Irailaren 11tik azaroaren 15a bitarteko ETB 1eko berrien analisia

 

Azkeneko hilabeteotako gure lana, Euskal Telebistaren lehenengo kateko albistegia aztertzea izan da, horretarako eguerdiko albistegia egunero-egunero grabatu eta aztertu ditugu. Azterketa burutzeko, lehenik, hainbat gai zerrendatu ditugu, Afganistango gudari buruz kaleratutako berri oro zerrenda horretan sailkatuz. Berri bakoitza, desberdin puntuatu dugu, honako ezaugarriak kontuan harturik; titularra zuen edo ez, iraupena, zuzeneko konexioa zuen edo ez, deklarazioak zituen edo ez,...

            Aurrera eramandako lan plangintza honekin, ETB-k Afganistango gudaren inguruan zein trataera edota jarrera hartu duen ikusi dugu, hainbat datu esanguratsuengatik. Datu hauetatik beraz, zenbait ondorio atera ditugu.

            Banaka-banaka horiek guztiak azaltzen hasi aurretik, azpimarratu behar da, gure azterketa ETB 1 hedabidean oinarrituta izanik, eta hau telebista kate lokala izanik, nazioarteko gaiei garrantzia erlatibizatzen zaiela, bertan jasotako gertaera nahiz albisteei garrantzi handiagoa emanez, eta beraz, berri lokalak lehen planoan ezarriaz.

            Bestalde, honako hedabide lokalak, nazioarteko berriak jaso eta egituratzeko, beste iturri batzuen beharrean aurkitzen dira, esate baterako, informazio agentziak eta beste hedabide indartsuagoak, CNN adibidez.

            Azterketako ondorioetara bueltatuz, albiste kopuruari dagokionez, egun zehatzetan ikaragarri igo dela ikus ahal izan dugu. Esaterako, urriaren 29an eta azaroaren 13an tontor nabarmenak daude. Bi datu hauek esanguratsuak direla argi dago. Urriaren 29an eraso militarrak gertatu zirelako eta azaroaren 13an aldiz, Iparraldeko Aliantzak Kabul hartu eta burka eta bizarraren erabileraren inposaketari amaiera eman ziolako. Une honetan ere, Afganistango gobernu berria sortzeko lehen urratsak gauzatu ziren, etnia guztiak ordezkatuak izango zirela erabaki zutelarik.

            Beraz, bi tontor hauen zergatiak AEBn garaipenen bat dugu. Ez al da esanguratsua?

            Albiste kopuruaren adierazgarri dira, gure lokalitatean gertatzen diren eta albisteratzen diren berri oro. Hemengo hainbat gertaera nabarmentzen badira, nazioarteko albiste kopuruak behera jotzen du. Honen adibide bezala, azaroaren 5eko tragedia dugu, zazpi euskal mendizaleek bizia utzi baitzuten espedizio batean. Honenbestez, azaroaren 5eko nazioarteko gai kopurua oso urria da.

            Orokorrean gehien landu diren gaiak honakoak dira: Afganistan ardatz bezala dutenak albisteen %33,8 hartu dute (honen buruan guda erasoak, zehar kalteak bezalako albisteak daude), gudak kanpoan izan dituen erreakzioen albisteek %15,1 eta AEBn inguruan izandako adierazpenak %12,3.

            Hiru gai hauen nagusitzearen zergatia, gudaren puntu klabeak beraietan kokatzean datza. Izan ere, batetik, azterturiko epean Afganistanen kokatu da guda; baina era berean nazioarteko erreakzioek eta AEBk gudan duen protagonismoak albisteak baldintzatu dituztela ikus daiteke.

            Bestalde, bada datu adierazgarri bat ikerketatik ondoriozta daitekeena; Lupua eta Afganistango biktimak ditu oinarritzat. Bi gai hauen gainean emandako tratamendua oso desberdina izan da; batetik lupuari denbora gehiago eskaini zitzaion, nahiz eta arrazoi desberdinengatik bere garrantzia galduz joan denbora pasa zen heinean. Bestalde, Afganistango biktimen gaia ez zen hainbeste azpimarratu. Beraz, alde bietako biktimak parekatuta ez daudela ikus daiteke, batzuei garrantzi gehiago eman baitzaie.

            Honekin loturik, ezinbestekoa iruditzen zaigu Afganistango hildako zibilen kopurua aipatzea. Izan ere, 3500etik gorakoa izatea iritsi baita. Guda hasi eta orain artean, orokorrean, hildako kopurua igotzen joan da, baina tartean, badira egunak non bonbardaketengatik kopuru hori izugarri hazi den.

            Hau izango litzateke beraz, irailaren 11tik azaroaren 15a bitartean, ETB 1en emandako albistegien sintesia.       

 

 

Xabier Aizpurua, Ander Arzak, Eider Elduaien, Kristina Fernandez, Balba Merino, Itsaso Muñoz, Keltze Tristán