren profesionalen artean. Izatez, edozein gudatan bi aldeetako informazioa ematea halako zigorra badakar indartsuenaren partetik, ezinezkoa bihurtuko da etikarekin lan egitea. Askok eskatu zuten Pentagonoa-ren azalpenak erasoagatik, azaldu zezatela ia jadanik kazetariak “zilegizko helburuak”  bihurtu ote diren. Baina egia esanda, ez zen izan hau hedabideen kontra emandako lehenengo atakea. NATO-k bera onartu zuen Kosovo-ko gudan Serbiako Telebista bonbardatzea, adieraziz estatu terrorismoa laguntzen zuela. Bestetik, Afganistango gatazkara itzulita, Kabul erasotzean talibanen irratia helburu bihurtu zen ere.

           Informazio Gerraren azken saiakera EEBB-en partetik, telebista baten proiektua izan zen. 500 milioi dolarreko inbertsioa suposatuko zuen hedabidea mundu islamiarrari zuzendua. Gorroto anti-amerikarra sentitzen duten gazte musulmandarrentzat sortuko litzateke katea. 26 hizkuntzetan aireratuko litzateke eta 48 herrialdetara heldu.

           Gatazka honetan Al Jazeera izan da dudarik gabe protagonistetako bat. Analisi objektibo batekin hartuta, ikuspegi guztiak ezagutarazten saiatu izan den telebista dela esan daiteke. Beste inork eman ezin izan dituzten irudiak eman ditu eta kazetaritza munduko parte handi baten miresmena lortu izan du.

 

                         Iratxe Arnedo, Mikel Carramińana