Tutoretza, ebaluazioa, zeharkako prestakuntza
Gure ikasleen errendimendua ahalik eta onena izan dadin, tutoretza-programa pertsonalizatua garatuko da Graduan; programa horren helburua da ikasleek hartu beharko dituzten erabakietan laguntzea, agertuko diren arazoak gainditzeko laguntza ematea, eta abar. Tutoretza-programa berri horrek ikasgai bakoitzeko ohiko tutoretzasaioak osatzen ditu, zeinetan ikasleek irakasleekin biltzen baitira ikasgaien ariketak, praktikak eta abar egitean sortzen diren zalantzak argitzeko.
Graduko ikasgai gehienak ebaluazio jarraituaren bidez egin ahal izango dira. Ebaluazio-sistema horrek inplikazio handiagoa eskatzen die ikasleei ikasten ari diren ikasgaietan, baita ikasleen errendimenduaren jarraipen zuzenagoa eta sakonagoa irakasleei ere. Ikasleak hobeto prestatzea da ebaluazio-sistema eta tutoretza-mekanismo berrien helburua, baina ezin dute, inolaz ere, kalitatezko prestakuntzaren funtsa ordezkatu: unibertsitateko ikasle orori eskatu behar zaizkion jakingura, iniziatiba eta lan pertsonala.
Graduko ikasgaiek eskaintzen duten prestakuntza espezifikoaz gain, badaude beste gai batzuk ikasgai guztietan zehar landu behar direnak, "zeharkako" gaiak alegia. Mota horretako gaien adibide ohikoenak honako hauek izan daitezke:
taldean lan egiteko gaitasuna
- problemak ebazteko ekimena
- helburuak planifikatzeko eta lortzeko ardura
- ideiak idatziz zein ahoz azaltzeko erraztasuna
- ingelesa (edo atzerriko beste hizkuntzak) menperatzea
- oso azkar aldatzen diren inguruneetan eboluzionatzeko eta ikasteko abilidadea
- eta abar
Gaitasun horietako asko ia ikasgai guztietan landu beharko dira. Esaterako, ahoz zein idatziz ideiak eta emaitzak azaltzea ikasgaien praktiken informeak sortzean edo emaitza horiek ikaskideei azaltzean landu beharko dira, baita ikasgaietako gai bereziak eztabaidatzeko antolatuko diren saio berezietan ere. Lankidetzan aritzeko eta sinergia sortzeko gaitasuna ere hainbat ikasgaitan landuko da, ikasleek taldeka aritu beharko baitute hainbat lan praktiko garatu ahal izateko. Gradu Amaierako Proiektuan, berriz, ekimena eta helburuak lortzeko ardura erakutsi beharko dira; eta abar.
Azkenik, hirugarren hizkuntza bat (ingelesa, frantsesa...) menderatzeko, ez dira hizkuntza horren eskolak proposatzen (hala ere, unibertsitateak hainbat hizkuntzetako ikastaroak eskaintzen ditu campusean). Gaur egun unibertsitatera datozen ikasleek hirugarren hizkuntza baten (batez ere ingelesaren) oinarrizko ezagutza dute. Hala, ikaslearen ardurapean uzten da ezagutza hori gehitu edo osatzea, gutxienez dokumentazio teknikoa erabili ahal izateko (ingelesezko dokumentazioa erabili beharko du ia ikasgai guztietan) eta, esaterako, gai teknikoei buruzko hitzaldi edo bideo bat ulertzeko eta galderak egin ahal izateko. Horrez gain, Erasmus programaren barruan Europako unibertsitateetan egiten diren egonaldiek akuilu gisa funtzionatu beharko dute hizkuntzen ezagutza zabaltzeko, eta bide praktiko bat eskaintzen dute ezagutza maila asko hobetzeko. Edonola ere, Gradua garatu ahala, eta eskaeraren arabera, aurreikusita dago ikasmaila oso bat (bigarrena) ingelesez ere eskaintzea.
Informatika Ingeniaritzako Gradua










