Isiltasunaren kiribila

                                                

              Zer da iritzi publikoa? Jendeak pentsatzen duena, hedabideek agertzen dutena, ala "gizartearen pentsamenduez" norberak egiten duen interpretazioa? Kontzeptu hau oso loturik dago hedabideek islatzen duten gizartearen irudiarekin.

 

            Iritzi publikoa betidanik existitu da, gizarte beraren funtzionamenduarako ezinbestekoa baita (gobernuen adostasuna bermatzeko...).

Gizabanakoon izaera soziala dela eta, iritzi publikoa kontrol sozial  gisa aurkezten zaigu. Indar eragile honek, presio etengabea helarazten du gizarteko kide bakoitzari, nahiz eta askotan gu ohartu ez.

Gizarte guztietan elkarbizitza adostasunean eman behar da; bai baloreekiko, bai gobernu erarekiko... Hau bermatzeko iritzi publiko adostua ezinbestekoa dugu. Baina iritzi publikoaren indarra ulertzeko adostasun horrekin bat ez datozenek zer pairatzen duten  aztertu behar dugu.

Gizartearekin bat ez datozenak, desbideratuak alegia, isolamendura bultzatuak dira, hauen  ideiak desitxuratuz edota kriminalizatuz. Hau  ulertuta, argi dago, gizabanako orok isolamendua ekiditzea dutela helburu, hau saiesteko edozein bide hartzen dutelarik, askotan ohartu barik ere.

Testuinguru honetan kokatzen da "Isiltasunaren kiribila"-ren  kontzeptua; Kontzeptu honek gizarteak eragiten duen presioa islatzen du. Bi iritzi kontrajarri alboan ipiniz gero, eta bataren  atxikimendu kopuruaren ustezko igoera emanez gero, bestearekin bat egiten duten kideak kontrako iritzira joaten dira edota beraien ideiak kanporatzeko prestatasuna galtzen dute; bigarren iritzi honen atxikimendu kopurua izugarri jeitsiz.

Laburbilduz;

a. Gizarteak isolamenduarekin mehatxatzen ditu desbideratutako gizabanakoak.

b. Gizabanakoek etengabe pairatzen dute isolamenduaren beldurra, ohartu barik ere.

c.  Isolamenduarekiko beldur honek, gizabanakoak iritzi publiko garailera txertatzera bultzatzen ditu.

d.  Epai hauen emaitzek jendeaurreko jokabidea baldintzatzen dute, iritziak plazaratzea edota isiltzea.  

 

 

        Jon Berezibar, Ekaitz Goienetxea, Oihana Llorente, Iosu Martinez, Ion Telleria