Etsaiaren albisteak ere albisteak dira

 

 

            Afganistanen aurkako bonbaketen hasiera iragarri zuen George Bushek telebistaz emandako hitzaldian, joan den urriaren 7an. Egun berean ordea Bin Ladenek grabatutako bideoaren zabalpenak estali egin zuen Bushen mezua. Gertaera honek ondo islatzen du krisi honetan informazioaren inguruan gertatzen ari den guda.

           

            Pasa den urriaren zazpian, estatubatuarrak Afganistan bonbardatu eta segituan etorri ziren erreakzioak. Guztien artean oihartzun gehienekoa Osama Bin Ladenek emandako diskurtsoa izan zen, Al Jazeera telebistak aireratu zuena. Azken hau, afganoa izan gabe Kabulen lan egitea posible duen telebista bakarra da.  

             Diskurtsoan, Bin Ladenek “gerrate santura” deitu zituen munduko musulman guztiak. Horretaz gain, Amerika ez dela bakean biziko adierazi zuen Palestinan bakea nagusitu arte. Bin Ladenen hitz hauek segituan zabaldu ziren mundu osoko komunikabideen bitartez, Estatu Batuak barne. Al Jazeera telebistak irabazi handiak izan ditu bideo honen kontura, 20.000 dolar (3,6 milioi pezeta) kobratu baititu diskurtsoaren minutu bakoitzeko.  

             Al Jazeerako erredakzio burua den Dima Jatibek dioenez, telebista kateak ez zuen Al Qaedarekin negoziatu bideoaren emisioa, baizik eta irudi hauek bideo zinta batean Kabulgo korrespontsalari entregatu zizkioten. “Bertan gauden bakarrak gara eta mezu hori zabaltzeko bitartekorik hoberena ginela pentsatuko zuten” aitortu zuen Jatibek.  

             Irudi hauen zabalkuntzak Estatu Batuetako buruen haserrea piztu zuen. Hauen ustez, bideo horren bitartez Bin Laden atentatu berriak burutzeko mezu ezkutuak bidaltzen egon zitekeen. Argumentu hau erabiliz George W. Bush presidentearen administrazioak eskatu zuen, Condoleezza Rice Ziurtasun Nazionalaren kontseilariaren bidez, Bin Ladenen irudiak eta elkarrizketak ez botatzea. Bost telebista kate estatubatuar garrantzitsuenek eskaria onartu zuten.

 

             Estatu Batuetatik kanpo ere gobernua saiatu da zentsura inposatzen. Esaterako, iparamerikar Estatuko Idazkari nagusia den Colin Powellek aitortu zuen Qatarreko emirra pertsonalki presionatu duela Al Jazeera zentsura dezan eskatuz. EEBBtan ez bezala, eskaera honek ez du eraginik izan eta Dima Jatibek azpimarratu du Al Jazeeran berdin lan egiten jarraitzen dutela.

 

             Europako herrialdeetan ere telebista kateak ez dira proposamen honekin bat etorri. BBC-k adibidez ez du bideoen zentsuraren aukeran pentsatu ere egin. Izan ere, Bin Ladenen diskurtsoaren kasuan, emisioa ordu batzuk beranduago gauzatu zen, baina ez zentsura politikoarengatik, baizik eta egile eskubidearen legearekin betetzeko.

 

             Espainiaren kasuan, CNN+ kateak, CNN iparamerikarrarekin akordio bat duen arren, ez du aholkurik jaso bideoen aurrean izan behar duen jarrerari buruz. Horrez gain, TVE-ko bozeramaileak esan duenez, kate publiko honek albiste den guztiaren berri ematen jarraituko du, nork zer esaten duen kontutan hartu gabe.

 

             Italian iritzi kontrajarriak agertu dira. Alde batetik, TG-4ko zuzendaria den Emilio Fedek, aipatutako bideoak ez aireratzea erabaki du. Bestalde, Antonio Di Bellak eta Clemente Mimúnek, TG-3ko eta TG-2ko zuzendariek, aurkako jarrera hartu dute. Hauen ustez, Al Jazeerako informazioa funtsezkoa da CNN-tik iristen den informazioa kontrastatu ahal izateko.

 

             Frantziako telebista publikoak ez du aldaketarik egingo bere informazio lerroan. Mezu guztien berri emango du, beti ere, kutsu terrorista izan dezaketen puntuak ekidinez. NOS kate holandarreko editoreak esan duenez “ezin dugu soilik bertsio iparamerikarra eskaini, etsaiaren albisteak ere albiste dira”.

 

 

Bin Ladenen hitzaldiaren bideoa eta testuaren transkripzioa:

http://news.bbc.co.uk/hi/english/world/south_asia/newsid_1585000/1585636.stm

 

Bush-en hitzaldiaren bideoa eta testuaren transkripzioa:

http://news.bbc.co.uk/hi/english/world/americas/newsid_1585000/1585153.stm

 

Al Jazeera telebista:

http://www.aljazeera.net

 

Arabiera-ingelesa on-line itzultzailea

http://tarjim.ajeeb.com/ajeeb/

 

 

 

 

 

                    Ainara Hernando, Itziar Urdapilleta